Bulego Fiskala
Bulego Fiskala Ministerio Fiskalaren jardueraren euskarri eta lagungarri den izaera instrumentaleko erakundea da.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Justizia Ministerioarekin eta Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoko Bulego Fiskala berregituratzeko oinarriak ezarri ditu. Langileen eta baliabideen antolakuntza berria Justizia Administrazioaren eraberritze prozesuarekin bat dator eta Bulego Judizialarekin eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuarekin bateratuta dago.
Informa zaitez honi buruz
- Zein da antolakuntza-eredu berriaren helburua
- Bulego Fiskal berriaren gakoak
- Euskadiko Bulego Fiskalaren egitura
- Bulego Fiskalaren eginkizunak eta zereginak
- Kalitatea kudeatzeko sistema
Zein da antolakuntza-eredu berriaren helburua
Helburua, Ministerio Fiskalaren funtzionamendua arautzen duten oinarriei erantzuteko gai izango den zerbitzu hobea eta eraginkorragoa eskaintzea da.
Antolakuntza-egitura homogeneo berri bat ezartzeko, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren eskemari jarraituz, Euskadiko Bulego Fiskalaren egitura eta antolaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra Koordinatzeko Batzorde Mistoaren eta Ministerio Fiskalaren 2011ko martxoaren 11ko bileran erabaki zen. Akordioa hurrengo aginduan jasota dago: Agindua, 2012ko otsailaren 6koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskadiko Bulego Fiskal berriaren egitura eta antolaketa zehazten dituena .
Halaber, otsailaren 14ko 18/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Fiskaleko lanpostuen zerrendak onartzen ditu.
Bulego Fiskal berriaren gakoak
Bulego Fiskalaren antolaketa-egitura berria honetan oinarrituta dago:
- Bulego Fiskal bakarra dago.
- Koordinazioa.
- Lanaren espezializazioa.
- Lurraldeka ezarri eta antolatuko da.
- Ministerio Fiskalaren egoitzen kudeaketan eraginkortasuna, eragingarritasuna eta erantzuteko gaitasunaren etengabeko hobekuntza.
Hauek dira erronka garrantzitsuenak, hurrenez hurren:
- Organo judizialen antolakuntza ereduak baldintzatu gabeko egitura eta lanerako modua aurkitu nahi da; legeak ezarritakoaren arabera, eraginkorra izan dadin.
- Esparru komuna sortu nahi da, lanaren banaketa eta antolakuntza eredu ezberdinak ekiditeko. Hala ere, eremu horren baitan, Fiskaltzaren laneko esparru bakoitzaren ezaugarriak errespetatu beharko dira.
- Egitura bertikala bermatzeko bitartekoak ezarriko dira, langileek egindako lana kontrolpean izateko.
- Espezializazioa eta funtzionamendua hobetzeko, eta lanaren gaineko kontrola areagotzeko funtzionarioen lana zentralizatuko da .
- Profil bakoitzak bere ardurari dagozkion lanak egingo ditu (fiskalak eta funtzionarioak).
Euskadiko Bulego Fiskalaren egitura
Euskadin bost Bulego Fiskal daude:
- EAEko Bulego Fiskala
- Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Probintzietako Bulego Fiskalak
- Barakaldoko Lurralde-eremuko Bulego Fiskala
Bulego Fiskala Zuzentzearen ardura Fiskal Nagusiarena eta Probintzietako Fiskalburuena da. Bulego Fiskaletako Justizia Administrazioaren langileak, eginkizunei dagokienez, euren mende daude; laneko antolakuntzari dagokionez, berriz, langileen arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako Zuzendariaren mende daude.
Bulego Fiskalek kudeatzaile edo kudeaketa-arduradunak dituzte; euren ardura da, Bulego Fiskalaren Zuzendaritzaren mende, Bulegoa kalitatearen kudeaketarako sisteman ezarritako jarraibideen arabera koordinatzea.
Gainera, Fiskal Nagusiei eta Probintziako Fiskalburuei atxikitako Idazkari postuak ere ezarri dira. Euren ardura nagusia, buruei laguntza ematea da.
Probintziako Bulego Fiskal bakoitza eta Barakaldoko lurralde-eremua, hurrengo bi lantaldetan banatuta daude: izapidetzako lantaldea eta lantalde orokorra.
Bulego Fiskalaren eginkizunak eta zereginak
Bulego Fiskala Ministerio Fiskalaren euskarria eta laguntzailea da, eta hurrengo lanak egiten ditu:
- Salaketak, agerraldiak eta bestelako dokumentuak informatikoki prozesatu, eskaneatu edo digitalizatuko ditu.
- Atestatuak, eskaerak, idazkiak, dokumentuak, komunikazio egintzak, posta, espedienteak, konbikzio piezak, eta bestelakoak eskura zein telematikoki jasoko ditu eta Fiskaltzaren jardun-eremu ezberdinen beharren arabera arakatuko ditu.
- Sarrerak sailkatu eta banatuko ditu, eta jakinarazpenak eta “prest” dauden prozedurak kudeatuko ditu.
- Adingabeen auziei, prozedura aurreko eginbideei eta ikerketa- eginbideei zenbakia emango die eta espedientea osatzeaz arduratuko da.
- Dokumentu estandarizatuak eta laburpenak betetzeaz arduratuko da.
- Kalifikazioak, ebazpenak, txostenak eta Ministerio Fiskalaren bestelako idazkiak eta idatzagiriak informatikoki dokumentatuko ditu.
- Fiskaltzan egin beharreko edozein prozesu-egintza prestatu, garatu eta dokumentatuko du.
- Bulego Fiskaletik ateratzen den edozelako dokumentu, espediente, konbikzio-pieza, komunikazio-egintza, zerrenda eta abar kudeatuko du eta Ekiteko Protokoloaren eta zerbitzuaren kontrol-adierazleen arabera irteera guztiak zuzenak direla egiaztatuko du.
- Herritarrei eta funtzionarioei harrera egingo die.
- Zerbitzua kudeatuko du eta estatistikak eta kontrol txostenak osatuko ditu
- Bideokonferentziak kudeatuko ditu.
Lan hauek izapidetze-taldeek eta Bulego Fiskaletako lantalde orokorrek egingo dituzte; horiek, era berean, kudeatzaile arduradun batek koordinatu eta kudeatuko ditu, Fiskal Nagusiaren zuzendaritzapean.
Kalitatea kudeatzeko sistema
Kalitatea Kudeatzeko Sistema, jatorriaren arabera prozesu ezberdinetan taldekatutako ekimenak homogeneizatzeko eta zereginak sistematizatzeko antolaketa-tresna da. Prozesu hauek prozedura batez edo batzuez zehaztu daitezke. Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren helburua, Justizia Administrazioak EAEn eskaintzen duen zerbitzu publikoaren hobekuntza jarraitua da. Horretarako, plangintza egoki garatu eta erabakiak hartzeko ezinbestekoak diren emaitzak aztertuko ditu.
EAEko Kalitatea kudeatzeko eredua eta Prozedura-eskuliburua nazioarteko GICA araura egokituta daude.
Bulego Fiskalaren antolakuntza kalitatearen kudeaketa sistemari lotuta dago. Prozeduren gidaliburua kudeaketa sistemaren baitan dago.
Bulego Fiskaleko langileen funtzioak eta betebeharrak Eusko Jaurlaritzak Bulego Judizialari ezarritako metodologiaren arabera ezarriko dira. Metodologia hurrengoa da: Bulego Fiskalak eman behar dituen zerbitzuak zeintzuk izango diren zehaztuko da eta Prozeduren gidaliburuan jasoko dira. Gidaliburua Eusko Jaurlaritzak onartuko du, eta Ministerio Fiskalarekin zein Bulego Fiskaletako langileekin elkarlanean osatuko da.