Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus

Epaibi

Epaibi

EPAIBI EAEko Justizia Administrazioan hizkuntza normalizatzeko lantaldea da. Epaitegietan euskara erabil dadila bultzatzea da lantaldearen zeregina, eta haren xede nagusia herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, Justizia Administrazioak herritarrak nahiago duen hizkuntza ofizialean arreta eman diezazion.

Zertan egiten dugu lan?

  • Ele bietan jalgitzen diren dokumentuen kopurua handitzen.
  • Justizian lan egiten dutenei prestakuntza ematen, euskara ahoz eta idatziz erabil dezaten.
  • Lana euskaraz egiten lagundu dezaketen tresnak garatzen.
  • Zuzenbideko profesionalei hizkuntza laguntza ematen.
  • Herritarrei laguntza ematen, Justizia Administrazioan hizkuntza eskubideak egikari ditzaten.

Edukien aurkibidea

Hizkuntza normalizazioko proiektuaren helburuak lortzeko, batez ere bost lan ildo hauetan jarduten dugu:

  • Euskararen garrantzia nabarmentzen eta haren erabilera bultzatzen, hala herritarrekiko harremanetan nola eguneroko lanean. Ildo honetan, kontsentsua bilatzen da Sailaren, Justizia Ministerioaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren artean.
  • Justizia Administrazioari tresnez hornitzen, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz eskain dezan, eta jendaurrean erakuts dezan badela gai harremanak eta lana euskaraz ere egiteko. 
  • Justizia Administrazioko funtzionarioen inplikazioa lortzen, euskararen erabilerari dagokionez.
  • Euskararen normalizazioaren aldeko jarrerak sustatzen magistratu, fiskal eta Justizia Administrazioaren letraduen artean.
  • Abokatu Elkargoetako kideen sentsibilizazioan eta gaitasunean eragiten, hizkuntza gaitasunerako hitzarmenen bidez eta lana zein lanean euskaraz egitea errazteko nahiz sustatzeko tresnak sortuz.

Normalizazioko lantaldea diziplinartekoa da, eta taldea osatzen duten lagunak hainbat arlo desberdinetan prestatuta eta arituta daude: hizkuntza  prestakuntzan eta dinamizazioan, dokumentuen normalizazioan...

Hizkuntza prestakuntza

Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen artean, euskara gehiago eta hobeto erabil dadila bilatzen dugu.

  • Hizkuntza eskakizunak: bulego judizialeko lanpostuetako hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko prozesua bultzatzen dugu.
  • Euskara ikastaroak: alfabetatze eta euskalduntze ikastaroak antolatzen ditugu, epaitegietan bertan edo euskaltegietan emateko.
  • Online prestakuntza: informatikak eskainitako aukerak baliatuz, lineako euskara ikastaroak antolatzen ditugu.

Dokumentuen normalizazioa

Komunikazio idatzia funtsezkoa da Justizia Administrazioan, eta normalizazioko lantaldeak berebiziko garrantzia ematen dio izapidetzeko ereduen itzulpenari, herritarrek aukera izan dezaten bi hizkuntza ofizialetatik nahi dutena erabiltzeko Justizia Administrazioarekiko harremanetan. Itzulpen lan horren emaitza izan da estandarizatu den corpus zabal-zabala, arlo judizialeko testu, esapide eta terminoek osatua. Lantaldeak aldiro zabaltzen ditu argitalpen batzuk, corpus horretako edukien ezagutza eta erabilera gizartean hedatzeko. 

Errotulazioan ere eragiten da, hizkuntza paisaiaren alderdi garrantzitsua baita. Horretarako, zaindu egiten dugu justizia jauregietako errotulazioa bi hizkuntza ofizialetan egon dadin, hala epaitegi barrukoa nola herritarrei eta profesionalei zuzendutakoa ere.

Era berean, euskararen idatzizko erabilera errazteko, hainbat tresna informatiko garatu da, dokumentazioa ele bietan izapidetzea eta jaulkitzea ahalbidetzeko, baita epaitegietako izapideketan erabilitako testuak kontsultatu eta berehala itzultzeko ere. Prestakuntza ekintzak gauzatzen dira, langileek tresna horiek erabiltzen jakin dezaten.

Gainera, bada testuen itzulpen zerbitzu bat, Justiziako langileen kontsulta edo eskaerei erantzuten diena ele bietan egiten dituzten dokumentuetako euskarazko testua osatzeko laguntza behar dutenean. Erantzun horietako testuak Justizia Administrazioko itzulpen memorian sartzen dira ondoren.

Hizkuntza dinamizazioa

Euskara bazterturik egon da, denboraren joanean, hainbat eremu formaletatik, besteak beste, Justizia Administraziotik. Horrek atzera eragin dio hiztunari, euskara normaltasunez erabiltzeko aukera hutsaren hurrengoa dela barnerarazten baitio. Hori dela eta, jarrera positiboak harrarazteko eta hizkuntza erabiltzera bultzatzeko, lantaldeak sentsibilizazio eta motibazio ekintzak egiten ditu, hala Justizia Administrazioko barruko pertsonalari zein egungo eta biharko profesionalei begira, nola herritar guztiei begira.

Justizian euskara erabiltzea oztopatzen duen alderdietariko bat da eragile juridiko desberdin askok parte hartzen dutela prozeduretan, eta horrek zaildu egiten du hizkuntza bultzatzeko alde bakarreko ekimenak eratzea. Aniztasun hori koordinatzeko, Auzia Euskaraz proiektua aurkeztu zen 2013an, auzi judizialak euskaraz osorik izapidetzea ahalbidetzeko, demanda aurkezten denetik harik eta epaia eman arte. Horretarako, dinamizazio ekintzak antolatu eta gauzatzen dira prozeduretan parte hartzen duten eragileen taldeekin.