Euskara eta Justizia
Hizkuntza Normalizazioko lantaldea osatzen dugunon lana euskara epaitegietan normaltasunez erabil dadila bultzatzea da, eta gure helburu nagusia, herritarren eskubidea bermatzea, Justizia Administrazioak harrera eman diezaien haiek aukeratutako hizkuntza ofizialean.
Esteka nabarmenak
Edukien aurkibidea
Hizkuntza eskubideak
Justizia Administrazioan arau hauek dira nagusiki euskararen erabileraren oinarria: 1978ko Konstituzioa, EAEko Autonomia Estatutua, Euskararen Erabilera normalizatzen duen 10/1982 Legea eta Botere Judizialaren Lege Organikoa. Araudia horretatik abiatuta, EAEko Justizia Administrazioko hizkuntza normalizazioari buruzko 174/2010 Dekretua Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra (2023-2032) onartu ziren. Aipatutakoaz gainera, Espainiak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi zuen.
Informazio gehiago nahi izatekotan, kontsulta ezazu Legedia eta Euskara atala.
Hizkuntza Normalizazioko lantaldea
Hizkuntza Normalizazioko lantaldea diziplinarteko taldea da, arlo desberdinetan aritu eta jantzitako lagunek osatua, hala nola normalizazioan, dinamizazioan, prestakuntzan, itzulpenean, izapidetzeko ereduen kudeaketan eta informatikan.
Hizkuntza-prestakuntza: batetik, euskara ikastaroak antolatu eta ematen dira, hala aurrez aurrekoak nola online, euskararen ezagutza hedatzeko eta hobetzeko Justizia Adminstrazioaren zerbitzuko langileen artean; bestetik, lanpostuetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua bultzatzen da.
Dokumentuen normalizazioa: funtsezkoa da komunikazio idatzia Justizia Administrazioan, eta Hizkuntza Normalizazioko lantaldeak berebiziko garrantzia ematen dio izapidetzeko ereduen itzulpenari, haren bidez berma dadin herritarrek bi hizkuntza ofizialak erabili ahal izatea Justizia Administrazioarekiko harremanetan. Itzulpen lan horren emaitza da estandarizatuta utzi den corpus zabala, epaitegien arloan erabilitako testu, esaldi eta termino ugari biltzen duena. Lantaldeak aldizkako argitalpenak zabaltzen ditu corpus horren ezagutza eta erabilera gizartekotzeko. Errotulazioa ere jorratzen da, hizkuntza paisaiaren alderdi garrantzitsua baita. Era berean, euskara idatziaren erabilera hori errazteko, hainbat lanabes informatiko garatu da, hala dokumentazioa ele bietan izapidetzea eta jalgitzea ahalbidetzeko, nola epaitegietako izapidetzan erabilitako testuak berehala kontsultatu eta itzultzeko.
Dinamizazioa: Euskara bazterturik egon da, denboraren joanean, hainbat eremu formaletatik, besteak beste, Justizia Administraziotik. Horrek atzera eragin dio hiztunari, euskara erabiltzeko orduan, hizkuntza modu normalean erabiltzeko aukera hutsaren hurrengoa dela barnerarazten baitio. Hori dela eta, lantaldeak sentsibilizazio eta motibazio ekintzak egiten ditu, jarrera positiboak harrarazteko eta hizkuntza erabiltzera bultzatzeko, hala Justizia Administrazioko barruko pertsonalari zein egungo eta biharko profesionalei begira, nola herritar guztiei begira. Alderdi horretan, funtsezkoa da Auzia Euskaraz proiektua.
Pilula juridikoak
Aldiro-aldiro sortzen eta argitaratzen ditu “pilula juridiko” izeneko hizkuntza gomendioak normalizazio-lantaldeak. Haien bidez, zabaldu egin nahi dira euskaraz estandarizatutako termino eta esapide juridikoak, zuzen eta zehatz erabil daitezen bultzada emanez, eta arlo honetako testuetan sarrien gertatzen diren akatsak identifikatzeko eta zuzentzeko laguntza emanez.