Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus

Biktimari Laguntzeko Zerbitzua

Zer da Biktimari Laguntzeko Zerbitzua

Delitu baten biktima izan direnek Biktimari Laguntzeko Zerbitzura jo dezakete. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren mende dagoen borondatezko eta doako zerbitzua da.

Zerbitzuaren helburua biktimei zigor-arloko sistemarekin duten harremanean laguntzea da eta edozein motatako delituen biktimei eskaintzen zaie arreta; batez ere, sexu-erasoen, etxeko indarkeriaren, larderiaz egindako lapurreten eta abarren biktima izan direnei.

Informa zaitez honi buruz

Biktimei

BLZk orientazioa emango die Zerbitzura jotzen duten edozein delituren biktimei, egitura judizialarekin eta, hala badagokio, sozialarekin duten harremanari dagokionez.

Oso garrantzitsua da biktimak laguntza eta informazioa jasotzea ikerketa-sare judizialean sartzen den lehen unetik.

Biktimei arreta eskaintzeko hurrengo jarduketak egiten dira: 

  • Salaketa jarri aurretik orientazioa ematea eta jarraipena egitea, prozesua amaitu arte.
  • Delituak sortu dion arazoari ahalik eta irtenbide egokiena aurkitzen laguntzea.
  • Biktimari informazioa ematea izapide prozesalei buruz, izapide horietan dagozkion eskubideei buruz, izan ditzakeen laguntza ekonomikoei eta gizarte-baliabideei buruz.
  • Beharrezkoa balitz, biktimari laguntza psikologiko eta soziala ematea.
  • Beharrezkoa izanez gero, osasun- edo gizarte-zerbitzu eskudun eta egokietara bideratzea.
  • Biktimari prozesu horietan guztietan laguntzea, eta, batez ere, prozesu judizialetan. 

Profesionalei

Sarritan, delituen biktimekin harremanetan egoten diren profesionalek lege, terapia eta laguntza aldetik eskura dauden baliabideak zeintzuk diren jakin behar izaten dute, biktimaren egoerari ahalik eta ongien erantzuteko. Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak profesionalei horretan laguntza eman diezaieke, kasu bakoitzean egiten den azterketak horretarako beste zerbitzu edo erakunde batzuetara bideratzea komeni dela eskatzen badu ere.

Epaitegiei eta Fiskaltzei

Biktimei Laguntzeko Zerbitzuaren jarduera nagusietako bat Epaitegi eta Fiskaltzentzako txosten sozialak egitea da, biktimen egoera sozialari, pertsonalari, familiako egoerari, egoera psikologikoari, ekonomikoari eta abarri buruzkoak. Jakina, horretarako beti biktimaren baimena behar da.

Lan horien helburua Justizia Administrazioa gizatiarrago egiten eta biktimaren beharrak asetzen laguntzea da. Horretarako, eragile juridikoekin batera lan egiten da, eragile horiek beharrezkoa den informazio guztia izan dezaten.

Gizarteari

Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak gizarte-arloan ere egiten du lan, herritarren segurtasun gabezia sentimenduaren hedapena murrizteko eta moteltzeko asmoarekin.

Honakoak ditu arlo honetako zereginak:

  • Delituen ondorioak jasanez gero, informazioa eskaintzea eta biktimizazioa saihesteko neurriak hartzea.
  • Alor honetan inplikaturiko erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, honakoen artekoa, hain zuzen: epaileak, fiskalak, polizia, gizarte-zerbitzuak, etab.
  • Herritarrek poliziaren eta Justizia Administrazioaren funtzionamenduari buruzko informazio gehiago izan dezaten lan egitea.

Horretarako, kartelak eta informazio-triptikoak banatzen ditu erakundeetan: polizia-etxe, abokatuen elkargo, epaitegi eta gizarte-zerbitzuen zentroetan, besteak beste; alor horietan lan egiten duten talde, erakunde eta herritarren elkarteekin bilerak egiten ditu, eta biktimizazioari buruzko iritzi-azterketak eta inkestak ere egiten ditu.

Delituzko egintza ematen denean, eragindako kalte fisiko, ekonomiko, psikiko eta sozialaz gain, biktimak talka emozional larria jasaten du, eta egoera hori areagotu egiten da sarritan, ezezaguna zaion barne-egitura juridiko-penalarekin topo egiten duenean.

Biktimak, gehienetan, ez ditu bere eskubideak ezagutzen, inork ez baitio egoera horri aurre egiteko beharrezkoa duen lege-informaziorik ematen.

Jarduketa horietan berehalako informaziorik eta laguntzarik ez izateak doktrinak "bigarren biktimizazioa" deitzen duena eragin ohi du, eta esperientzia hori, kasu askotan, delitu-jarduera bera baino kaltegarriagoa da, eta defentsa-gabezia sentimendua eragiten du.

Etxeko indarkeriaren biktimak babesteko Agindua arautzen duen uztailaren 31ko 27/2003 Legeak (leiho berri batean irekitzen da) babes-agindua sortu zuen, zeinaren bidez, behin eskatuta eta epaileak hala adostuta, ebazpen judizialean bertan gehitzen diren bai erasotzaileari ezarritako zigor-neurri kautelarrak (indarkeria-ekintza berriak egin ditzan eragozteko) bai babes-neurri sozial eta zibilak (etxeko indarkeriaren biktimak babesteko eta babesgabetasun-egoerari erantzuteko).

Autonomia-erkidego bakoitzean koordinazio-puntu bat zehaztu da, eta epaileak hari bidaltzen dio babes-agindua. Bertatik biktimak eskatzen dituen edo beharrezkotzat jotzen diren laguntzak eskaintzen dira, komunikazio-sistema telematiko baten bidez, guardiako epaitegitik koordinazio-puntura babes-agindua azkar bidaltzea ahalbidetzen duena.

Funtzio horren helburua da babes-aginduen koordinazio-zentro moduan jardutea EAEn, eta hori da Euskadiko emakumearen aurkako indarkeriaren koordinazio-zentroaren xede nagusia. Justizia Zuzendaritzaren parte da, eta zerbitzu telematikoaren bidez garatzen ditu bere jarduketak, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan babes-aginduaren jakinarazpena bermatzen duena, hori ebazten duen organo judizialetik zentroaren bulegoetara, Bilboko Justizia Jauregiko 8. solairuan (Barroeta Aldamar kalea 10).

2014ko martxoaren 31ko Aginduaren bidez (leiho berri batean irekitzen da), uneko Administrazio Publikoko eta Justiziako sailburuak Euskadiko emakumearen aurkako indarkeriaren koordinazio-zentroaren egitura eta funtzionamendua arautu zituen, honako funtzio hauekin:

  1. Genero-indarkeriarekin lotutako neurriak dituzten ebazpen judizialak jasotzea
  2. Genero-indarkeriaren biktimei BAZak eskainitako prestazioen berri ematea.
  3. Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Estatuaren Erregistro Zentralaren informazioa eskuratzea
  4. Taldekako bileretan parte hartzea eta erakundeekin harremanetan egotea: informazio-sistema bat eratzea, genero-indarkeria egoerei jarraipena egiteko.
  5. Justiziarekin elkarlanean aritzeko zerbitzuen datuak mantendu, argitaratu eta eguneratzea.
  6. Babes-aginduari dagokionez: 
    1. Gizarte-laguntza eta -babeserako neurriak koordinatzea.
    2. Biktimari eskuragarri dauden baliabide eta laguntza sozialean berri eman eta berauek eskaintzea.
    3. Biktimari une oro ematea egoera prozesalaren berri, baita kautela-neurrien irismenaren eta indarraldiaren berri ere.
  7. Estatistikak prestatzea.

Zurekin Batera Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren barruan funtzionatzen duen programa da, eta bere zeregin nagusia justizia-jauregira joaten den biktimari laguntza ematea da, zitazio judizial batekin, eta ahalik eta baldintza onenetan zitatzen den proba horretan parte hartzea erraztuz.

Egia bada ere konpainia egitearen ageriko zeregina proban laguntzea dela, hau da, egoitza judizialera fisikoki laguntzea, egia da, halaber, proba egin aurretik eta ondoren erabiltzailearekin egindako lan guztiari balioa eman behar zaiola. Lan horrek guztiak erraztu egiten du froga judiziala, eta biktimizazioa erreparatzen laguntzen du.

Programaren barruan garatzen diren zereginen artean honako hauek azpimarra genitzake: prozesu judizialaren barruan kanpoko eta barneko eragileekin egiten diren koordinazioak; programaren aktibazioaren prestaketan ager daitezkeen arlo sozial, psikologiko eta juridikoko aktibazio desberdinak; aktibazioaren itxierak emango lukeen laguntzaren ondorengo arreta.

Horiek guztiak, oro har, oso garrantzitsuak dira, erabiltzailearekiko loturaren sorreraren parte izango bailitzateke, eta horrek etorkizunean programaren aktibazioak ekar litzake prozedura judizialaren beste fase batzuetan edo prozedura desberdinetan. Horri esker, erabiltzaileak modu eraginkorragoan parte hartu ahal izango du bere prozesuan, bere gain hartuz eta bere biktimizazio-prozesuan ulertuz eta txertatuz.

Zurekin Batera programak laguntza emango die zitazio judiziala duten eta Zigor-arloko Epaitegi eta Auzitegietara, Adingabeen Epaitegietara, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Epaitegietara, Klinika Mediko Forentsera edo Talde Psikosozial Judizialera jo behar duten biktima mota guztiei, eta laguntza-zerbitzuak emango ditu egoera judizialetan, hala nola deklarazioetan, agerraldietan, ahozko bistetan eta abarretan.

Emakumeen aurkako indarkeria EAEn: Lan eta Justizia Sailaren Jarduera-plana 2019-2021 (leiho berri batean irekitzen da) (PDF, 1.66 MB)

2025ean, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimekin lotutako jarduketak egiten jarraitu da; horietako batzuk ez daude jasota plan honetan, eta berrikusteko eta eguneratzeko prozesuan dago. Besteak beste, jarduketa hauek:

  • Emakundek koordinatzen duen Erakundearteko III. Akordioaren babesean sortutako taldeetan aktiboki parte hartzea, bai eta biktimei arreta koordinatua emateko eta Emakundek bultzatzen duen biktimaren espediente pertsonala bateratzeko proiektuetan ere.
  • Espazioak egokitzea, bulego judizialetan biktimen ibilbideak hobetzeko eta haien segurtasuna bermatzeko
  • Biktimei laguntzeko programak, prozesuaren fase guztietan

Plangintza berria azterketa- eta balorazio-fasean dago, eta emakumeen aurkako indarkeriei buruzko 1/2025 Lege Organikoaren neurriak jasoko ditu.

Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientziaren arloko neurriei buruzko 1/2025 Lege Organikoak (leiho berri batean irekitzen da) Estatuko Justizia erreformatzen du, pertsona bakarreko epaitegiak auzialdiko auzitegi bihurtuz, auzi zibiletan eta merkataritzakoetan gatazkak konpontzeko metodo alternatiboak (GEBE) erabiltzera behartuz judizializatu aurretik, eta auziak murrizteko eta prozesuak arintzeko neurriak sartuz. Aldaketak sartzen ditu bulego judizialaren antolaketan, organo judizialen izendapenetan, langile guztien lanpostu-zerrendetan, egokitzapen teknologikoetan eta eraikin judizialen egungo konfigurazioan.

Lege Organikoa aplikatzeko lan guztiak genero-ikuspegia kontuan hartuta eta biktimen beharrei arreta berezia eskainiz egiten ari dira.

LO hori ezarri ondoren eguneratuko da Plana, egindakoa berrikusteko eta jarraipena eta proposamen berriak ezartzeko eremu bat aktibatzeko balioko digulako. Proposamen horiek hurrengo Plana egiteko balioko dute, eta ekintza zehatzak eta denboran testuinguruan jarritakoak programatuko dira, modu praktikoagoan, zorrotzagoan eta errealitate berrira egokituta.

Aurreko ekitaldietako memoriak ere kontsulta ditzakezu dokumentuen eta argitalpenen atalean.

Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon ditu bulegoak, justizia-jauregien alboan.

Harremanetan jartzeko:

Bilbo

Donostia-San Sebastián

Vitoria-Gasteiz

Barakaldo