Zigorra Euskadiko Komunitate-Eremuan Betearazteko Zerbitzua

Ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuaren bidez espetxe-arloko eskumena bereganatu ondoren, Eusko Jaurlaritza —eta, zehazki, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justizia Zuzendaritza— da Euskal Autonomia Erkidegoan zigor eta neurri judizial penalak betearazteaz arduratzen dena. Eskumenaren transferentzia horrek espetxean bete behar diren zigor eta neurriak nahiz komunitatean bete behar direnak biltzen ditu.
Euskadin bizi den pertsona batek aginte judizialaren aginduz askatasuna kentzen ez duen zigor edo neurri penal bat bete behar duenean, komunitatearen onerako lana, askatasuna kentzen duen zigorraren etenaldia edo segurtasun-neurria izan, ZKBZ-k arduratuko da haren betearazpen- eta esku-hartze planen antolaketaz, kudeaketaz eta jarraipenaz, bai administrazio mailan bai tratamendu mailan, eta planen bilakaeraren berri emango dio organo judizial eskudunari.
Hiru lurraldeetan zegoen lehengo Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuari (ZKEZ) eta Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeei atxikitako Zigor eta Neurri Alternatiboak Kudeatzeko Zerbitzuei (ZNAKZ) hartu die erreleboa ZKBZ-k. Zerbitzu publiko bakar gisa eratzen da orain, hiru esku-hartze mailatan antolatuta:
- Zerbitzu zentralak: Justizia Zuzendaritzako funtzionario teknikoz osatutako talde batek esku-hartze estrategia, programak eta tratamendu-zereginak diseinatzen ditu, eta, halaber, lan-sistemak eta esku-hartze eta betearazpen planak antolatzen, gainbegiratzen eta dinamizatzen ditu betearazpen judizialak kudeatzeko, zigor penala betearazteko agindu publikoa beteko dela bermatuz. Era berean, gainerako esku-hartze mailei laguntza ematen die.
- Lurralde-zerbitzuak: lurralde bakoitzeko talde teknikoak, Epaitegiek eta Auzitegiek ezarritako neurrietan komunitate-eremuko laguntza psikosozialaz arduratzen direnak. Talde horiek dira pertsonekiko neurrien betearazpen- eta esku-hartze plan zehatzak diseinatu, kudeatu eta horien jarraipena egiten dutenak, eta, halaber, tratamendu-programa berariazko batzuk garatzen dituztenak. Eginkizun hori zerbitzuak emateko kontratu publiko baten bidez garatzen da.
- Lankide diren erakunde eta gizarte-arretako eta -harrerako baliabideen sare komunitarioa: erakunde publiko zein pribatu horiek gizarte-onurako jarduerak eta tratamendu-programak betearazteko leku zehatzak ematen dituzte, pertsonen behar espezifikoetara egokituta, eta neurri judizialen mende dauden pertsonak haien beraien komunitatean hartzeaz eta haiei laguntzeaz arduratzen dira.
Informa zaitez honi buruz
- Zer dira komunitate-eremuko zigor eta neurri judizial alternatiboak?
- Zigor eta neurri judizialen kudeaketa ZKBZ-n
- Aplikatu beharreko araudia
- Kokapena eta harremanetarako datuak
- Estatistikak eta memoriak
Zer dira komunitate-eremuko zigor eta neurri judizial alternatiboak?
Pertsona batek delitu bat egiten duenean, behar diren bermez gauzatutako prozesu judizial baten ondoren, epaileak zigor edo segurtasun-neurri bat ezar diezaioke. Behin ezarrita, zigor edo segurtasun-neurri hori bete egin behar da, eta organo judizial eskudunak espetxe-administrazioari ematen dio eginkizun hori. Era berean, kasu batzuetan, organo judizial eskudunak askatasuna kentzen duten zigorren betearazpena eten dezake, eta neurriaren azken helburua —birheztea eta gizarteratzea— bermatzeko hainbat baldintza eta betebehar finkatu. Baldintza eta betebehar horiek ere espetxe-administrazioak gainbegiratu behar ditu.
Espetxe-administrazioak, ZKBZ-ren bitartez, zerbitzu-eskumena gauzatzen du, eta komunitate-eremuko zigor eta neurri hauek betearazteaz arduratzen da:
- Zigor Kodearen 49. artikuluko komunitatearen onerako lanak (KOL): zigor nagusi gisa (ZK-aren 39.i art.), etenaldiaren baldintza gisa (ZK-aren 84.1.3. art.), 3 hilabetetik beherako askatasuna kentzen duten zigorren ordezko gisa (ZK-aren 71.2 art.) edo bigarren mailako zigor-erantzukizunaren ordezko gisa (ZK-aren 53.1 art.) ezar daitezke. KOL-ak interes publiko eta sozialeko ekintzak eta jarduerak garatzean datzake, edo, bestela, oso askotariko tratamendu-tailer eta -programa orokor edo berariazkoetan parte hartzean.
- Zigor Kodearen 80. artikuluko askatasuna kentzen duten zigorren etenaldiak, haien hainbat modalitatetan (ZK-aren 83.1.6., 7. eta 8. art.). Zigorraren etenaldiak normalean baldintza hauei lotuta egoten dira: kondenatua berariazko esku-hartze programetan parte hartzea, KOL-ak egitea edo beste jokabide-arau batzuk betetzea.
- Segurtasun-neurriak: zigor-erantzukizunetik osorik edo zati batean salbuetsitakotzat aitortutako pertsonentzako kondena gisa (ZK-aren 95. art. eta hurrengoak), espetxealdiaren ondoko zaintzapeko askatasun gisa (ZK-aren 106.2 art.) edo askatasuna kentzen duen zigorraren betearazpenean buru-nahasmendu larri bat gertatzen denean haren etete-ordezko gisa (ZK-aren 60. art.) aplika daitezke. Segurtasun-neurriak osasun- eta esku-hartze prozesu konplexuak dituzten pertsonei lotuta egoten dira normalean, eta esku hartzen duten profesionalen alde anitzeko koordinazio sarria eskatzen dute; emaitzak bikainak dira ematen den laguntza integralari esker.
ZKBZ-k ez ditu kudeatzen ez gainbegiratzen espetxe-zigorren betearazpenaren ondoriozko erdiaskatasun-erregimenak ez baldintzapeko askatasuna; horiek dagozkien espetxeei dagozkie.
Praktikan, horrek esan nahi du Zerbitzua arduratuko dela betetze-espediente administratiboa kudeatzeaz: neurri bakoitzaren betearazpen- edo esku-hartze plan bat diseinatuko du, betetzeko baliabide zehatzak emango ditu, dagokion jarraipena egingo du eta organo judizial eskudunei jakinaraziko die zer-nolako bilakaera duten eta zer gertakari izan diren.
Plana pertsonaren ezaugarri eta inguruabarretara, gaitasunetara, aukeretara eta interesetara egokituko da; antzemandako edota adierazitako tratamendu-beharretara; egindako delituaren etiologiara, beste arrazoi edo neurri judizial batzuekiko bateragarritasunera, aurrekari penaletara; neurriaren iraupenera; tratamendu- eta harrera-sare komunitarioaren beraren aukeretara; eta biktimari modu zuzenean edo zeharkakoan ordaina emateko beharrera eta aukerara.
Bete beharreko neurriek beti dute tratamendu-izaera, eta xede dute pertsona delitua egitera eraman duten gizarte- eta norbanako-arrazoiei aurre egitea, haren erantzukizun pertsonala bultzatzea, delitu-berrerortzearen prebentzio bereziari eta orokorrari ekitea, biktimak eta haien komunitatea artatu eta hari ordaina ematea, baita urratutako arauaren balioa berrezartzea ere.
Bere zereginean, ZKBZ-k printzipio hauen arabera jarduten du: legezkotasunarena eta zigor penala betearazteko agindu judiziala betetzearena; erantzun penala arrazionalizatzearena; Justizia Errestauratiboarena; biktimak, biktimarioak eta komunitatea biltzen dituen gizarte-birgaitze integralarena; pertsonen lan-plan indibidualizatu baten bidez pertsonengan ardaztutako esku-hartzearena; pertsonaren autonomiarekiko errespetuaren eta tratamenduan lankidetzan aritzeko konpromisoaren printzipioarena, esku-hartzearen aurretiazkotzat hartuta; gertutasunarena eta komunitatean bertan betetzearena; ematen den prestazioaren, neurriaren edo programaren eta konpondu nahi den ekintza ez-zilegiaren arteko lotura zuzen edo zeharkakoarena; erantzukizun publikoarena eta publiko-sozialeko kudeaketa partekatuarena; eta zerbitzu-kalitatearena, kualifikatutako teknikariek eta diziplina anitzeko taldeek bermatua.
Zigor eta neurri judizialen kudeaketa ZKBZ-n
Epaitegietatik betearazteko agindua jasotakoan, dagokion lurraldeko ZKBZ-ko esku-hartze eta kudeaketako langile teknikoekin elkarrizketa egiteko deitzen zaio interesdunari.
Hasieratik, zer neurriri lotuta dagoen, neurri hori zertan datzan, zer betebehar dituen eta ez betetzeagatiko ohartarazpenen berri emango zaio.
Agertzen ez bada edo geroago neurria betetzen ez badu, organo judizial eskudunari jakinaraziko zaio, eta hark desobedientzia edo hauste delitu berri batengatiko testigantza atera dezake.
Neurriaren esku-hartze edo betearazpen plana batera diseinatuko da, eta neurria betetzeko erabiliko dituen baliabideak —baliabide propioak edo esku-hartze eta harrerako lankide-erakundeen sarekoak— erraztuko zaizkio. Plana organo judizial eskudunak baimenduko du, hura berehala betearaztea eragotzi gabe.
Pertsona baliabide jakin bateko leku batera bideratuko da, gizarte-onurako zereginak edo tratamendu-programak eta -tailerrak —orokorrak nahiz berariazkoak— burutzeko.
Tratamendu-programak eta -tailerrak askotarikoak dira: sozio-hezitzaileak, mendekotasunenak, bide-segurtasunarenak, buru-osasunarenak, genero-indarkeriarenak, jokabide bortitzenak, sexu-hezkuntzarenak, prestakuntzazkoak, gizarte- eta lan-arloko gizarteratzearenak, psikoterapia, familia barneko indarkeriarenak, delitu ekonomikoenak, gizartearen aldeko balioenak, etab.
ZKBZ-k aldian-aldian erakunde horrekin batera egingo du esku-hartzearen aurrerapenaren eta zereginak edo programak betetzean gerta daitezkeen gertakarien jarraipena; interesdunarekin ere elkarrizketak izango ditu, eta dagozkion jarraipen-txostenak helaraziko dizkio organo judizial eskudunari.
Neurria amaitutakoan, organo judizialak agindutakoarekin bat etorriz, esku-hartzea itxiko da zerbitzuan, prozesua erabiltzaileari itzuliko zaio, eta neurriaren bilakaeraren amaierako txostena bidaliko zaio epaitegiari, zigor-erantzukizuna iraungitzeari buruz egokitzat jotzen dituen erabakiak har ditzan.
Aplikatu beharreko araudia
- Zigor Kodea
- Abenduaren 26ko 2131/2008 Errege Dekretua, uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretua aldatzen duena. Errege Dekretu horrek komunitatearen onerako lanak egiteko zigorra ezarri zaien pertsonen Gizarte Segurantzako babesa arautzen du.
- Ekainaren 17ko 840/2011 Errege Dekretua, komunitatearen onerako lana eta espetxe-zentroan kokapen iraunkorra egiteko zigorrak, segurtasun-neurri jakin batzuk eta askatasuna kentzen duten zigorren betearazpenaren etenaldia eta zigorren ordezkapena betearazteko inguruabarrak ezartzen dituena.
- Lege Organikoa 1/1979, irailaren 26koa, Espetxeei buruzko Lege Orokorra.
- Otsailaren 9ko 190/1996 Errege Dekretua, Espetxe Erregelamendua onartzen duena.
- Nazio Batuen gutxieneko arauak, askatasuna kentzen ez duten neurriei buruzkoak (Tokioko Arauak). Batzar Nagusiaren 45/110 Ebazpena, 1990eko abenduaren 14koa.
- Nazio Batuen Arauak, emakume presoen tratamenduari eta emakume delitugileentzako askatasuna kentzen ez duten neurriei buruzkoak, eta horien Iruzkinak (Bangkokeko Arauak). Batzar Nagusiaren 65/229 Ebazpena, 2011ko abenduaren 21ekoa.
Kokapena eta harremanetarako datuak
ZKBZ-ZERBITZU ZENTRALAK
- Eusko Jaurlaritzaren egoitza. Lakua I, -1. solairua, L gunea.
- Donostia-San Sebastián kalea, 1. 01010 - VITORIA-GASTEIZ
- Telefonoa: 945 011 383
- sepac.servicioscentrales@euskadi.eus
ZKBZ-LURRALDE-ZERBITZUAK
Araba:
- Gasteiz hiribidea, 22 bis, 1.a, 2-4 bul. 01008 – Vitoria-Gasteiz.
- Telefonoa: 945 004 894. sepac.araba@justizia.eus
Bizkaia:
- Ibañez de Bilbao kalea, 3, 6. solairua. 48001 – Bilbao.
- Telefonoa: 944 016 485 eta 944 016 486. sepac.bizkaia@justizia.eus
Barakaldo:
- Bide Onera plaza, z/g, solairuartea. 48901 – Barakaldo.
- Telefonoa: 944 001 029 eta 944 001 030. sepac.barakaldo@justizia.eus
Gipuzkoa:
- Kalkutako Teresa plaza, 1, beheko solairua. 20012 – Donostia-San Sebastián.
- Telefonoa: 943 000 769. sepac.gipuzkoa@justizia.eus
Estatistikak eta memoriak
- Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren memoria (2024) (PDF, 1,12 MB) : 2024ko ekitaldian egindako jarduerari buruzko memoria estatistikoa.
- Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren memoria (2023) (PDF, 2.73 MB) : 2023ko ekitaldian egindako jarduerari buruzko memoria estatistikoa.
- Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren memoria (2022) (PDF, 4.89 MB) : 2022ko ekitaldian egindako jarduerari buruzko memoria estatistikoa.
- Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren memoria (2021) (PDF, 1.97 MB) : 2021ko ekitaldian egindako jarduerari buruzko memoria estatistikoa.
- Zigorra Euskadiko komunitate-eremuan betearazteko zerbitzua (PDF, 1022.93 KB) : Zerbitzuaren aurkezpena.
Aurreko ekitaldietako memoriak ere kontsulta ditzakezu dokumentuen eta argitalpenen atalean.








