Zein ezberdintasun daude ezkontza zibilaren eta izatezko bikotearen artean?
Estatu mailan araudi komunik ez dagoenez, Autonomia Erkidego bakoitzak izatezko bikoteei buruzko araudi propioa du. Euskadin Izatezko Bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea , eta ekainaren 22ko 124/2004 Dekretu bidez onartutako Izatezko Bikoteen Erregistroaren Araudia daude.
Parekatzea
Seme-alaben arloan, erabat parekatuta daude gurasoek dituzten eskubide eta betebeharrak. Adopzio eta harrera-hartze kasuetan ere, eskubide eta betebeharrak parekatuta daude.
Oinordekotza erregimenari dagokionez, bikotea foru araudiaren menpe dagoen kasuetan (5/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa ), ezkontza eta izatezko bikoteak parekatuta daude; baita kideetako bat testamenturik egin gabe hiltzen bada ere.
Ezkontza zibiletan bezala, 16 urtetik gorako adingabe emantzipatuak ere izatezko bikote izan daitezke.
Ezberdintasunak
Izatezko bikoteen eta ezkontza zibilen artean, fiskal arloko eta ondare komunaren kudeaketaren arloko ezberdintasunak daude gehienbat.
Alargun-pentsioa jasotzeko baldintzetan ere zenbait ezberdintasun daude. Izan ere, alargun gelditu den izatezko bikotekideari, ezkontideari eskatzen ez zaizkion baldintzak esigitzen zaizkio. Baldintzok 174.3 Gizarte Segurantzaren 174.3 Lege Orokorrean zehaztuta daude; horren arabera, izatezko bikotekideek erroldatze-ziurtagiriaren bitartez bost urtez elkarrekin bizi izan direla egiaztatu behar dute. Horrez gain, izatezko bikotea heriotza data baino bi urte lehenago erregistratuta egon behar da. Bestalde, bizirik dagoen bikotekideak diru-sarrera muga izango du pentsioa kobratu ahal izateko.
Lan arloari dagokionez, Langileen Estatutuari erreparatuz gero, langileak ezin du opor egunik hartu izatezko bikote gisa elkartzeagatik. Opor egunak hartzeko eskubidea hitzarmen kolektiboak jaso beharko du. Eskaera aurretiaz egin behar da, eta izatezko bikote gisa erregistratzeko unean hartu behar dira opor egunak. Ezin dira egunak gorde.
Bikotea apurtzen bada, dibortzioetan bezala, bikotekide ohiak konpentsazio-pentsioa ordaintzeko eska dezake (Euskadin). Adostasunik ez badago, erabakia epaileak hartuko du. Beti ere, eteteak ondare ezberdintasuna eragiten badu edo bikotekide ohi bat bidegabe aberasten bada bakarrik hartuko du parte epaileak. Adibidez, bikotekide batek seme-alabak zaintzeko lan ibilbidea bertan behera utzi dutenen kasuetan.
Erregimen ekonomikoari dagokionez, bikotekideek ekonomia eta ondare arloko harremanak arautzeko autonomia dute, baina itun arauemailerik egon ezean, Kode Zibilaren ondasun-banantze erregimena ezarriko da. Bikoteak, borondatez -Legeak ez baititu horretara behartzen- dagokion ekonomia eta ondare arloko harremanak arautzeko ituna edo hitzarmen arauemailea adostu dezake. Akordioa publikoa (Notario aurrekoa) ala pribatua izan daiteke; bigarren kasuan Izatezko Bikoteen erregistroan gordeko da. EAEko erregistroetan itun pribatua sinatzeko ereduak daude (ez da derrigorrezko horiek erabiltzea). Ereduak erregistro zibiletan Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaien Sailaren web atarian daude.
Espainiako eta atzerriko biztanleen arteko ezkontzetan, berriz, izatezko bikotekide gisa erregistratzen den atzerritarrak europako egoiliar familia-txartela eskuratuko du (bost urterako da eta ez da zertan espainian kotizatu behar). Espainiar batekin ezkonduz gero, berriz, urtebetez Espainian bizi ostean nazionalitatea eska daiteke.