Doako Justizia
Konstituzioak herritar guztiei garantizatzen die Justizia Auzitegietara jo ahal izateko irispidea, baita inolako baliabide ekonomikorik ez dutenei ere.
Beraz, doako justiziarako eskubidea dute eskaera egiteko unean Doako Laguntza Juridikoaren Legeak ezarritako diru-sarreren muga gainditzen ez dituzten pertsonek.
Eskatzailearen zirkunstantzia bereziak ere kontuan hartzen dira, baita bizitza-mailaren kanpoko adierazleak ere.
Abokatuen elkargo bakoitzak badu, ezinbestean, Orientazio Juridikoko Zerbitzu bat, aldez aurretik doako laguntza juridikoa eskatzen dutenei zerbitzu hori jaso ahal izateko bete beharreko baldintzen inguruan aholkularitza ematen diena, eskaerako inprimakiak betetzen lagunduz. Laguntza hori nori eman edo ez eman erabakitzea Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari dagokio.
Ondoren, zerbitzu hau Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek antolatu eta kudeatzen dute; haien elkargokideen artean ofiziozko txanda antolatzen dute.
Zerbitzu honen gestioa eta antolamendu operatiboa Abokatuen eta Prokuradoreen elkargoei dagokie, eta hori modurik eraginkorrenean aurrera eramateko Ofiziozko Txanda bat ezartzen da, bertako elkargokideen artean.
Jarraitu beharreko prozedura zehatz-mehatz ezagutu nahi baduzu, Doako Justizia eskatzeko modua urratsez urrats azaltzen duen atal bat duzu.
Informa zaitez honi buruz
- Zer da Orientazio Juridikoko Zerbitzua?
- Nork eska dezake doako laguntza juridikoa?
- Zer baldintza ekonomiko bete behar dira doako laguntza juridikoa eskatzeko?
- Doako laguntza juridikoaren onuradunek zein prestazio jasotzen dituzte?
- Non eskatzen da?
- Nork erabakitzen du doako justizia izateko aukera izango dudan edo ez?
- Kokapena eta harremanetarako datuak
Zer da Orientazio Juridikoko Zerbitzua?
Orientazio Juridikoko Zerbitzuak arreta eta informazioa eskaintzen die herritarrei doako laguntza juridikoa jasotzeko prozesuan, pertsona guztiek aukera izan dezaten prozedura judizialetan beren interesak defendatzeko, beharrezko zerbitzuak ordaintzeko baliabide ekonomikorik izan ez arren.
Abokatuen Elkargoek kudeatzen duten zerbitzu hau eta diru publikoaren bidez finantzatzen da. Horregatik, zerbitzua eskatzen dutenek baliabiderik ez dutela frogatu behar dute.
Nork eska dezake doako laguntza juridikoa?
- Espainolek, Europar Batasuneko kide diren estatuetako herritarrek (librekanbioko zona), eta Espainian legezko egoitza duten atzerritarrek, baldin eta auzitan jarduteko baliabiderik ez dutela egiaztatzen badute.
- Gizarte Segurantzako Zerbitzu Erkideek eta Erakunde Kudeatzaileek.
- Ondorengo pertsona juridikoek: onura publikoko erakundeek eta dagokien Administrazio Erregistroan inskribitutako fundazioek.
- Lan-arloko jurisdikzioan: Gizarte Segurantzaren onuradunek eta langileek.
- Zigor-arloko jurisdikzioan: auzitan jarduteko baliabiderik ez duten herritar guztiek, baita atzerritarrek ere Espainian legezko egoitza eduki ez arren.
- Administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan: nahiz eta Espainian legezko egoitzarik ez izan, auzitan jarduteko baliabide nahikorik ez duela egiaztatzen duten atzerritarrek, beren asilo-eskaeren eta Atzerritarrei buruzko Legearen gaineko prozesuetan.
Era berean, eta auzitan aritzeko baliabiderik daukan ala ez alde batera utzita, berehala aitortuko zaien doako laguntza juridikoa eskatzeko eskubidea dute genero-indarkeriaren, terrorismoaren eta gizakien salerosketaren biktimek biktima-izaerarekin lotura duten prozesuetan, baita adingabeak eta desgaitasun psikikoa dutenek ere, abusuen edo tratu txarren biktima direnean. Eskubide hori bera dute istripu baten ondoriozko sekuela iraunkorrak direla-eta haien ohiko lan- edo lanbide-zereginak egiteko gai ez direnek eta eguneroko funtsezko jarduerak egiteko beste pertsona batzuen laguntza behar dutenek, auziaren xedea jasandako kalte pertsonal eta moralengatiko kalte-ordaina erreklamatzea denean.
Beren eskubide edo interes propioak defendatzeko auzitan jarduten dutenek bakarrik izango dute doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea.
Zer baldintza ekonomiko bete behar dira doako laguntza juridikoa eskatzeko?
Familia-unitate (ezkontidea eta seme-alabak adingabeak) baten parte ez den eskatzailearen diru-sarrerak ezin dira Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoaren (IPREMaren) bikoitza baino gehiago izan eskaera egiten den unean. Hala ere, zifra hori IPREMa 2,5 bider izango da familia-unitateak lau kide baino gutxiago baditu eta IPREMAREN hirukoitza gutxienez lau kide baditu edo familia ugaria bada. IPREMa Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean ezartzen da urtero.
Hala ere, abiaraztear den prozedura judizialean elkarren aurkako familia-interesik izanez gero (ezkontide batek bestearen aurka aurkeztutako demanda, seme-alaba batek guraso baten aurka aurkeztutakoa eta abar), prozedura judiziala abiarazi nahi duenaren baliabide ekonomikoak bakarrik hartu ahal izango dira kontuan.
Gainera, auzitan jarduteko nahikoa baliabiderik ez duela ziurtatze aldera, aintzat hartuko dira benetako ahalmen ekonomikoaren adierazle diren ezaugarriak, eta doako laguntza juridikoa izateko eskubidea ukatu egingo da, baldin eta eskatzaileak deklaratutakoaren aurka, ezaugarri horiek garbi adierazten badute pertsona horrek Legeak ezarritako muga gainditzen duten baliabide ekonomikoak dituela (etxebizitza-mota, autoa, inbertsioak eta abar).
Ohiko bizilekuaren jabea izatea ez da, berez, eskubide hori baliatzeko oztopoa, betiere, etxebizitza hori luxuzkoa ez bada.
Doako laguntza juridikoaren onuradunek zein prestazio jasotzen dituzte?
- Prozesua hasi aurretik, aholkularitza eta orientazioa doan.
- Abokatu baten laguntza, baldin eta atxilotuta edo preso badago eta abokaturik izendatu ez badu.
- Abokatu eta prokuradore bana izendatuko zaizkio, judiziorako beharrezkoa bada.
- Aldizkari ofizialetan iragarkiak edo ediktuak argitaratu behar izanez gero, doan argitaratzeko aukera.
- Errekurtsoak jartzeko ordaindu beharrik eza.
- Adituen laguntza doan.
- Notariotzako kopiak, lekukotzak, tresnak eta aktak doan eskuratu ahal izango ditu, Notariotza Erregelamenduaren 130. artikuluan ezarritako baldintzetan.
- Eskritura publikoren bat egin behar badu, edo notariotzako kopiak eta lekukotzak behar izanez gero, epaileak eskatu dituelako edo bere asmoak frogatzeko behar dituelako, ordaindu beharreko tasa ofiziala % 80 murriztuko zaio.
- Jabetza eta Merkataritza Erregistroetatik orriak, ziurtagiriak, idatzoharrak, idazpenak eta inskripzioak behar izanez gero ere, tasak % 80 murriztuko zaizkio.
Azken bi kasu horietan, interesdunari ez zaio ezer kobratuko, lanbide arteko gutxieneko soldata baino diru-sarrera txikiagoak dituela frogatzen badu.
Non eskatzen da?
Bai doako laguntza juridikoa jasotzeko eskabideak eta bai aginduzko agiriak prozesu nagusiaz arduratuko den organo judiziala dagoen tokiko Abokatuen Elkargoko Orientazio Juridikoko Zerbitzuetan aurkeztuko dira, edo eskatzailearen helbideari dagokion auzitegian, behar bezala beteta. Azken kasu horretan, organo judizialak lurralde-aginpidea duen Orientazio Juridikoko Zerbitzuari igorriko dio eskabidea.
Adibidez, Burgosen dagoen lursail baten erreklamazioa egin nahi izanez gero, Burgoseko Abokatuen Elkargoan edo eskatzailearen helbideari dagokion Epaitegi Dekanoan egin behar da. Eskatzailea Getxon bizi bada, Getxoko Epaitegi Dekanoan egin behar du erreklamazioa, eta epaitegi horrek bidaliko du Burgoseko Abokatuen Elkargora.
Gure autonomia erkidegoan OJZren bulegoak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Justizia Jauregietan daude.
Nork erabakitzen du doako justizia izateko aukera izango dudan edo ez?
Orientazio Juridikoko Zerbitzuak txosten bat eta behin-behineko ebazpena igorriko dizkio dagokion Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari, hark berrets edo ezezta ditzan, eta administrazio-bidea batzorde horren ebazpenarekin amaituko da. EAEko hiriburu bakoitzean horrelako batzorde bat dago
Ebazpenarekin ados egon ezean, errekurtsoa aurkez daiteke, prozedura judiziala izapidetzen ari den Epaitegian edo, prozedura oraindik abiarazi ez bada, Epaitegi Dekanoan.
Kokapena eta harremanetarako datuak
Orientazio Juridikoko Zerbitzuak Bilbon, Donostian eta Gasteizeko justizia-jauregietan ditu bulegoak. Harremanetan jartzeko:
Donostia-San Sebastián
- Helbidea: Kalkutako Teresa Plaza, 1, Laugarren solairua | 20012 Donostia-San Sebastián, Gipuzkoa (mapan ikusi)
- Telefonoa: 943004356
- Faxa: 943000864
- Ordutegia: Astehelenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara
- E-posta: soj.gi@justizia.eus
Bilbo
- Helbidea: Barroeta Aldamar, 10, Beheko solairua | 48001 Bilbo, Bizkaia (mapan ikusi)
- Telefonoa: 944016712
- Faxa: 944234376
- Ordutegia: Astehelenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara
- E-posta: sojbizkaia@icasv-bilbao.com
Vitoria-Gasteiz
- Helbidea: Gasteiz hiribidea, 18, Laugarren solairua | 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba (mapan ikusi)
- Telefonoa: 945004896
- Ordutegia: Astehelenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara (txanda hartzeko)
- E-posta: justiciagratuita@icaalava.com