Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Oposizioak

Oposizioak

Justizia Administrazioko lanpostu bat lortzeko bide hauetako bat hartu behar da: hautaketa-prozesu bat gainditu edo lan-poltsan bertan izena eman.

Informa zaitez honi buruz

Justizia Administrazioko lanpostu bat lortzeko bide hauetako bat hartu behar da:

  • Hautaketa-prozesu bat gainditu, esaterako:
    • Oposizioa. Hautagaien ahalmena eta gaitasuna baloratzera bideratutako proba bat edo gehiago egitean datza. Behin oposizioko fase guztiak gainditutakoan, lortutako puntuen arabera ordenatzen dira hautagaiak.
    • Lehiaketa. Aurrez finkatutako baremazioan oinarritutako merituen arabera sailkatzen dira lanposturako hautagaiak.
    • Oposizio-lehiaketa. Aurreko bi aukeren konbinazioa da.
  • Lan-poltsa irekitzen denean, bertan izena eman.

Justizia Administrazioan lau motatako langileak daude:

Funtzionarioak

Karrerako funtzionarioen ezaugarri nagusia da Administrazio Zuzenbideko arauek zuzentzen duten lan-erregulazio propioa dutela. Administrazioko langileak dira eta izaera iraunkorreko eginkizunak dituzte. Funtzionarioak bi kidegotan banatzen dira: Kidego Orokorrak, batetik, administrazio-lanak egiten dituztenak dira; Kidego Bereziak, bestetik, jakineko karrera edo lanbide bati dagozkion funtzioak betetzen dituztenak. Pertsonal-mota hori hautatzeko, oro har, oposizio-sistema edo oposizio-lehiaketa erabiltzen da eta, noizbehinka, baita lehiaketa ere.

Bitarteko langileak

Honako zirkunstantzia hauetakoren bat izaten denean karrerako funtzionarioen lanpostuak estaltzeko kontratatzen diren langileak dira:

  • Lanpostu hutsak betetzeko premia izan eta karrerako funtzionarioekin bete ezin direnean.
  • Lanpostua aldi baterako estali behar denean
  • Aldi baterako programak edo urgentziazko egoerak estali behar direnean.
  • Plaza eta destinoa gordetzeko eskubidea duen karrerako funtzionario baten lanpostua betetzeko premia izaten denean.

Gaur egun, bitarteko langileak hautatzeko, oposizioren bateko probaren bat gainditu arren, prozesu osoa gainditu ez duten edo, oposizioa gaindituta ere, plaza lortu ez duten hautagaiekin sortzen diren lan-poltsak erabiltzen dira.

Aldi baterako langileak

Konfiantzazko edo aholkularitzako lanak egiteko askatasunez izendatutako langile ez-iraunkorrak dira. Lanpostu horiek Administrazio Zuzenbideak arautzen ditu eta funtzio horiek betetzea ezin da hartu funtzionario-lanpostu bat lortzeko edo barne-sustapenerako meritu gisa. Aldi baterako langileak hautatzeko lan-poltsak erabiltzen dira.

Lan-kontratudun langileak

Lan Zuzenbideko arauei atxikita dauden eta Administrazioarekin lan-kontratua duten langileak dira. Oro har, lanpostu ez-iraunkorrak, izaera instrumentalekoak, eta lanbideekin zerikusia dutenak edo ezagutza teknikoak behar dituztenak betetzen dituzte. Lan-kontratudun langileak hautatzeko oposizio-lehiaketaren sistema erabiltzen da gehienetan.

Ondoren, transferitutako langileei dagokien Justizia Administrazioaren zerbitzupeko kidegoen aipamena egingo da, hau da, Estatuak autonomia-administrazioari baliabide pertsonalak eta materialak transferitu ondoren Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen lanpostuena. Transferitu gabeko langileen (epaileen, Justizia Administrazioaren letraduen eta fiskalen) lanpostuen hornidura Justizia Ministerioaren mende dago zuzenean.

Deialdi bakoitzean daude zehaztuta LEP gainditzeko behar diren tituluak. Kidego bakoitzaren barruan bete beharreko funtzioen arabera eskakizun akademiko espezifikoak dituzten eskalak daude.

Laguntza Judiziala

DBHko graduatu titulua edo baliokidea.

Izapidetze Prozesal eta Administratiboa

Batxiler titulua edo baliokidea.

Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa

Unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko nahiz arkitekto teknikoaren titulua edo baliokidea.

Auzitegiko Medikuntza

  • Auzitegiko medikua: Medikuntzako lizentziadun titulua.
  • Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutu Nazionaleko Laborategiko laguntzailea: Lanbide Heziketako teknikari titulua, kimika eta osasuneko lanbide-familietan, edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa, kimika eta osasuneko lanbide-familietan.
  • Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutu Nazionaleko fakultatiboa: Honako titulu hauetakoren bat izatea:
    • Biologia: Biologian, Farmazian, Albaitaritzan, Medikuntzan edo Biokimikan lizentziaduna.
    • Kriminalistika: Biologian, Farmazian, Medikuntzan edo Kimikan lizentziaduna.
    • Histopatologia: Medikuntzan lizentziaduna.
    • Kimika eta Drogak: Kimikan edo Farmazian lizentziaduna.
    • Toxikologia eta Ingurumeneko balorazioa: Ingurumen Zientzietan, Biologian, Farmazian edo Kimikan lizentziaduna.
    • Informazio toxikologikoa: Medikuntzan lizentziaduna.

Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutu Nazionaleko Laborategiko teknikari espezialista

Lanbide Heziketako goi-mailako teknikari titulua, kimika eta osasuneko lanbide-familietan, edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa, kimika eta osasuneko lanbide-familietan.

Laguntza Judiziala

Organo judizialen jarduerari laguntza eskaintzearekin zerikusia duten zeregin guztiak egitea da Laguntza Judizialeko Kidegoaren egitekoa. Adibidez: Sala zaindu eta zainaraztea; enbargoak egitea; posta zaindu eta garraiatzea; prozedura bateko alderdi interesatuei jakinarazpenak egitea eta hitzordua ematea; jendeari arreta egitea, etab.

DBHko graduatu titulua edo baliokidea eduki behar da. Espainiako nazionalitatea edukitzea eta adin nagusikoa izatea ere ezinbestekoa da.

Prozesu eta Administrazio Kudeaketa

Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoak goragoko mailako prozeduraren kudeaketa-jarduerak egiten ditu. Adibidez: arau prozesalak interpretatzen ditu; alderdien agerraldia sinatzen du; enbargoak dokumentatzen ditu; autoen laburpen-oharrak egiten ditu; idatziak eta dokumentuak jaso, erregistratu eta banatzen ditu; idatzi eta dokumentuen kopia soilak egiten ditu, etab.

Unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena, arkitekto teknikoarena edo baliokidea eduki behar da. Espainiako nazionalitatea edukitzea eta adin nagusikoa izatea ere ezinbestekoa da.

Izapidetze Prozesal eta Administratiboa

Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoak kudeaketa Prozesalari laguntzearekin zerikusia duten jarduera guztiak egiten ditu. Adibidez: prozeduraren garapen orokorra gauzatzen laguntzen du, dokumentuak, aktak, eginbideak eta ohartarazpenak idatziz; espedienteak eta posta erregistratzen ditu; ebazpenak transkribatzen ditu; zitazio-zedulak prestatzen ditu, etab.

Batxilergoko titulua edo baliokidea eduki behar da. Espainiako nazionalitatea edukitzea eta adin nagusikoa izatea ere ezinbestekoa da.

Auzitegiko Medikuntza

Auzitegiko Medikuen Kidegoak epaitegi, auzitegi eta fiskaltzei laguntzen die, prozesu judizialaren esparruan txosten teknikoak eginez eta auzitegien jurisdikziopean dauden atxilotutako pertsonen, zaurituen edo gaixoen lesioen kontrola eta gorputzeko kalteen balorazioa eginez.

Medikuntzako Lizentziatura eduki behar da. Espainiako nazionalitatea edukitzea eta adin nagusikoa izatea ere ezinbestekoa da.

Autonomia-erkidegoek Justizia Ministerioari jakinarazi behar dizkiete langile-premiak eta hura arduratuko da urtero Enplegu Publiko Eskaintza bakarra egiteaz. EPE Herri Administrazioen Ministerioaren aurrean aurkeztu behar da ondoren eta gero Gobernura eraman. Behin Gobernuak EPE onartzen duenean, Justizia Ministerioak hautaketa-prozesuen deialdia egingo du.

Zein dira EPE bateko faseak?

Oposizioak prozesu luzeak dira, deialdia argitaratzen den unetik kargua hartzen den unera arte hainbat urtez luza daitezkeenak. Oposizioak, oro har, honako fase hauetan banatzen dira:

  1. Enplegu Publiko Eskaintzaren onarpena.
  2. Hautapen-prozesuaren deialdia.
  3. Eskaeren aurkezpena.
  4. Onartutakoen eta kanporatutakoen behin-behineko zerrendak, erreklamazioen aurkezpena eta onartutakoen eta kanporatutakoen behin betiko zerrendak.
  5. Azterketen data eta lekuen argitalpena.
  6. Azterketak egitea, txantiloi zuzentzaileen eta onartutakoen behin-behineko zerrenden argitalpena, erreklamazioen aurkezpena eta onartutakoen behin betiko zerrenden argitalpena.
  7. Oposizio-fasea gainditu duten hautagaien zerrendaren argitalpena eta merituak aurkezteko epearen irekiera (oposizio-lehiaketen kasuan).
  8. Merituen balorazioaren argitalpena (oposizio-lehiaketen kasuan).
  9. Onartutakoen behin betiko zerrenda, hizkuntzaren eta Foru Zuzenbidearen probak barne.
  10. Oposizioaren amaiera.

Justizia Administrazioko Zuzendaritza

Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen hautaketa arautzen duten oinarrizko printzipioak 19/2003 Lege Organikoan (leiho berri batean irekitzen da) jasota eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak (leiho berri batean irekitzen da) onartutako Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen Sarrerari, Lanpostu Hornidurari eta Lanbide Sustapenari buruzko Erregelamendu Orokorrean garatuta daude.