Eskubideak eta betebeharrak
Justizia Administrazioarekiko harremanetan dauden pertsona guztiek eskubide batzuk aitortuta dituzte, eta betebehar jakin batzuk betetzera behartuta daude.
Informa zaitez honi buruz
- Pertsonen eskubideek babes judiziala dute
- Zigor-arloko prozesuetan akusatuaren eskubideak bermatzen dira
- Pertsonek esku har dezakete Justizia Administrazioan
- Epaitegiek eta auzitegiek errespetuz tratatu behar dituzte pertsonak
- Pertsonek ere euren eskubideak exiji ditzakete abokatu eta prokuradoreen aurrean
- Herritarrek Justizia Administrazioaren aurrean dituzten betebeharrak
Pertsonen eskubideek babes judiziala dute
- Babes judizial eraginkorrerako eskubidea
Konstituzioko 24. artikuluak aitortutako eskubidea da. Artikulu horren arabera, pertsona orok du eskubidea prozesu judizial batean parte hartu eta bere interes legitimoak defendatzeko. Prozesuan zehar, herritarrak eskubidea du alegazioak egiteko eta frogak berdintasun-baldintzetan aurkezteko. Halaber, eskubidea du epailearen erantzun arrazoitua eta zentzuzkoa jasotzeko, bai eta haren erabakiak betearaz daitezen ere.
- Legeak erabakitako epaile eskuduna izateko eskubidea
Kasua epaitzen duen pertsona epaitzen den auziaren eta lekuaren arabera legez dagokiona izango da.
- Prozesua publikoa, arrazoitu gabeko atzerapenik gabekoa eta berme guztiak dituena izateko eskubidea
Prozesuak publikoa izan behar du, baldin eta kontrakoa erabakitzen ez bada moraltasun, ordena publiko edo segurtasun nazionaleko arrazoiengatik edo adingabeen interesak, bizitza pribatuaren babesa edo alderdien beste eskubide eta askatasun batzuk arriskuan jartzen direlako.
Prozesu judiziala eta epaia atzerapenik gabe egikaritu behar dira, zentzuzko epean, eta, atzerapen bidegaberen bat gertatzen bada, herritarrak dagokion kalte-ordaina jaso behar du.
Epaileak inpartziala izan behar du eta ahaidetasun- edo adiskidetasun-harremanen bat badu edo auzian parte hartu badu, uko egin behar dio epaitzeari. Zirkunstantzia horietakoren bat izaten bada, herritarrak eskubidea du epailea prozesutik kanpo uzteko eskatzeko.
- Defentsarako frogabide egokiak erabiltzeko eskubidea
Auzitegiak onartu egin behar ditu aurkeztutako frogabideak, baldin eta gatazkako gaiarekin zerikusia badute eta erabakitzeko balio badezakete. Auzitegiak, gainera, froga horiek praktikatuko direla bermatu behar du.
Zigor-arloko prozesuetan akusatuaren eskubideak bermatzen dira
- Bere aurka egindako akusazioari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea
Akusatuak prozesuarekin izaten duen lehen harremanetik bermatu behar den eskubidea da, bai egoitza judizialean, bai polizia-etxean, ustekabeko akusazioak ekiditeko eta hasiera-hasieratik egin zaion akusazioaren aurkako defentsa egokia prestatu ahal izateko.
- Bere aurka ez deklaratzeko eta bere burua erruduntzat ez jotzeko eskubidea
Pertsona orok du eskubidea delitu batean parte hartu duela ez aitortzeko, bai polizia-etxean, bai egoitza judizialean. Horri buruz egia ez esateagatik ezin da zehapenik jarri. Hala ere, deklarazioa ez den proba edo ikerketa bat egin behar denean (taldeko identifikazio-saioa, hatz-markak hartzea, alkoholemia-testa, etab.), akusatuak ez du eskubide hori baliatzeko aukerarik izango.
- Errugabetasun-presuntziorako eskubidea
Akusatuak ez du bere errugabetasuna frogatu behar, izan ere, errugabetasun-presuntzioa baitu. Auzitegiak presuntzio hori kontuan hartuta jokatu behar du. Epailea ez badago ziur akusatua erruduna dela, errugabetzat jo behar du.
- Atxilotuaren eskubideak
- Atxilotua izan dela norberak jakinaraztekoa, inkomunikazioa aplikatzen ez bazaio bederen.
- Auzitegi-mediku batek aztertzeko eskubidea.
- Gaztelania edo beste hizkuntza ofizial bat ulertzen ez duenean edo zentzumenetan informazioa behar bezala ematea edo hartzea galarazten dion alterazioren bat duenean, interpretea izateko eskubidea.
- Habeas Corpus prozedura premiatzeko eskubidea, atxiloketa arbitrarioren bat edo kalteren bat jasatea ekiditeko. Prozedura horrek atxilotua epailearen aurrean epe oso laburrean aurkeztera behartzen du, eta epaileak atxilotua berehala aske uzteko agindu dezake atxilotzeko motiborik aurkitzen ez badu.
- Zigor-arloko prozesuan azken hitza esateko eskubidea
Pertsonek esku har dezakete Justizia Administrazioan
- Herri-akzioa gauzatzeko eskubidea
Herritar orok du eskubidea Justizia Administrazioari esku hartzea eskatzeko interes kolektiboen defentsan, legeak jasotzen dituen kasuetan.
- Prozesu batean epaimahaiko kide izateko eskubidea
Legeak xedatutako zigor-arloko prozesu guztietan (Zinpeko Epaimahaiari buruzko 5/1995 Lege Organikoa, maiatzaren 23koa (pdf, 420 KB))
Eskubide horretan eta eskubide hori erabiltzeko moduan sakondu nahi baduzu, epaimahairako hautagaiari eskainitako atal bat daukazu.
- Epaiketa batera lekuko gisa joatearen ondoriozko kalte eta galeren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea
Epaitegiek eta auzitegiek errespetuz tratatu behar dituzte pertsonak
- Errespetuz eta begirunez tratatuak izateko eskubidea
Magistratuei, epaileei, Justizia Administrazioaren letraduei, funtzionarioei eta Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden gainerako langileei ere eragiten die betebehar horrek. Pertsona horiek puntualak izan behar dute alferrikako denbora-galtzeak saihesteko eta herritarrei adierazpen desegoki, iraingarri edo errietakoekin ez hitz egiten ahalegindu behar dira.
- Organo judizialeko pertsonak identifikatzeko eskubidea
Artatzen zaituzten pertsonen eta organo judizialean lan egiten duten gainerako pertsonen izen-abizenak eta kategoriak.
- Izapidetzearen egoera ezagutzeko eskubidea
Hala nahi duenean eta Legeak xedatutako mugapenekin, interes legitimoa duen izapidearen egoerari buruzko informazioa eska dezake interesdunak eta izapide-prozesuko agirien kopiak eskuratzeko aukera du.
- Gaztelania edo beste hizkuntza ofizial bat erabiltzeko eskubidea
Jardun judizialak gauzatu behar diren lurraldeari dagokion Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak badira, ahozko nahiz idatzizko adierazpenetan.
- Epaitegirako zitazio eta deia argiak jasotzeko eskubidea
Aipaturiko dokumentuek argi eta garbi adierazi behar dute agerraldiaren xedea, eta baita ez agertzearen ondorioak ere.
- Kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko eskubidea
Horretarako, herritarrei jakinarazi behar zaie erreklamazio nahiz kexak aurkezteko eta informazioa jasotzeko zerbitzu edo bulego bat dagoela, behar bezalako arreta eskainiko diena. Kexa eta erreklamazio horiei hartu-agiria izango dute, bai eta hartutako neurriei buruzko erantzun arrazoitua ere.
Pertsonek ere euren eskubideak exiji ditzakete abokatu eta prokuradoreen aurrean
- Abokatu batek lagundu eta prokuradore batek ordezkatua izateko eskubidea
Prozesu batean esku hartzeko, abokatu bat eta prokuradore bat behar izaten dira kasurik gehienetan. Abokatua eta prokuradorea izatea honako hauetan soilik ez da derrigorrezkoa: lan-arloko prozesuetan, zigor-arloko falten epaiketetan eta zibileko eta administrazioarekiko auzien prozesuetako garrantzi txikiko zenbait auzitan.
Abokatua bertan egoten da atxiloketan eta bai prozesu judizialean eta bere jardunak benetakoa eta eraginkorra izan behar du.
- Doako laguntza juridikorako eskubidea
Baliabide ekonomikorik ez dutenek eskubidea dute abokatu bat eta prokuradore bat izateko, eta horien bidez epaiketan defendatuak eta ordezkatuak izateko. Iragarkiak, gordailuak eta peritu-laguntzak ordaindu beharrik ez izateko eskubidea ere badute.
Abokatuaren eta prokuradorearen esku-hartzea derrigorrezkoa den kasuetan ez ezik, erabat borondatezkoak diren kasuetan ere badute eskubide hori.
Honako hauek dute doako justiziarako eskubidea: Espainiako herritarrek, Europar Batasuneko kide diren estatuetako herritarrek eta Espainian legezko egoitza duten atzerritarrek, baldin eta auzitan jarduteko baliabiderik ez dutela egiaztatzen badute.
Baliabiderik gabekotzat jotzen dira, familia-unitateko eta urteko, lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza gainditzen ez duten diru-sarrerak dituzten pertsonak.
- Abokatua askatasunez aukeratzeko eskubidea
Baldin eta pertsonak doako laguntza juridikoa aukeratzen ez badu. Kasu horretarako hainbat mugapen xedatu dira.
Abokatuak, aldi berean, askatasuna du auziak onartzeko edo errefusatzeko, ofiziozko abokatu izendatzen dutenean izan ezik. Kasu horretan, uko egiteko arrazoi bat behar da.
Abokatuak uko egin diezaioke auziari, baldin eta bere dedikazio profesionalak edo bere ezagutzek betekizuna onartzeko gaitzen ez badute.
Abokatuak zuzentzen du auzia, baina bertan behera utz dezake defentsa egiteko moduaz bezeroarekin ados ez badago. Bezeroak izan ditzakeen eskubideak galtzea ekiditeko behar diren ekintzak egin behar ditu profesionalak, eta ezin ditu gorde edo atxiki bezeroak emandako dokumentuak, ordainsaririk ez duela kobratu aitzakiatzat jarrita.
- Defentsarako behar diren erraztasunak izateko eskubidea
Akusatuari nahiz abokatuari erraztasunak eman behar zaizkie, esaterako: atxilotuen desplazamenduetarako, defentsarako zentzuzko epeak izateko, zitazioa denbora nahikoarekin egiteko, etab.
- Abokatuak eta prokuradoreak sekretu profesionala gordetzeko eskubidea
Profesionalek sekretua gorde behar dute euren lanbidea dela-eta dakiten guztiaren gainean, eta ezingo dituzte onartu bezeroaren aurkako jarduketak eskatzen dituzten enkarguak, baldin eta zentzuzko epea igaro ez bada eta esku-hartzeak sekretu profesionala urratzea eragiten ez badu.
- Zure abokatu eta prokuradorearengandik informazio argia eta behar adinakoa jasotzeko eskubidea
Prozeduraren aurretik eskubidea daukazu:
- Abokatuaren independentziari eragin diezaiokeen zirkunstantziaren bat ba ote dagoen jakiteko
- Emaitza posibleari buruzko iritzi arrazoitua jasotzeko, abokatuak auzian arrakasta izango duela bermatu ezin badu ere
- Prozesua, gutxi gorabehera, zenbat kostatuko zaizun jakiteko, sor litezkeen ezustekoak barne (gorabeherak, errekurtsoak, etab.)
Prozeduran zehar, izaten diren gertaeren berri izan behar du eta eskatutako dokumentazioaren kopiak jaso.
Behin prozedura amaitutakoan, pertsonak eskubidea du emaitzaren berri izateko, xedatutako ebazpenaren kopiaren bidez, bai eta errekurtso posibleen, arrakasta izateko aukeren eta kostuaren aurreikuspenen berri izateko ere.
Herritarrek Justizia Administrazioaren aurrean dituzten betebeharrak
- Epaimahaiko kide gisa parte hartu beharra
Eskatzen zaionean, norbanakoak epaiketa batean epaimahaiko kide gisa parte hartu beharra du, baldin eta legean aurrikusitako bateraezintasun, debeku edo aitzakiaren bat ez badago.
- Lekuko gisa parte hartu beharra
Norbanakoek, lekuko gisa deitutakoan, Justiziari lagundu beharra diote egiazko lekukotza emanda.
- Delitu baten berri eman beharra
Baldin eta ikusi badu, Agintaritza Judizialari edo Fiskaltzari delitu baten berri eman beharra du, familia-arrazoiak direla-eta salbuetsita dagoenak izan ezik.