Bake-epaitegiak
Bake-epaitegia, Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegirik ez duten udalerri guztietan dagoen Justizia Administrazioaren organoa da. Bake-epaitegiak, herritarrari Justizia-Administrazio konplexuaren barruan zerbitzurik errazena eskaintzen dio.
Informa zaitez honi buruz
- Non daude Bake-epaitegiak
- Bake-epaitegi motak
- Zer behar da Bake-epaile izateko?
- Zer egin behar du Bake-epaileak bere agintaldian?
- Bake-epaitegiko Bulego Judiziala
- Bake-epaitegiak eskaintzen dituen zerbitzuak
- Euskadiko Bake-epaitegien zerrenda
- Aurkitu Bake-epaitegi bat
Non daude Bake-epaitegiak
Herritarrak, lurralde-eremu zabala duten lekuetan kokaturik egon ohi den eta guztiok "Justizia Jauregia" deritzogun eraikinik ez duten udalerri guztietan Bake-epaitegi bat aurkituko du; izan ere, Autonomia Erkidegoan, Justizia Jauregiak Bilbon, Barakaldon, Getxon, Gasteizen, Donostian, Eibarren, Tolosan eta abar kokaturik daude.
Bake-epaitegiak, berriz, lurralde-eremu txikiagoa duten lekuetan aurki ditzakegu, adibidez: Leioan, Erandion, Santurtzin, Urtuellan, Laudion, Ermuan, Beasainen, eta abar.
Bake-epaitegi motak
Batzuk astelehenetik ostiralera daude irekita, eta Bake-epaitegi deitzen direnak dira horiek. Beste batzuk, ordea, asteko egun jakin batzuetan bakarrik daude irekita Bake-epaitegietako Idazkaritzen Taldeak.
Zergatik gertatzen da hori? Oso herri txikietan (7.000 biztanletik beherakoetan), duela urte gutxi arte ez zegoen justiziako pertsonal profesional espezifikorik, eta ez zieten arreta egokia eskaintzen. Horregatik sortu ziren Idazkaritzen Taldeak (Justizia Administrazioaren letradu berak zenbait udalerri barne hartzen ditu), herrian bertan orientabidea eskainiko duen pertsona bat egon dadin, bai eta herritarrak udalerri batetik bestera ibil ez daitezen ere.
Pertsona horrek Justiziako beste zenbait profesionalekin batera, asteko egun bakoitzean udalerri ezberdin batera joan beharko du, noski, eta bere Bake-epaitegia egun horretan egongo da irekita beraz, eta bertan, zuri, herritar, zein egunetan joan behar duzun adieraziko dizun informazioa emango dizute.
7.000 biztanletik beherako udalerrietan, edota Bake-epaitegien Idazkaritzen Talderen batean barne hartuta ez dauden udalerrietan, Udaletxeko langileek beteko dute Bake-epaitegien zeregina.
Zer behar da Bake-epaile izateko?
Bake-epaitegien barruan, Justizia Administrazioaren ordezkaria Bake-epailea da.
Bake-epaile izan nahi duen herritarrak adinduna izan beharko du, eta ezin izango du zeregin judizialak betetzeko ezgaitasun edo bateraezintasun-kausarik izan, baina bere lanbide edo merkataritza-jarduera betetzen jarrai dezake.
Horretarako, Bake-epaitegia duten udalerrietako Udalak deialdi bat egingo du, eta nahi duen edozein aurkez daiteke, beti ere bere eskaerarekin batera iragarkian adierazten diren agiriak eta dituen titulu akademikoak aurkeztuz (hala ere, ez da beharrezkoa ikasketak eginda izatea).
Udalaren Osoko Bilkurak pertsona hori aukeratzen duenean, bere Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Bake-epaile izendatuko du, lau urterako.
Zer egin behar du Bake-epaileak bere agintaldian?
Bere herrian gertatu diren 90 eurotik beherako erreklamazioak tramitatzen eta epaitzen ditu.
Era berean, Erregistro Zibila ere bere kargu dago, eta beraz, bikoteak ezkonduko ditu, jaiotzak inskribatuko ditu, eta gai horiei loturiko beste zenbait zeregin ere beteko ditu.
Bake-epaitegiko Bulego Judiziala
Bake-epaitegi guztiek (txikiek eta handiek) bulego judiziala dute, eta bertako funtzionarioek beren zerbitzuak herritarrari zuzenean eskaintzen dizkiete.
Funtzionario horien buru Justizia Administrazioko ofiziala da, eta herritarrek profesional honi eskatu beharko diote organo judizial horretako gaiei edota Lehen Auzialdiko, Instrukzioko, Zigor-arloko, Lan-arloko edo beste edozein Epaitegitako gaiei buruzko informazioa. Ofizialak herritarra beti hartuko du, edo bestela bere arazoa konpontzeko nora jo behar duen adieraziko dio.
Bake-epaitegiak, hala ere, eskumen mugatua du. Ezin du ebazpenik eman, legeak horretarako gaitasuna esleitu ez dion auzietan. Eskumen hori, adibidez, aldatu egin da orain, eta lehen bake-epaitegietan egiten ziren deklarazio asko Lehen Auzialdiko epaile baten aurrean egin behar dira gaur egun.
Bake-epaitegiak eskaintzen dituen zerbitzuak
Erregistro Zibila
Erregistro Zibilari buruzko edozein gai bake-epaitegietan aztertzen da, organo judizial hori dagoen udalerriko erroldan dauden herritarrentzat. Kasu batzuetan zuzenean ebatziko dira (ezkontzako seme-alaben jaiotzen inskripzioak), eta beste batzuetan ebatzi behar duen Erregistroko arduradunari bidaliko zaizkio, baina denak bere udalerriko Erregistro Zibilean egingo dira.
Orientabide gisa, esan dezakegu ondoko gauzak egiten dituztela:
- Ezkontza zibilen espedienteak.
- Ezkontzan izandako seme-alaben jaiotzen inskripzioak.
- Erregistro Zibilak egoitza (Eliza edo Udaletxea) duen udalerrian egindako ezkontzen inskripzioak.
- Erregistro Zibilak egoitza duen udalerrian izandako heriotzen inskripzioak.
- Jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen egiaztagirien laburpenak edo hitzez hitzezko egiaztagiriak ematea, egiaztagiriak Erregistro horretan edo beste edozein Erregistrotan badaude ere, azken kasu honetan Erregistro Zibil batek besteari eskatzen baitizkio.
- Ezkontitzarmenen inskripzioak.
- Jaiotza- edo ezkontza-agiriak lekualdatzeko eskaerak.
- Bizi-agiria eta Egoera-agiria.
Zibil-arloa
Demanda zibilei dagokienez, 90 eurotik beherako kopuruen erreklamazioei buruzkoak bakarrik azter daitezke.
Zigor-arloa
Salaketa penaletan, herritarra edozein gertakariri buruzko salaketa jartzera joan daiteke, baina edozein Polizia-etxetan ere (Udaltzaingoa, Ertzaintza, eta abar) jar dezake.
Lankidetza judiziala beste Epaitegi batzuekin
Azkenik, herritarrari bere Bake-epaitegiak dei egin diezaioke beste Epaitegiren batek eskatu duen komunikazio-egintza edo eginbideren bat egiteko. Eginbide horiek oso garrantzitsuak dira epaiketa bizkortzeko, eta beraz, joaterik ez duenak bere Bake-epaitegiari jakinarazi beharko dio.
Euskadiko Bake-epaitegien zerrenda
Euskadiko Bake-epaitegien zerrenda barruti judizialaren arabera (PDF, 206 KB) deskarga dezakezu; Euskadin dauden 14 barruti judizialen zerrenda da, hura osatzen duten udalerriekin eta dagozkien bake-epaitegiekin.
Aurkitu Bake-epaitegi bat
Euskadiko bake-epaitegietako telefono, helbide, fax eta posta elektroniko guztiak helbideen eta telefonoen atalean aurki daitezke.