Zinpekoen Epaimahaia
Zinpekoen Epaimahaia herritarrek Justizia Administrazioan parte hartzeko modu bat da. Zinpekoen Epaimahaia ez da Organo iraunkor bat, judizio bakoitzerako osatzen baita kasuan-kasuan, bederatzi epaimahaikorekin eta guztien mahaiburu den karrera judizialeko Majistratu batekin.
Justizia Administrazioak aukera ematen die herritarrei jakineko delitu batzuen epaiketetan parte hartzeko. Herritar guztien eskubidea da, bai eta lankidetza-betebeharra ere, Zinpekoen Epaimahaiari buruzko Lege Organikoko eskakizunak betetzeari dagokionez. Eskubide horren alde egiteko, Legean ezarri da Administrazioak zinpekogaiei ordaindu egin behar diela euren funtzioak egikaritzen dituzten bitartean.
Informa zaitez honi buruz
- Epaimahaiaren egitekoa
- Zinpekoen Epaimahaietan epaitzen diren delitu motak
- Epaimahai bateko kide izateko honako baldintza hauek bete behar dira:
- Zinpekogai ez izateko aitzakiak
- Zein da hautaketa-prozesua?
- Zinpekogai izan ez direnak
- Zinpekogai izateko bateraezintasunak
- Nork ezin du epaimahai batean parte hartu?
- Zinpekogai naiz. Zer gertatuko da epaiketara joaten ez banaiz?
Epaimahaiaren egitekoa
Epaimahaikoei dagokie Magistratu Lehendakariak judizioa egin ondoren beren erabakira jartzen dituen gertakariak frogatutzat edo ez frogatutzat erabakitzea. Eta beraz, beraiei dagokie akusatu bakoitzaren erruduntasuna edo errugabetasuna aldarrikatzea. Epaimahaiaren erabakiari berediktua esaten zaio. (Erruduntasuneko berediktu bat ezartzeko beharrezkoak izango dira epaimahaikoen bederatzi botoetatik zazpi, eta errugabetasuna erabakitzeko, berriz, bost beharko dira).
Epaimahaiak independentziaz, erantzukizunez eta legeari men eginez jokatuko du.
Zinpekoen Epaimahaietan epaitzen diren delitu motak
Zinpekoen Epaimahaiaren eskumenak ez ditu hartzen Zigor-arloan aurreikusitako delitu guztiak, ondorengoetara soilik mugatzen delarik:
- Giza hilketa
- Mehatxuak
- Sorotsi beharra ez betetzea
- Etxea bortxatzea
- Dokumentu-zaintzako desleialtasuna
- Funtzionario-eroskeria
- Influentzi trafikoa
- Ondasun publikoak bidegabe eralgitu
- Iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak
- Desleialtasuna presoen zaintzan
- Funtzionarioei debekatutako negoziazioak
Epaimahai bateko kide izateko honako baldintza hauek bete behar dira:
- Adin nagusikoa izatea, eta eskubide politikoak egikaritzeko ahalmen osoa izatea.
- Irakurtzen eta idazten jakitea..
- Izendapenaren garaian, epaituko den delitua egindako probintziako edozein udalerritako herritarra izatea.
- Zinpekoen epaimahaiaren zeregina betetzeko nahiko gaitasuna izatea. Desgaitasuna duten pertsonak ezingo dira zinpekoen epaimahaitik baztertuak izan arrazoi horrengatik, eta Justizia Administrazioak haiek behar dituzten laguntzak eman beharko dizkie, bai eta arrazoizko egokitzapenak egin ere, zeregin hori normaltasunez bete ahal izan dezaten.
Baldintzak Zinpekoen Epaimahaiari buruzko Lege Organikoko 8. artikuluak batzen ditu.
Zinpekogai ez izateko aitzakiak
- 65 urte baino gehiago dituztenak eta desgaitasuna duten pertsonak.
- Zinpekogai izendatu aurreko lau urteetan zinpekogai lanak egin izana.
- Arazo larriak edukitzea familia kargen ondorioz.
- Interes orokorreko lanak egitea, baldin eta ordezteak kalte larriak sortuko baditu.
- Atzerrian bizitzea.
- Jarduneko militar profesionala izan eta zerbitzuan izan beharra gertatzea.
- Zinpekogai izatea modu larrian eragozten duen beste edozein arrazoi, behar bezala argudiatu eta egiaztatuz gero.
Zinpekoen Epaimahaiari buruzko Lege Organikoaren 12. artikuluan ezarritakoa betetzen duten pertsonak desenkusatu ahal izango dira.
Zein da hautaketa-prozesua?
- Bi urtetik behin, epaimahairako hautagaien zerrenda berria egiten da indarrean dagoen hautesleen erroldarekin.
- Hautagaien zerrenda jendaurrean eduki ondoren, zozketa publikoa egiten da.
- Hautatua izan bazara, bete beharko duzun eginkizunari buruzko informazioa emango dizun jakinarazpena jasoko duzu.
- Inprimaki bat bete eta jaso ondorengo bost egunen barruan bidali beharko duzu.
- Hautatutako inork ezingo dio uko egin Zinpekoen Epaimahaian parte hartzeari, arrazoi justifikatuak aurkeztuta kanpoan gera daitekeen arren. Horretarako, erreklamazio-aldi bat egongo da.
- Gutxienez 20 hautagai aurkeztu behar dira epaimahairako, eta defentsak eta akusazioak nahi dituzten guztiak bazter ditzakete inolako arrazoirik aurkeztu gabe.
- 9 kide eta bi ordezko hautatuta eratuko da epaimahaia.
Zinpekogai izan ez direnak
- Dolozko delituagatik kondenatu eta errehabilitazioa lortu ez dutenek.
- Ahozko judizioa egiteko edo epea zehazteko zain dauden prozesatu edo akusatuak, edo atxilotuak, behin-behineko espetxeratuak edo delituagatik zigorra betetzen ari direnak.
- Prozedura penalaren ondorioz enplegu edo kargu publikorik gabe utzitakoak, eteteak irauten duen bitartean.
Zinpekogai izateko bateraezintasunak
Legearen arabera herritar batzuk ezin dira zinpekogai izan beren lan-jardunaren ondorioz. Hauek dira Legeak zehazten dituen bateraezintasunak:
- Errege-familia.
- Kargu hautetsiak, eta Gobernu zentraleko zein erkidegoetako gobernuetako kideak.
- Justizia Administrazioko hainbat organismoetako pertsonak. Espetxeetako funtzionarioak.
- Jarduneko letradun eta prokuradoreak. Unibertsitateetan arlo juridikoak edo auzitegi-medikuntza irakasten duten katedradunak edo irakasle titularrak.
- Jarduneko segurtasun indarretako eta kidegoetako kideak.
- Nazioarteko erakundeetako diplomazialari eta ordezkari iraunkorrak.
Nork ezin du epaimahai batean parte hartu?
- Judizioko alderdietako batekin, magistratu lehendakariarekin edo auziko abokatu edo prokuradoreekin ahaidetasun-harremanak dituztenek.
- Lekuko, aditu, fidatzaile edo interprete gisa parte hartu dutenek.
- Auzian interesa dutenek.