Justizia digitala
Teknologia digitala Justizia Administrazioan txertatzeak hainbat aukera eskaintzen ditu prozedurak arintzeko, informazio garrantzitsua denbora errealean eskuratu ahal izateko, zerbitzu publikoetarako sarbidea hainbat euskarritatik izateko eta sistemaren antolaketa bera hobetzeko.
Justizia Administrazioa erabat digitalizatu beharraren ondorio izan da Justizia Digitalaren Plana 2021-2026; izan ere, 2021. urteko lehen seihilekoan, Euskadiko justiziaren sektorean digitalizazioari dagokionez epe ertainean egin beharreko jarduketak estrategikoki planifikatzeko hausnarketak eta azterketa bat burutu zen, eta prozesu horren guztiaren emaitza biltzen da Planean, betiere EJE Espediente Judizial Elektronikoa izanik oinarri.
Plangintza estrategiko hori eta dagokion azterketa oinarrizko plana dira, dinamikoa eta errealitate aldakor batera moldagarria, eta indarrean dagoen bitartean hobetu egingo da, justiziako eragileekin, herritarren ordezkariekin eta beste administrazio batzuetako ordezkariekin hitz eginez eta lankidetzan jardunez.
Informa zaitez honi buruz
- Justizia Digitalaren Plana 2021-2026
- Espediente Digital Elektronikoa (EJE) EAEn
- Arau-esparrua
- Informatika Judizialeko aurreko planak
Justizia Digitalaren Plana 2021-2026
EJEa da Justizia Digitalaren 2021-2026 aldiko Planaren funtsezko Ildo Estrategikoa, gainerako ildo estrategikoen ezinbesteko oinarria, gaur egungo egoerarekin eta beharrekin bat datorren garapen digitala lortzearren eremu judizialean.
Justizia Digitalaren 2021-2026 Planaren muinaz, nukleoaz ari garelarik, honela irudikatzen dugu: EJEan oinarrituta, 2023tik ezarrita eta operatibo, eta, horri esker, paperean oinarritutako justizia biziki murriztuta; jarduketa eta epaiketa digitalak areagotuko dira, baita aurrez aurre ez direnak ere; adimen artifizialean oinarritutako jarduerekin, hala nola bideograbatutako ikustaldien testualizazioa edo itzultzaile neuronal judizial bat; zerbitzu digitalak herritarren zerbitzura jarrita, produktu garrantzitsuena justizia karpeta izanik; eta justiziako langileek digitalean lan eginez.
Ez ditugu ahaztuko, halaber, zeharkako ildoak, instrumentalagoak, aurreko sare hori guztia abiarazteko; datuetan oinarritutako justizia, hobeto informatzeko eta erabaki hobeak hartzeko; azpiegiturak eguneratzea, direla makinak, direla komunikazio-sareak, direla lanpostu bakoitzari lotutako ekipoak; informazioaren segurtasunarekin eta datu-babesarekin lotutakoa, zibererasoak saihestu eta eskubideak babesteko; eta, azkenik, zerbitzu informatikoen gure egitura aztertu eta hobetzen saiatzea.
Espediente Digital Elektronikoa (EJE) EAEn
Espediente judizial elektronikoa 2023tik ezarrita dago Euskadin. Gaur egun, EAEko Justizia Administrazioaren aplikazio-sistema honako aplikazio hauetan oinarritzen da:
- PSP: Profesionalen ataria.
- Avantius: Prozesu-kudeatzailea.
- Asigna: Doako Justizia.
- JustiziaIkusBI: Bistak grabatzeko sistema.
- JustiziaEus: EAEko JAren webgunea, egoitza judizial elektronikoaren atariak barne hartzen dituena: herritarren eremua eta profesionalen eremua, atari publikoa eta intraneta.
6/2023 Legegintzako Errege Dekretua onartu ondoren, EJEa indartu nahi da paradigma-aldaketa baten bidez, dokumentuan oinarrituta egotetik datuan oinarrituta egotera. 18/2011 Legearekin alderatuz, aurrerapen handia da. Izan ere, duela hamarkada bat paperetik digitalerako trantsizioa planteatzen zen helburu gisa, eta orain hobekuntza nabarmenak lortu nahi dira arlo digitalaren ingurunean.
Arau-esparrua
Gaur egun, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana betearazteko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 19ko 6/2023 Errege Lege Dekretuaren bidez arautzen da, justiziaren, funtzio publikoaren, toki-araubidearen eta mezenasgoaren arloan.
Justizia digitalaren eremuan, errege lege-dekretuak Espainiako errealitate judiziala egungo esparru teknologikora egokitu nahi du, herritarren eta jurisdikzio-organoen arteko harreman digitalari bide emanez.
Legearen oinarrizko puntuak:
- Herritarrei Justizia Administrazioarekin bitarteko telematikoen bidez komunikatzeko duten eskubidea aitortzen die.
- Justiziako profesionalei Justizia arloan eskudunak diren Administrazioek ezarritako sistemak, bitarteko elektronikoak eta aplikazioak erabiltzeko agindua ezartzen die.
- Administrazio eskudunei bitarteko horiek ezartzeko agintzen die.
Informatika Judizialeko aurreko planak
Justiziaren arloko baliabide pertsonal, material eta ekonomikoen eskumenak eskualdatu zirenez geroztik, Informatika Judizialeko lau Plan izan ditugu EAEn:
- Justizia Administrazioaren Informatizazio Plana 1990/1995 (JAIP)
- Informatika Judizialeko Plana 1996/1999 (INJP)
- Informatika eta Telekomunikazio Judizialetako Plana 2000/2003 (ITJPI).
- Informatika eta Telekomunikazio Judizialetako Plana 2008/2011 (ITJP).