Justiziaren antolaketa
Euskadiko Justizia Administrazioa osatzen duten hainbat organo daude: Bulego Judiziala eta Bulego Fiskala, Erregistro Zibilak eta Bake-epaitegiak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua, Lantalde Psikosozial Judizialak eta Gazte Justiziako Zerbitzua.
Horiekin batera, Justizia Administrazioarekin lankidetzan ari diren beste zerbitzu batzuk daude, biktimei edo arazo judizial jakinak dituzten pertsonei laguntzeko.
Aipatutakoaz gain, zentzu hertsian, Justizia Administrazioa jurisdikzio funtzioaz arduratzen da. Funtzio hori, epaitzean eta epaitutakoa betearaztean datzana, organo jurisdikzionalei dagokie. Euskadiko sistema judizialaren inguruan informazio gehiago nahi izatekotan, antolakuntza eta egitura judizialaren atala kontsulta dezakezu.
Informa zaitez honi buruz
- Bulego Judiziala
- Bulego Fiskala
- Erregistro Zibila
- Bake-epaitegiak
- Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua
- Epaitegiko Lantalde Psikosoziala
- Gazteen Justizia Zerbitzua
- Biktimari Laguntzeko Zerbitzua
- Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua
- Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua
- Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua
Bulego Judiziala
Bulego Judiziala hainbat organok osatzen dute, eta organo horien zereginak epaileen eta auzitegien jurisdikzio-jardueraren euskarri izatea eta laguntza esklusiboa ematea dira.
Organo horiek zuzeneko laguntza unitate prozesalak (ZULUP) eta zerbitzu erkide prozesalak dira.
Bulego judizialaren egungo antolaketa-ereduak hautsi egiten du epaitegien konfigurazio klasikoa, giza baliabideen eta baliabide materialen antolaketa eraginkorragoa eta arrazionalagoa bultzatzeko.
Sar zaitez Bulego Judizialaren atalera, eta han aurkituko duzu eraldaketa horri buruzko informazio guztia, lana taldetan banatzea, zereginak normalizatzea eta langileak espezializatzea ahalbidetuko duena.
Bulego Fiskala
Bulego Fiskala Ministerio Fiskalaren jardueraren euskarri eta lagungarri den izaera instrumentaleko erakundea da.
Bulego Judizialarekin gertatu den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoak Bulego Fiskalaren antolaketa-egitura berria martxan jartzeko oinarriak ezarri ditu. Helburua da zerbitzu eraginkorragoa eta efizienteagoa eskaintzea, Ministerio Fiskalaren funtzionamendua arautzen duten espezializazioaren eta lurralde-ezarpenaren printzipioei erantzuteko gai izango dena.
Bulego Fiskalaren atalean bulego fiskal berri horren gakoak aurkituko dituzu.
Erregistro Zibila
Erregistro Zibila erregistro publikoa da. Bertan inskribatzen dira pertsonen egoera zibilari buruzko gertaera guztiak (jaiotza, izen-abizenak, ezkontzak, seme-alabak, dibortzioak, heriotza...).
Euskadiko Erregistro Zibiletan egin ditzakezun izapide guztiei eta ematen dituzten zerbitzuei buruz informatu zaitez.
Bake-epaitegiak
Bake-epaitegia, Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegirik ez duten udalerri guztietan dagoen Justizia Administrazioaren organoa da.
Erregistro Zibilari buruzko edozein gai bake-epaitegietan artatzen da, epaitegia dagoen udalerrian erroldatuta dauden pertsonentzat. Zibil-arloko eta zigor-arloko jurisdikzioei buruzko zenbait eskumen ere badituzte.
Informazio guztia Bake-epaitegien atalean duzu.
Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua
Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua (AMEI) Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi, auzitegi eta fiskaltzei laguntza ematen dien organoa da. 2002ko urtarrilean hasi zen lanean, eta mediku eta auzitegiko adituen txostenak egitea du helburu.
Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren atalean zer zerbitzu eta funtzio dituen eta non dagoen jakin dezakezu.
Epaitegiko Lantalde Psikosoziala
Epaitegiko Lantalde Psikosoziala Justizia Administrazioaren organo tekniko laguntzailea da, psikologoek, gizarte-laguntzaileek, hezitzaileek eta administrariek osatutakoa. Epaitegi, auzitegi eta fiskaltzei laguntzea eta aholkularitza teknikoa ematea da bere egitekoa, bereziki familia-arloko eta adingabeen zigor-arloko jurisdikzioetan.
Lantalde Psikosozial Judizialaren atalean azalduta datoz eginkizunak eta nola lagun dezakeen prozedura judizialean.
Gazteen Justizia Zerbitzua
Adingabeen Justiziaren Administrazioaren helburua legea hausteagatik salatutako adingabeak birgizarteratzea da.
Adingabeen epaitegiak erantzule penaltzat jotzen dituen hamalau eta hamazortzi bitarteko adingabeei zenbait neurri aplikatu ahal zaizkie. Neurri horiek ezartzeko orduan egilearen erruduntasuna (zigorra) arriskugarritasun-irizpideak eta banakako prebentzio-beharra (segurtasun neurria) hartuko dira kontutan.
Eusko Jaurlaritzak 1996an adingabe arau-hausleak gizarteratzeko eskumena hartu zuen bere gain. Horri lotuta, Gazte Justizia Zerbitzuaren atalean, Eusko Jaurlaritzak adingabeen eremuan eskaintzen dituen erantzunak kontsulta ditzakezu eta ikusi adin nagusien justizian hartzen diren erantzunekiko desberdinak direla.
Biktimari Laguntzeko Zerbitzua
Delitu baten biktima izan direnek Biktimari Laguntzeko Zerbitzura jo dezakete; zerbitzu hori borondatezkoa eta doakoa da.
Zerbitzuaren helburua biktimei zigor-sistemarekin duten harremanean laguntzea da, "Zigor-arloko prozesuan biktimaren estatutua" delakoa betetzen dela egiaztatuz.
Zerbitzuak eskaintzen duena jakiteko, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren (BLZ) atalera jo.
Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua
Pertsona batek delitu bat egiten badu, epaileak zigor edo segurtasun-neurri bat ezarriko dio. Behin ezarrita, zigor edo segurtasun-neurri hori betearazi egin behar da, eta organo judizialak hori betetzen dela ziurtatu behar du, askatasungabetzailea den ala ez kontuan hartu gabe.
Zigorrak Kudeatzeko Zerbitzua zigorra edo segurtasun-neurria betearazteaz arduratzen da; zigorra eteteaz, gizartearentzako lan-zigorra ezartzeaz edo segurtasun-neurri bat ezartzeaz.
Ezarritako zigorra askatasungabetzailea bada, espetxeratzeko dauden legezko aukerak aztertuko dira, erantzukizun penala bete ahal izateko.
Berreziketa- eta birgizarteratze-lanari buruzko informazioa Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren (ZKEZ) atalean jaso dezakezu.
Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua
Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak organo judizialei zein herritarrei auzitegietara eta epaitegietara iristen diren auziak konpontzeko osagarrizko erak eskaintzen dizkie.
Zerbitzuak zigor-arloan eta zibil-arloko etxe barruko jurisdikzioan egiten du lan - banaketa eta dibortzio auzietan, seme-alaba adingabeak dauden kasuetan-. Zerbitzua Euskadiko barruti judizial guztietan dago eta doan da.
Justizia Errestauratibo prozesuei buruzko informazioa Justizia Errestauratibo Zerbitzuaren atalean aurkituko duzu.
Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua
Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua publikoa da eta doan da, eta familien gainzorpetzeari dagokion arloan finantza erakundeekin bitartekari lana egiteko prest dauden profesional adituz osatuta dago.
Helburua zorra ahalik eta baldintzarik onenetan kitatu ahal izateko bitartekari lana egitea da.
Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzuaren atalean zerbitzu horrek zer eskaintzen dizun eta nork bitartekaritza nork eska dezakeen jakin dezakezu.