Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua

Zer da Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua?

Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren menpe dago, eta organo judizialei zein herritarrei auzitegietara eta epaitegietara iristen diren auziak konpontzeko osagarrizko erak eskaintzen dizkie. 2011tik Zerbitzuak zigor-arloan eta zibil-arloko etxe barruko jurisdikzioan egiten du lan - banaketa eta dibortzio auzietan, seme-alaba adingabeak dauden kasuetan-. Zerbitzua Euskadiko barruti judizial guztietan dago eta doan da.

Zigor-arloan, delitugileak eta biktimak euren borondatez gatazka konpontzen saia daitezke. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren menpeko Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzura jo dezakete.

JEZ auzien konponbide judizialaren ordezko era da, bideratzaile baten laguntzaz erasotzailearen eta biktimaren arteko elkarrizketa errazten du, eta helburua zigor-arloko prozeduraren  baitan akordioa erdiestea da. Zirkuluak eta hitzaldiak, komunitateak prozesu konponarazlean parte hartzeko tresna dira, era berean, akordioa eta erreparazioa erdiesteko tresna direlako.

Zibil-arloko etxe barruko jurisdikzioan, prozesu judizialean aurrez aurre dauden norbanakoei elkarrizketaren bitartez akordioa erdiesteko laguntza ematea du xede.

Informa zaitez honi buruz

Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak  gatazkaren konponketan aktiboki parte hartzeko aukera ematen die prozesu judizialaren parte diren aldeei, bai zigor- zein zibileko familiako arloan. JEZen lana prozedura judizialaren osagarria da eta prozedura judizialari lotuta dago.

Prozesu errestauratiboak prozesu judizialean inplikatutako norbanakoei protagonismoa ematen die, gatazka baretzen du eta alderdien arteko zuzeneko komunikazioa ahalbidetzen du.

Zigor-arloko Jurisdikzioan:

  • Biktimari: dagokion gatazka ebazteko eta eraldatzeko protagonismoa ematea, abiarazitako prozedura ulertzen laguntzea eta arau-hausleak eragindako kaltea konpontzea.
  • Arau-hausleari: eginikoaren eta biktimari eragindako kalte-galeren ardura hartzea, egindako kaltea konpontzea, eta zein prozesutan sartuta dagoen hobeto ulertzea.
  • Justizia Administrazioari: lan-zama arintzea eta, aldi berean, gatazka ebazteko prozesua aberastea, alderdien arteko komunikazioaren bidez eta zigor-prozedura formaletik at gelditzen diren alderdien ezaugarri subjektiboak baliatuta. Horrela, zigor hutsa aplikatu beharrean, sakontasun handiagoko irtenbide adostua lortzen da.
  • Komunitateari/gizarteari: elkarrizketan, parte hartzean eta adostutako akordioetan oinarritzen diren gatazkak konpontzeko tresnekiko irekiagoa izatea, desadostasunak konpontzeko baliabide bakegileen ezagutzaren eta irakaspenaren bitartez gizartearen baketzea bultzatuz.

Zibil-arloko Familiako Jurisdikzioan:

  • Prozesu judizialean parte hartzen duten norbanakoei: gatazkaren konponbidean engaiatu eta adostutako akordioen ardura ematen die, eta balizko etorkizuneko desadostasun egoeretan erabili ditzaketen elkar-ulermenerako tresnak erakusten dizkie.  Era horretara,  hitzarmenak ezartzerakoan sor daitezkeen gatazken prebentzio-neurriak ezartzen dira.
  • Justizia Administrazioari: lan-zama arintzea eta, aldi berean, gatazka ebazteko prozesua aberastea, alderdien arteko komunikazioaren bidez eta zigor-prozedura formaletik at gelditzen diren alderdien ezaugarri subjektiboak baliatuta. Horrela, zigor hutsa aplikatu beharrean, sakontasun handiagoko irtenbide adostua lortzen da.
  • Komunitateari/gizarteari: elkarrizketan, parte hartzean eta adostutako akordioetan oinarritzen diren gatazkak konpontzeko tresnekiko irekiagoa izatea; horrela,  desadostasunak konpontzeko baliabide bakegileen ezagutzaren eta irakaspenaren bitartez gizartearen baketzea bultzatzen da.

Parte-hartzaileen borondatea: prozesu errestauratiboak  biktimaren eta arau-hauslearen zein komunitatearen eta alde bien inguruneko ordezkarien parte hartze librea, borondatezkoa eta informatua ezartzen du. Beraz, parte-hartzaileek adostasun informatua eman beharko dute.

Dohainik izatea: prozesua doakoa izango da alderdientzat.

Konfidentzialtasuna: prozesu errestauratiboan lortzen den informazioaren konfidentzialtasuna bermatuko da. Epaileak ez du izango prozesuaren garapenaren berri, eta honakoak baino ez zaizkio jakinaraziko: amaierako ebazpena -konpontze-akta-, alderdien akordioak eta alderdi horiek ahozko bistan adierazi nahi dutena.

Ofizialtasuna: epaileari edo Justizia Administrazioaren letraduari dagokio, Ministerio Fiskalarekin aldez aurretik adostuta, dagokion ebazpenaren bidez kasuak Justizia Errestauratiboaren Zerbitzura bideratzea. Prozesu horrek ez du mugatzen Prozedura Zibilaren eta Kriminalaren Legeek eta Zigor Kodeak alderdiei onartzen dizkieten eskubide bakar bat ere. Defentsarako eskubidea erabat bermatuta dago.

Malgutasuna: prozesu errestauratiboa malgua da bai elkarrizketa indibidual zein baterakoen epeei bai prozesuaren amaiera-epeei dagokienez. Bestalde, zigor-arloan benetako erreparazioari lehentasuna emango zaio erreparazio sinbolikoaren aurrean, eta, edozein kasutan, alderdiek prozesua amaitzeko modu egokienari buruz dituzten irizpideak nagusituko dira.

Aldebikotasuna: bi alderdiek aukera izango dute hitz egiteko eta euren asmoa adierazteko, denbora-mugarik gabe. Biktimaz edo kaltegileaz besteko pertsonek esku har dezakete, gatazka-egoerari loturik badaude, simetria eta helburuak balioetsiz.

Hasiera

Prozesu errestauratiboa aktibatzeko, beharrezkoa da gatazka epaitegira iristea. Behin arazoa epaitegiaren eskumen edo ardurapean dagoenean, JEZera bidera dezake, bai ofizioz, bai alderdiek, bai JEZek berak eskau dutelako, Fiskaltzaren iritzia entzun ondoren.

JEZ telefonoz harremanetan jarriko da alderdiekin, lehen informazio elkarrizketa izateko eta, informatu ondoren, prozesu errestauratiboan parte hartzeko adostasuna eskatzeko.

Zirkulu edo hitzaldien bitartez parte hartu behar den auzietan ere, inplikatuen inguruko pertsonek eta komunitatearen ordezkariek hartuko dute parte.

Harrera fasea

Fase hau hasten da bi alderdiak prozedura hastearekin ados daudenean. Gatazkan dauden alderdiekin elkarrizketa indibiduala egiten da.

Bitartekotza-prozesuaren edukiaren eta izaeraren berri ematen zaie:

  • Parte hartzen duten alderdiak
  • Kalkulatzen den iraupena
  • Egiteko modua
  • Bitartekariaren arauak eta zereginak (neutraltasuna, inpartzialtasuna, konfidentzialtasunaeta objektibotasuna)
  • Prozedura judizialean izan ditzakeen ondorioak eta gorabeherak.

Elkarrizketa pertsonal horietan JEZek alderdiengandik ezagutuko ditu gertakarien pertzepzioa, bizi izandakoa, emozioak, beldurrak, jarrerak eta egon daitezkeen ondorioak, baita prozesuan sartzeko interesa, premia eta gaitasuna ere.

Bideratzaileak akusatuak justiziarekin duen egoera zehatza jakin behar du, bai eta lor ditzakeen onurak ere, eta horrez gain, delituarekiko eta horren ondorioekiko bere gain hartzen duen erantzukizun maila ere ezagutu behar ditu.

Biktimaren emozioak, jasandako kalteak, delitutik eratorritako ondorioak eta kaltea ordaintzeko premia eta interesa ezagutu beharko ditu.

Informazio horrekin, pertsona bideratzaileak balioetsiko du bidezkoa den ala ez elkarrizketen faseari ekitea, gatazka eta haren dimentsioa kontuan izanik, eta aintza hartu beharko du, halaber, prozesu errestauratiboa ez dela kaltegarria izan behar alderdientzat. Horrez gainera, bi alderdiek gatazkari konponbide bat emateko benetako interesa dutela ikusi behar da, elkarrizketan, errespetuan, egiaren onarpenean eta kaltea konpontzean oinarrituta.

JEZek, beharrezkotzat jotzen duenean, Justiziaren beste Laguntza Zerbitzu batzuk (Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua, Delituko Biktimari Laguntzeko Zerbitzua) baliatzeko aukeraren berri emango die alderdiei.  Era berean, eraginpeko pertsonaren baimenarekin, Zerbitzu horietatik prozesu errestauratiborako informazio baliagarria lortu ahal izango du.

Elkarrizketarako elkartzeko fasea

Fase hau bi alderdiekin batera elkarrizketa bat egitean datza, bi alderdiek hala nahi badute eta bideratzaileak egin daitekeela uste badu; izan ere, akordio bat lor daiteke biktimak eta arau-hausleak elkar ikusi gabe, zeharkako komunikazioko beste modu batzuk erabiliz. Fase honek saio bat edo gehiago iraun dezake, kasuaren konplexutasunaren, alderdien egoera emozionalaren edo biktima kopuruaren arabera. Tresna errestauratiboak aplikatzen dira tentsio-maila guztiak kontrolatuz, alderdiei hitz egiteko aukera ziurtatuz, iritziak argituz, eta horiek laburtuz eta itzuliz.

Zigor-arlotik eratorritako auzietan, baldin eta bideratzaileak egokia baderitzo, eta inplikatutako alde biek nahi badute, euren inguruko norbanakoak edo gizarteko bestelako norbanakoak (beste biktima batzuk, antzerako egoerak bizi izan dituzten pertsonak, interesatuta dauden bestelako agenteak, e.a.) gonbidatu daitezke prozesuan parte hartzera; horien lana izango da konponbidea elkarrizketaren bitartez garatzen laguntzea, Justizia Errestauratiboan erabiltzen diren Zirkulu eta Konferentzia teknikak erabiliz.

Akordio-fasea

Elkarrizketarako elkartu ondoren eta alderdiek beren iritzian eta interesean oinarritutako erabaki komun bat hartzen badute, dokumentu bat idatziko da eta bertan kaltea konpontzeko Akordioa zehaztuko da -Kaltea konpontzeko Plan- batekin; Akordio hori dagokion organo judizialari eta Ministerio Fiskalari jakinaraziko zaie.

Akordiorik gabe amaitzen bada ere, JEZek horren berri emango die Epaitegiari eta Fiskaltzari, hitz egindakoaren konfidentzialtasuna errespetatuz.

Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon ditu bulegoak, justizia-jauregien alboan. Harremanetan jartzeko:

Donostia-San Sebastián

Bilbo

Barakaldo

Vitoria-Gasteiz