Antolakuntza eta egitura judiziala
Zentzu hertsian, Justizia Administrazioa jurisdikzio funtzioaz arduratzen da eta haren eskumena Botere Judizialak dauka. Jurisdikzio funtzio hori, epaitzean eta epaitutakoa betearaztean datzana, organo jurisdikzionalei dagokie. Hain zuzen ere, epaitegi eta auzitegiek legedia egoera eta gatazka zehatzetan aplikatzen dute. Horien titulartasuna epaileei dagokie eta haien ardura da gatazkak konpontzea, legeak aplikatzea eta herritarren eskubideak bermatzea.
Informa zaitez honi buruz
- Jurisdikzio ordenak
- Sistema judiziala
- Lurralde banaketa
- EAEko Justizia Auzitegi Nagusia
- Audientzia Probintzialak
- Epaitegiak
- Bake Epaitegiak
- Beste epaitegi batzuk
Jurisdikzio ordenak
Jurisdikzio arrunta lau arlotan banatzen da:
- Zibila: Eskubide subjetibo eta interes pribatuen ingurukoak ebazten ditu.
- Zigor-arloa: Helburua delitu baten existentzia zehaztea eta autoreari dagokion zigorra ezartzea da.
- Administrazioarekiko-auzia: Administrazio Zuzenbidearen menpe dauden Administrazioaren erabakien eta lege-maila baino apalagoko xedapenen legezkotasuna kontrolatzen du.
- Lan arloa: Lan eta Gizarte Segurantzaren arloan sortzen diren gatazkak erabakitzen ditu.
Arlo bakoitzaren barruan, gai zehatzetan espezializatutako organoak egon daitezke. Besteak beste, zibil eta zigor arloan, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Epaitegiak.
Jurisdikzio arruntaz gain eta jurisdikzio-batasunaren printzipioaren salbuespen gisa, jurisdikzio militarra dago. Bertan, Zigor Kode Militarrak delitu gisa zehazten dituen egitateak epaitzen dira.
Sistema judiziala
Botere Judizialaren gobernu organoa Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) da. Organo konstituzionala da, kide anitzekoa, autonomoa, epaileek eta beste legelari batzuek osatua. Bere eginkizun nagusia da jarduketa judiziala betetzean estatuko gainerako botereekiko eta guztiekiko independentzia bermatzea.
BJKN ez da jurisdikzio organoa eta ez du jurisdikzio funtzioan parte hartzen. Funtzio hori, epaile eta epaitegiei dagokie. Epaitzeko funtzioari dagokionez, Estatuko organo gorena Auzitegi Gorena da.
Auzitegi Nazionala lurralde nazional osoan jurisdikzioa duen auzitegia da eta legeak esleitzen dizkion gai jakin batzuez ezagutzea dagokio.
Aipatutakoaz gainera, Konstituzio Auzitegia gainerako organo konstituzionalekiko independentea den organo konstituzionala da eta ez da botere judizialaren parte. Gainera, espainiar lurraldera hedatzen du bere jurisdikzioa eta Espainiako Konstituzioaren interprete gorena da.
Bestalde, auzitegi eta epaitegi batzuk euskal lurraldera soilik hedatzen dute beraien eskumena. Euskadi mailako auzitegi eta epaitegiak, hierarkikoki antolatuta, honako hauek dira: Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusia, Audientzia Probintzialak, Epaitegiak eta Bake Epaitegiak.
Lurralde banaketa
1988ko Mugape eta Planta Judizialaren Legeak, ikuspuntu judizialetik, Estatuaren lurraldearen banaketa ezartzen du toki bakoitzak epaitegi jakin batzuk izan ditzan biztanleriaren eta tokiaren beharren arabera.
Horren arabera, estatua honela antolatzen da judizialki:
- Autonomia Erkidegoa: erkidego bakoitzean Justizia Auzitegi Nagusi bat dago.
- Probintzia: probintzia bakoitzean auzitegi probintzial bat dago.
- Barruti judizialak: mugakide diren eta probintzia berekoak diren udalerri batek edo gehiagok osatzen dute barruti judizial bakoitza (probintziako guztiak izan daitezke).
- Udalerriak: udalerri bakoitzean bake-epaitegi bat dago (udalerri horretan instantziako eta instrukzioko epaitegirik ez badago)
Euskadin, 14 barruti judizialetan antolatuta dago justizia:
EAEko Justizia Auzitegi Nagusia
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Justizia Administrazioaren eta organo judizialen antolaketa azkentzen du; betiere, alde batera utzita Auzitegi Gorenari eta Konstituzio Auzitegiari dagokion jurisdikzioa. Bilbon du egoitza eta Ignacio José Subijana Zunzunegui du buru, zeina, aldi berean, JANko Arlo Zibil eta Zigor-arloko Salako lehendakaria dena.
Honako sala hauetaz osatzen da:
Egoitza | Salak | Atalak |
---|---|---|
Bilbo | Zibil eta Zirgo Arlokoa | |
Administrazioarekiko auziarena | 1. eta 2. atalak | |
Lan arlokoa | 1., 2. eta 3. atalak |
Berari dagozkio ezagutzea, besteak beste, EAEko arau-hausteetan oinarritzen diren helegiteak eta autonomia erkidegoko Presidentearen eta kideek eta EAEko Batzar Legegileko kideek beren karguak betetzean egindako egitateengatik jarritako erantzukizun zibileko demandak eta Autonomia Estatutuak esleitzen dizkion kausa penaleko demandak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren lurraldeko auzitegi eta epaitegien mugaketa eta ezarpena kontsulta dezakezu hemen.
Audientzia Probintzialak
Probintziako organo judizial gorena da, baina, bere ahala jurisdikzio zibil eta penalera mugatzen da.
EAEn, hiru Audientzia Probintzial ditugu: Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. Honela antolatzen da:
Lurralde Historikoak | Atalak | Ordena | Espezialitatea |
---|---|---|---|
Araba/Álava | 1.Atala | Zibila | Merkantila |
2.Atala | Zigor-arloa | Emakumeen aurkako indarkeria | |
Bizkaia | 1.Atala | Zigor-arloa | |
2.Atala | Zigor-arloa | ||
3.Atala | Zibila | ||
4.Atala | Zibila | Familia, Merkantila, Emakumeen aurkako indarkeria | |
5.Atala | Zibila | ||
6.Atala | Zigor-arloa | Emakumeen aurkako indarkeria | |
Gipuzkoa | 1.Atala | Zigor-arloa | |
2.Atala | Zibila | Merkantila | |
3.Atala | Zigor-arloa | Emakumeen aurkako indarkeria |
Arlo penalean, beste organo batzuei egozten ez zaizkien delituengatiko auzien ardura dagokio, bai eta lehen auzialdian zigor eremuko epaitegiek emandako ebazpenen aurka legeak ezartzen dituen errekurtsoak ere. Ordena zibilean, arlo horretan eskumena duten epaitegiek lehen auzialdian emandako ebazpenen aurka legeak ezartzen dituen errekurtsoez arduratuko da.
Halaber, oro har, Epaimahaiaren epaiketak Probintzia Auzitegiaren eremuan egiten dira. Zinpekoen epaimahaiari buruzko informazio gehiago hemen kontsultatu dezakezu.
Epaitegiak
Barruti judizialetara hedatzen dute beraien jarduera eta gaiaren arabera antolatzen dira. Honako hauek dira:
- Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak,
- Merkataritza-arloko Epaitegiak,
- Zigor-arloko Epaitegiak,
- Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak,
- Administraziorekiko-auzien Epaitegiak,
- Lan-arloko Epaitegiak,
- Espetxe-zaintzako Epaitegiak,
- Adingabeen epaitegiak.
Bake Epaitegiak
Bake-epaileek osatzen dute, hau da, karrera judizialekoak ez diren pertsonek osatzen dute, Espainiako gainerako organo judizialak ez bezala. Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegirik ez dagoen udalerrietan kokatzen dira.
Arlo zibilean eta penalean garrantzia gutxi duten gaien eskumena dagokie, eta lankidetza judizialaren arloan zerbitzu garrantzitsua eskaintzen dute, gainerako organo judizialen eta herritarren arteko komunikazioa errazten baitute.
Informazio gehiago kontsulta dezakezu Bake Epaitegien atalean.
Beste epaitegi batzuk
Europar Batasuneko Justizia Auzitegia Europar Batasuneko agintaritza judiziala da, eta, estatu kideetako jurisdikzio-organoekin lankidetzan, Europar Batasuneko Zuzenbidearen aplikazio eta interpretazio uniformea zaintzen du.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (edo Estrasburgoko Auzitegiak) Europa du lurralde-eremu. Berari dagokio ezagutzea, egoera jakin batzuetan, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean eta Hitzarmenaren parte diren estatuek beren protokoloetan aitortutako eskubideen balizko urraketak.
Nazioarteko Justizia Auzitegia edo Hagako Auzitegia Nazio Batuetako organo judizial nagusia da eta Nazio Batuetako Gutuna du jatorri. Bere eginkizun nagusiak Nazio Batuetako estatu kideen arteko gatazka juridikoak ebaztea eta NBEko organo eta erakunde espezializatuek planteatutako gaiei buruzko irizpenak eta aholku-iritziak ematea da.