Ezkontza zibila
Ezkontza zibila aldez aurretik baimena eman duten bi pertsona zeremonia baten bidez elkartzean datza. Zeremonian honako hauek parte hartu behar dute: ezkongaiek, lekuko gisa dagoen pertsona batek edo bik, epaile batek, alkate batek edo ekitaldia egiteko baimena duen funtzionario batek.
Informa zaitez honi buruz
- Ezkontza zibila egiteko urratsak
- Nola egin ezkontza erlijiosoaren iskripzioa Erregistro Zibilean
- Nola inskribatu izatezko bikote bat?
- Zein ezberdintasun daude ezkontza zibilaren eta izatezko bikotearen artean
- Dibortzioa nola eskatu behar da
Ezkontza zibila egiteko urratsak
Zerbitzuen eta izapideen atalean, ezkontza zibila eskatzeko jarraitu beharreko urratsak azalduko dizkizugu: kasu desberdinetan aurkeztu beharreko dokumentazioa (dibortzioa, deuseztasuna, alarguntasuna, adin txikikoa, atzerritarrak, ahalordeen bidezko ezkontza, etab.), aurkezteko epea eta tokia, eta dokumentu eleaniztunei buruzko informazio guztia.
Nola egin ezkontza erlijiosoaren iskripzioa Erregistro Zibilean
Espainian errotuta dauden eta Erakunde Erlijiosoen Erregistroan inskribatuta dauden elizek, konfesioek, erlijio-elkarteek edo hauen federazioek egindako ezkontzak, Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian inskriba daitezke.
Elizak egindako ezkontzetan nahikoa da elizaren ziurtagiria aurkeztearekin.
Ezkontza juduen edo Espainiako Erakunde Erlijioso Ebanjelikoen Federazioko ezkontzen kasuan, ezkontzeko gaitasuna aitortzen duen autoarekin amaitzen den aldez aurreko espediente bat egin beharko duzu. Ezkontza islamiarra bada, orduan ere gomendagarria da izapide hori egitea, baina ez nahitaezkoa. Espedientea egindakoan, sei hilabeteko epea daukazu ezkontza egiteko.
Informazio gehiago JustiziaEus-en “Zerbitzuak eta izapideak” atalean: ezkontza-inskripzioa.
Nola inskribatu izatezko bikote bat?
Izatezko bikotea eratzea unitate afektibo-sexual egonkor bat formalizatzeko modua da, ezkontza-kontratu bat formalizatu nahi ez duten bikoteentzat.
Euskadin izatezko bikoteak arautzen dituzte Izatezko Bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak eta maiatzaren 16ko 15/2017 Dekretu bidez onartutako Izatezko Bikoteen Erregistroaren Araudiak.
Kontsulta ezazu izatezko bikoteen inskripzioari buruzko informazio osoa Zerbitzuak eta Izapideak atalean.
Zein ezberdintasun daude ezkontza zibilaren eta izatezko bikotearen artean
Estatu mailan araudi komunik ez dagoenez, Autonomia Erkidego bakoitzak izatezko bikoteei buruzko araudi propioa du. Euskadin Izatezko Bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea , eta ekainaren 22ko 124/2004 Dekretu bidez onartutako Izatezko Bikoteen Erregistroaren Araudia daude.
Parekatzea
Seme-alaben arloan, erabat parekatuta daude gurasoek dituzten eskubide eta betebeharrak. Adopzio eta harrera-hartze kasuetan ere, eskubide eta betebeharrak parekatuta daude.
Oinordekotza erregimenari dagokionez, bikotea foru araudiaren menpe dagoen kasuetan (5/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa ), ezkontza eta izatezko bikoteak parekatuta daude; baita kideetako bat testamenturik egin gabe hiltzen bada ere.
Ezkontza zibiletan bezala, 16 urtetik gorako adingabe emantzipatuak ere izatezko bikote izan daitezke.
Ezberdintasunak
Izatezko bikoteen eta ezkontza zibilen artean, fiskal arloko eta ondare komunaren kudeaketaren arloko ezberdintasunak daude gehienbat.
Alargun-pentsioa jasotzeko baldintzetan ere zenbait ezberdintasun daude. Izan ere, alargun gelditu den izatezko bikotekideari, ezkontideari eskatzen ez zaizkion baldintzak esigitzen zaizkio. Baldintzok 174.3 Gizarte Segurantzaren 174.3 Lege Orokorrean zehaztuta daude; horren arabera, izatezko bikotekideek erroldatze-ziurtagiriaren bitartez bost urtez elkarrekin bizi izan direla egiaztatu behar dute. Horrez gain, izatezko bikotea heriotza data baino bi urte lehenago erregistratuta egon behar da. Bestalde, bizirik dagoen bikotekideak diru-sarrera muga izango du pentsioa kobratu ahal izateko.
Lan arloari dagokionez, Langileen Estatutuari erreparatuz gero, langileak ezin du opor egunik hartu izatezko bikote gisa elkartzeagatik. Opor egunak hartzeko eskubidea hitzarmen kolektiboak jaso beharko du. Eskaera aurretiaz egin behar da, eta izatezko bikote gisa erregistratzeko unean hartu behar dira opor egunak. Ezin dira egunak gorde.
Bikotea apurtzen bada, dibortzioetan bezala, bikotekide ohiak konpentsazio-pentsioa ordaintzeko eska dezake (Euskadin). Adostasunik ez badago, erabakia epaileak hartuko du. Beti ere, eteteak ondare ezberdintasuna eragiten badu edo bikotekide ohi bat bidegabe aberasten bada bakarrik hartuko du parte epaileak. Adibidez, bikotekide batek seme-alabak zaintzeko lan ibilbidea bertan behera utzi dutenen kasuetan.
Erregimen ekonomikoari dagokionez, bikotekideek ekonomia eta ondare arloko harremanak arautzeko autonomia dute, baina itun arauemailerik egon ezean, Kode Zibilaren ondasun-banantze erregimena ezarriko da. Bikoteak, borondatez -Legeak ez baititu horretara behartzen- dagokion ekonomia eta ondare arloko harremanak arautzeko ituna edo hitzarmen arauemailea adostu dezake. Akordioa publikoa (Notario aurrekoa) ala pribatua izan daiteke; bigarren kasuan Izatezko Bikoteen erregistroan gordeko da. EAEko erregistroetan itun pribatua sinatzeko ereduak daude (ez da derrigorrezko horiek erabiltzea). Ereduak erregistro zibiletan Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaien Sailaren web atarian daude.
Espainiako eta atzerriko biztanleen arteko ezkontzetan, berriz, izatezko bikotekide gisa erregistratzen den atzerritarrak europako egoiliar familia-txartela eskuratuko du (bost urterako da eta ez da zertan espainian kotizatu behar). Espainiar batekin ezkonduz gero, berriz, urtebetez Espainian bizi ostean nazionalitatea eska daiteke.
Dibortzioa nola eskatu behar da
Dibortziatzea nahi baduzu, bi aukera dituzu: dibortzioa elkarren artean adostu dezakezue, edo auzitara jo dezakezue.
Kide biak dibortziatzeko prest daudenean prozedura guztia azkarragoa eta merkeagoa da; eta batez ere, ez da horren mingarria. Bide horri adostasunezko dibortzioa deritzo eta abantaila garrantzitsuenetako bat bi aldeek prokuradore eta abokatu bera izan dezaketela da.
Adostasunezko dibortzioan jarraitu beharreko urratsak hurrengoak dira:
- Dibortzioko demanda, hitzarmen arauemailea eta gainontzeko dokumentuak aurkeztu behar dira (ezkontza-ziurtagiria, seme-alaben jaiotza-ziurtagiria, errolda-ziurtagiria…).
- Epaitegiak kide biei dei egingo die, hitzarmen arauemailea baieztatzeko.
- Adostasunezko dibortzio-epaia emango da eta Epaitegiak epaia Erregistro Zibilean inskribatuko du.
Bikotea ados jartzen ez bada adostasunik gabeko dibortzio-prozedura abian jarriko da. Kasu horretan alde bakoitzak bere abokatua eta prokuradorea izan beharko ditu. Prozedura askoz luzeagoa da, epaiketa egin behar delako.
Adostasunik gabeko dibortzioan jarraitu beharreko urratsak hurrengoak dira:
- Dibortzioko demanda gainontzeko dokumentazio guztiarekin batera aurkeztu behar da. Demanda bi aldeetako batek aurkezten duenez ez dago hitzarmen arauemailerik; hala ere elkarbizitza, egonaldiaren araubidea eta konpentsazio-pentsioak zehaztu beharra dago.
- Beste aldeak demandari erantzun beharko dio.
- Epaitegiak kide biei ikustaldi baterako dei egingo die abokatu eta prokuradorez lagunduta etor daitezen.
- Epaileak dibortzio-epaia emango du eta Epaitegiak epaia Erregistro Zibilean inskribatuko du.
Edozein kasutan, eredua aldatu egin daitekeela kontutan izan. Hau da, auzia gelditu eta adostasunezko-dibortziora pasa zaitezkete.
Hala ere, dibortziatzeko abokatua eta prokuradorea behar dituzuela gogoratu. Horrez gain, epaileak epaia eman arte dibortzioa ez da gauzatuko.