Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus

Legedia eta euskara

Legedia eta euskara

Justizia Administrazioan euskara erabiltzeko esparrua, oinarrian, 1978ko Konstituzioak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak eta Botere Judizialaren Lege Organikoak definitzen dute. Araudia horretatik abiatuta, EAEko Justizia Administrazioko hizkuntza normalizazioari buruzko 174/2010 Dekretua Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra (2023-2032) onartu ziren. Aipatutakoaz gainera, Espainiak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi zuen.

Edukien aurkibidea

1978ko Konstituziotik (leiho berri batean irekitzen da) dator legegintza-erreferentzia garrantzitsuenetako bat, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskubideak bermatzeko oinarriak ezartzen dituen aldetik.

Espainiako Konstituzioa onartzeak aldaketa nabarmena ekarri zuen aurreko egoerarekin alderatuta, Espainiako Estatuko hizkuntzen trataera juridikoari dagokionez.

Espainiako Konstituzioak  honako hau ezartzen du 3. artikuluan:

  1. Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainiar guztiek dute gaztelania jakiteko eginbeharra eta erabiltzeko eskubidea.
  2. Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz.
  3. Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du.

Konstituzioan ezarritakoa garatuz, Euskal Autonomia Erkidegoak gaztelaniaren eta euskararen koofizialtasuna ezarri zuen. Autonomia Estatutuaren (leiho berri batean irekitzen da) (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren) 6. artikuluak honako hau ezartzen du:

  1. Euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

  2. Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek, Euskal Herriko aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuta, bi hizkuntzen erabilera bermatuko dute, haien ofizialtasuna arautuz, eta hizkuntza horien ezagutza ziurtatzeko behar diren neurriak eta bitartekoak ezarri eta arautuko dituzte.

  3. Inor ezin izango da hizkuntza dela-eta diskriminatu.

Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 (leiho berri batean irekitzen da) oinarrizko Legeak Autonomia Estatutuaren 6. artikuluan xedatutakoa garatzen du eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautzea du helburu.

2., 3. eta 4. artikuluetan honako hau dio:

  • 2. artikulua. Euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa.
  • 3. artikulua. Euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan.
  • 4. artikulua. Herri-aginteek Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza dela-eta inor diskriminatu ez dadin zainduko dute eta neurri egokiak hartuko dituzte.

5. artikuluan aitortzen du Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek eskubidea dutela hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko, bai ahoz bai idatziz, Administrazioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz edo gaztelaniaz ahoz eta/edo idatziz izateko eskubidea barne.

Botere publikoek eskubide horien erabilera bermatuko dute Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, eraginkorrak eta errealak izan daitezen.

Euskararen erabilera hainbat esparrutan arautzen jarraitzen du: Administrazioan, irakaskuntzan, gizarte-komunikabideetan, besteak beste.

Administrazio Publikoari dagozkion artikuluak 6. eta 14. artikuluen artean jasotakoak dira.

Botere Judizialaren Lege Organikoak (leiho berri batean irekitzen da), halaber, artikulu bat ematen dio jardun judizialen hizkuntza-ofizialtasunaren araubidea zehazteari.

Lege Organikoak, 19/2003 Lege Organikoak aldatu ez zuen 231.  artikuluan, honako hau ezartzen du:

  1. Jardun judizial guztietan, epaileek, magistratuek, fiskalek, Justizia Administrazioko abokatuek eta epaitegi eta auzitegietako gainerako funtzionarioek gaztelania erabiliko dute hura baita, Estatuko hizkuntza ofiziala.
  2. Epaile, magistratu, fiskal, justizia-administrazioko letradu eta epaitegi eta auzitegietako gainerako funtzionarioek ere erabili ahal izango dute autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala, baldin eta alderdietako bat ere ez bada aurka agertzen, hizkuntzaren ezagutza eza alegatuz, eta defentsa-gabezia eragin badezake.

  3. Alderdiek, horien ordezkariek eta horiek zuzentzen dituztenek, bai eta lekuko eta adituek ere, jardun judiziala zein autonomia-erkidegotan izan eta autonomia-erkidego horretan ofiziala den hizkuntza erabili ahal izango dute, ahozko zein idatzizko adierazpenetan.

  4. Autonomia-erkidego bateko hizkuntza ofizialean egindako jarduketa judizialek eta aurkeztutako agiriek balio eta eraginkortasun osoa izango dute, gaztelaniara itzuli beharrik gabe. Ofizioz itzuliko dira autonomia-erkidegoan kokatutako organo judizialen jurisdikziotik kanpo ondorioak izan behar dituztenean, hizkuntza ofizial bera duten autonomia-erkidegoen kasuan izan ezik. Era berean, itzulpena egingo da legeek hala xedatzen dutenean edo defentsa-gabezia alegatzen duen alderdiak hala eskatzen duenean.

  5. Ahozko edo zeinu-mintzairaren bidezko jarduketetan, aplikagarri den lege prozesalean xedatutakoaren arabera gaituko da interprete gisa.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 341. artikuluak xedatzen du, bestalde, hizkuntza propio ofiziala jakitea merezimendutzat hartuko dela hizkuntza propio ofiziala duten autonomia-erkidegoetako jurisdikzio-organoetan karrera judizialeko kideentzat gordetako lanpostuak betetzeko.

Justizia-auzitegi nagusietako eta probintzia-auzitegietako presidente-postuak betetzeko, zuzenbide zibil berezia edo forala edo hizkuntza propio ofiziala duten autonomia-erkidegoetan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak merezimendutzat hartuko du eskubide zibil berezi edo foru-eskubide horietan espezializazioa izatea eta erkidegoko hizkuntza propioa jakitea.
Erregelamendu bidez zehaztuko da zein irizpiderekin baloratuko diren autonomia-erkidegoko hizkuntzaren eta zuzenbide zibil berezi edo foralaren ezagutza, lurralde horretako jurisdikzio-organoetarako lehiaketetan lehentasunezko merezimendu gisa.

2001ean, Espainiako Gobernuak berretsi egin zuen Europako Kontseiluak 1992ko azaroaren 5ean Estrasburgon onartutako Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (PDF, 209 KB) (leiho berri batean irekitzen da), aurretik 22 estatuk berretsia.

Kultur ondare izan arren arriskuan dauden hizkuntza gutxituak babesteko egiten da Gutuna (Gutunaren zioen azalpenean adierazten denez), eta bertan adierazten da Estatu kontratugile bakoitzak zehaztu behar duela, gutuna berresterakoan, zein hizkuntzaren erantzule egiten den (3.1 artikulua). Espainiak adierazi zuen Espainiako Estatuko Autonomia Estatutuetan aitortutako hizkuntza guztiak (ofizialak zein ofizialak ez izan arren babesa merezi dutenak) merezi dutela Gutunak ematen duen babesa. 

Gutuna berretsi ondoren, zuzeneko araua da Espainiako ordenamendu juridikoan, eta ez du arau-garapenik behar hura aplikatzeko.

Gutunak jasotzen duen bezala, estatu sinatzaileek txostenak egin beharko dituzte gutuna zintzoki aplikatzeko hartutako neurriei buruz. Txosten horiek Europako Kontseiluko idazkari nagusiari aurkeztu beharko zaizkio.

Dekretu (leiho berri batean irekitzen da) horrek Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen koofizialtasun-araubidea praktikan gauzatzea du helburu, herritarrek Justizia Administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabili ahal izan ditzaten. Horregatik, ahalegina egin da herritarrek beren hizkuntza propioa erabiltzeko duten eskubidea eta eremu judizialean euskara zabaltzearen errealitate soziologikoa uztartzeko.

Dekretuaren helburua da euskara esparru judizialean komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea. Horretarako, ezartzen du Justizia Administrazioko lanpostuen % 35 hizkuntzagatik bereiziko dela 10 urteko epean, eta lanpostu bereiziei hizkuntza-eskakizunak esleitzeko prozesua arautzen du. Era berean, Dekretuak lehentasunezko lurralde-eremuak definitzea eskatzen du.

Dekretuaren 3. artikuluak, besteak beste, honako neurri hauek aipatzen ditu:

  • Lanpostu jakin batzuk bereizitzat sailkatzea.
  • Unitate motak katalogatzea.
  • Euskaran trebatzeko ikastaroen eskaintza arautzea.
  • Euskara erabiltzeko programak arautzea.
  • Lantalde elebidunak funtzionalki eratzea.

Nabarmentzekoa da Dekretuaren III. kapitulua, jardun judizialetan bete beharreko hizkuntzen koofizialtasun-araubidea ezartzen duena, honako artikulu hauetan:

13. artikulua.-  Euskara, Euskadiko hizkuntza ofiziala denez gero, edozein jardun judizialetan erabili ahal izango da, baita edozein organo judizialen eta Justizia Administrazioko organoen aurrean aurkezten diren agiri guztietan ere, eta erabateko baliozkotasuna eta eraginkortasuna izango du.

14. artikulua 1. Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak honako hauek izango dira:

  1. Ahozko komunikazioa:
    • Hartzaile jakinik gabeko ahozko mezuak, esaterako, erantzungailu automatiko, bozgorailu eta antzekoen bidez emandakoak, euskaraz eta gaztelaniaz zabalduko dira, hurrenkera horri jarraituz.
    • Euskara-ezagupenak dituzten langileek euskaraz hartuko dituzte herritarrak, eta gero, erabiltzaileek aukeratzen duten hizkuntzan jarraituko dute. Herritarra funtzionarioari euskaraz zuzentzen zaionean, edota arreta hizkuntza horretan ematea eskatzen duenean, funtzionarioak, euskaraz behar adina ez badaki, langile elebidunen laguntza eskatuko du.
  2. Idatzizko komunikazioa:
    • Justizia-arloan eskumena duen sailak ahalbidetuko eta sustatuko du herritarrei bidali beharreko jakinarazpenak eta zitazioak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo direla, Euskararen Erabilera Arautzeko 10/1982 Legearen 9. artikuluan ezarritakoari kalterik eragin gabe.

2.- Justizia-arloan eskumena duen sailak bitartekoak eta baldintzak jarriko ditu, honako hauek gerta daitezen:

  1. Herritarrentzako edozein komunikaziotan euskara erabil dadin: zuzeneko ahozko harremanetan, telefono bidezkoetan, bozgorailu bidezko mezuetan, komunikazio edo informazio idatzian, eta are teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoen bidezkoetan, hala nola, Internet, faxa, posta elektronikoa eta antzekoak.
  2. Herritarrei zuzenean bidali beharreko izapidetzea elebiduna izan dadin, batez ere jakinarazpenak, zitazioak, errekerimenduak eta epatzeak.

174/2010 Dekretuan xedatutakoa betetzeko, Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra diseinatu zen, hamar urterako, 2015ean tarteko ebaluazio batekin eta 2020an, plana amaitzean, amaierako ebaluazio batekin.

Epealdia amaituta, 2023-2032 Plangintzaldi berrirako EAEko Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da) egin da. 

Gaur egun, EAEko Justizia Administrazioan euskararen normalizazioak bide luzea egin behar du oraindik, baina, aurreko datuekin alderatuta, esan daiteke egoerak nabarmen egin duela hobera, langileek epaitegietan euskara jakiteari eta erabiltzeari dagokienez behintzat.

Aurrera pausoak eman badira ere, oraindik ere normalizatu gabe dirau euskerak justizian. Justizia Administrazioa osatzen duten eragile osoak kontuan hartura, lana bi hizkunza ofizialetan maila berean jarduteko gaitasuna dutenak gutxiengoa dira. Beraz, oraindik ezin da bermatu herritarrek aitortuta duten hizkuntza hautatzeko eskubidea berdintasun osoz egikaritu ahal izatea. Gauzak horrela, bigarren plangintzaldiak helburu du euskerararen normalizazioa lortzea, lortutako helburu eta ekintzak diseinatzeko eta gauzatzeko. 

  1. Euskara Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) berezko hizkuntza da, eta hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera; beraz, Erkidegoko epaitegi eta auzitegietan erabili ahal izango da, herritarrei inolako trabarik edo eragozpenik jarri gabe.
  2. Justizia Administrazioaren zerbitzu publikoaren erabiltzaileek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubidea dute harekiko harremanetan, eta ezin zaie itzulpenik eskatu.
  3. Herritarrek eskubidea dute epaimahaien aurrean egindako adierazpen guztiak erabilitako hizkuntza ofizialean agerrarazteko, hizkuntza bata edo bestea izan.
  4. Euskadiko epaitegi eta auzitegien barruan, hala eskatzen duten herritarrek eskubidea izango dute prozesua erabat euskaraz egiteko, prozedura horren alderdietan, pertsona horri dagokionez.
  5. Herritarrek eskubidea dute epaitegi eta auzitegietatik dokumentazio orokor guztia bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko.
  6. Jarduera edo prozedura judizial baten barruan pertsona bati berariaz dagokion dokumentazioa pertsona horrek aukeratutako hizkuntza koofizialean bidaliko da.
  7. Herritarrek eskubidea dute epaitegi eta auzitegietan dokumentazio guztia EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkezteko. Euskaraz aurkeztutako dokumentazioa guztiz baliozkoa izango da. Dokumentuak EAEko hizkuntza-eremutik kanpo izan behar badu eragina, herri-aginteek kudeatuko dute itzulpena, justifikatu gabeko atzerapenik gabe.
  8. Zerbitzu publikoak ematen dituzten erakundeek eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten administrazioen mendeko pertsonek ezin izango dute euskararen erabilera oztopatu epaitegi edo auzitegietan, ez dakitela argudiatuta. Justizia-administrazioko edozein kidegotatik euskara menderatzen ez duten pertsonek gaztelaniara itzultzeko mekanismo egokiak izango dituzte.
  9. Botere publikoek ahozko eta idatzizko euskararen erabilera sustatuko dute Euskadiko justizia-administrazioaren eremuan.
  10. Eusko Jaurlaritzak, Justizia Sailaren bitartez, Euskadiko justizia-administrazioaren hizkuntza-normalizaziorako plan orokor bat sustatu eta ezarriko du, bai eta barruti judizial bakoitzean erabiltzeko berariazko planak ere.

Dekalogoa (leiho berri batean irekitzen da)