Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Eskubideak pausoz pauso: memoriarako eskubidea

Argitalpen-data: 

Memoriarako eskubidea eskubide konplexua da, eta norbanakoei zein gizarte osoari eragiten die; izan ere, alde batetik, pertsonek gauzak askatasunez gogoratzeko edo ahazteko duten askatasun indibiduala dago, eta, bestetik, zerbaitengatik gogoratua izateko edo ez izateko eskubide indibiduala edo kolektiboa dago.

Memoriarako eskubidea eskubide konplexua da, eta norbanakoei zein gizarte osoari eragiten die; izan ere, alde batetik, pertsonek gauzak askatasunez gogoratzeko edo ahazteko duten askatasun indibiduala dago, eta, bestetik, zerbaitengatik gogoratua izateko edo ez izateko eskubide indibiduala edo kolektiboa dago. Lehenengoa gizakiaren oinarrizko eskubidea den bitartean, bigarrena memoria historikoaz arduratzen da, biktimak eta biktimagileak barne hartzen dituena, herritar guztiei eragiten diena eta legeak arautzen duena. Memoria Historikoak, beraz, giza taldeek beren iragana aurkitzeko egiten duten ahalegin kontzientea adierazten du, iragana baloratuz eta errespetu bereziz tratatuz.

Memoria historikoa munduko hainbat herrialdetan

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Alemanian, herrialdea birgaitzeko nazioarteko laguntza eskuratzeko badintza gisa, nazismoaren aztarna guztiak ezabatu ziren; Italian, berriz, erahilak hobi komunetatik ateratzeko biktimen lege bat egon zen. Txilen, 1990ean Pinocheten diktadura amaitu bezain laster, Egiaren Batzordea sortu zen eta Argentinan, 1983an Videlaren diktadura amaitu ostean, Conadep Pertsonen Desagerpenari buruzko Batzorde Nazionala eratu zen (Argentinan memoria historikoa berreraikitzeko funtsezko urratsa zen).

Espainiako Estatuari dagokionez, 2020ko irailaren 15ean, Ministroen Kontseiluak Memoria Demokratikoaren Lege Aurreproiektua onartu zuen. Lege horrek 2007ko Memoria Historikoaren Legea ordeztuko du. 2007ko Legearen garapena, hainbat arrazoirengatik, geldirik egon da hainbat urtez.

Aranzadiko kideak Gipuzkoan lanean

Memoria Demokratikoaren Legea

Memoria Demokratikoaren Lege Aurreproiektuak egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak sustatzeko NBEko errelatore bereziak egindako gomendioen zati bat jasotzen du. Izan ere, Pablo de Greiff errelatoreak 2016. urtean Espainia bisitatu zuen eta horren arabera txosten luze bat argitaratu zuen; bertan, Espainiako Estatuak arlo horretan egin gabe dituen zeregin guztiak jaso zituen, besteak beste: desagertuak aurkitzea eta gorpuak hobitik ateratzeko sistema aldatzea, Frankismoko epaiak deuseztatzea, artxiboak irekitzea eta historiaren narrazio  ofiziala egituratzen lagunduko duen erakunde bat sortzea.

Paco Etxeberria, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra eta Auzitegi Medikuntzako mediku espezialista, Lehendakaritza Ministerioari atxikitako Memoria Demokratikoaren Idazkaritzako aholkularia da gaur egun. Horren aurretik, Justizia Ministerioko aholkularia zen, memoria historikoaren eta biktimen DNA bankuaren arloetan. Pacok 20 urte baino gehiago daramatza Espainiako Gerrako eta Francoren diktadurako hobi komunetan zentratuta, eta harekin baloratu nahi izan dugu lege berri honek Espainiako Estatuko Memoria Historikoari egingo dion ekarpena.

Zer beste aholkulari eta zer esparrutakoak egon dira lege berriaren erredakzioan? Nazioarteko aholkularirik egon al da?

Nik aurretik ere Justizia Ministerioan gai hori zeramatenekin kolaboratzen nuen, bai eta beste autonomia-erkidego batzuekin ere. Oraingo erredakzioan hiru aholkulari gara: legelari bat, antropologo sozial bat eta ni neu. Estatu-idazkaria ere, Historia Garaikideko katedraduna da eta gai hori ondo ezagutzen du. Lege berriaren zirriborroa idazteko, iritzi asko hartu dira kontuan, eta, bereziki, Nazio Batuen errelatore bereziarenak. Horrez gain,  esparru askotan egon den esperientzia eta eztabaida ere kontuan hartu da. Izan ere, adibidez, Gipuzkoan bakarrik memoria historikoko mila ekintza baino gehiago  egin dira azken urte hauetan.

Europako Kontseiluko parlamentu-batzarrak Espainiako Gerran eta ondorengo diktaduran gertatu ziren giza eskubideen urraketak kondena zitzan 2006ra arte itxaron behar izan genuen. Lehen Memoria Historikoaren Legea 2007an onartu bazen ere (Konstituziotik 29 urtera), 2011n aplikazioa geldiarazi zen. Memoria Demokratikoaren Lege berria 2021an iritsiko da. Ez al da apur bat berandu?

Gure arteko arazo espezifikoetako bat soziologia frankista baten iraupena izan da, guztioi eragiten diguna, eta aldi berean, Giza Eskubideen aldeko kultura hazi egin da. Ez dezagun ahaztu beldurrak diktaduran izan zuen eragina: pertsona askori ahanztura inposatu zioten, eta horrekin batera, ezjakintasunean garatu den belaunaldi berri bat daukagu. Gu babesteko, gure gurasoek ez ziguten zoritxar guztia kontatu, hitz batean esanda, "aurrera" egin behar zelako. Egia da berandu iritsi garela, eta horregatik errudun sentitzen gara. Adibidez, Madrilgo Parlamentuak 2002an gaitzetsi zuen lehen aldiz "diktadura frankista": ordura arte, "aurreko erregimena" deitzen zioten.

Senitartekoen omenaldia Gipuzkoako hobian

Lege-aurreproiektuak Memoria Demokratikoarekin lotutako zenbait alderdi arautzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta beste autonomia-erkidego batzuetan araututa zeudenak. Nola osatzen ditu lege autonomiko horiek?

Hainbat urtetan zehar, Estatuko Administrazio Orokorraren inplikazio instituzionalik ez zegoenez, autonomia-erkidegoek gai honetan esku-hartu  zuten. Orain, lidergo handiagoa gauzatzea eta ekintzak koordinatzea falta da, hori bai, orain arte abian jarritako dinamika horiek oztopatu gabe. Eta horren ondoren, sortutako informazio guztia ofizial egin behar da. Lege berriak autonomia-erkidego horietan lehendik zegoena indartuko du. Alderdi garrantzitsuenetako bat Fiskaltza Berezi bat sortzea da. Horren bitartez,  egiten ari den lan guztia baliozkotu egingo da; izan ere, ikerketen emaitzak ofizialdu behar dira, auzitegi-zientziei dagozkien formalitate jakin batzuk betez. Gogora dezagun Fiskalburua Euskadiko zenbait deshobiratzetan egon dela, eta hark lekuan esandako hitzak oso garrantzitsuak izan dira: "Ondo iruditzen zait egiten ari dena". Hori da gure agintariengandik espero duguna.

Lege berriak DNA datu-base zentralizatua sortzea aurreikusten du. Senideak identifikatzeko aukera gehiago egongo dela esan nahi du?

Beharrezkoa da biltegi komun bat izatea, hainbat laborategik aztertzen dituzten profil genetiko guztiak batzeko, bai berreskuratzen ditugun hezurdurenak, bai senideenak. Zentralizazioa baino gehiago, koordinazioa da. Badira euskaldunak Asturiasen lurperatuak eta asturiarrak Euskadin lurperatuak. EHUko auzitegi-genetikako laborategia prest dago horretarako.

Gerraren biktimen errolda nazionala sortzea aurreikusita dago. Gezurra dirudi oraindik ez egotea, eta ez jakitea zehazki zenbat biktima izan ziren…

Hori oso harrigarria da nazioarteko begiraleentzat: datu ofizialak dituen errolda falta da oraindik. Eta egia ofizial horren gabeziaren parte da. Hemen, Euskal Herrian ere, oso aurreratuta goaz Gogora Institutuaren politikari esker.

Lege-aurreproiektuan aipamen berezia egiten zaio emakumeen memoria demokratikoaren aitorpenari. Ahaztu handiak direla esan genezake?

Espazio ezezagunagoa da. Gerrako heroiak daude, batzuk irabazi zutenak eta beste batzuk galdu zutenak. Baina errepresaliatuak izan ziren eta familiak hondamenditik atera zituzten emakumeei buruz gutxiago dakigu. Gainera, emakumeek, beren izaeragatik, bi aldeetan galdu zuten. Egia esan, ideia eta ilusio aurrerakoi guztien inboluzioa gertatu zen.

Azkenik, lege honek elkarteek planteatzen dituzten behar guztiak betetzen al ditu, edo oraindik ere zenbait kontu argitu gabe daude?

Legea errealista da eta orain kontsulta publikoaren fasean dago. Laster sartuko da Parlamentuko eztabaidan, eta hobetu egin daiteke. Seguruenik, azken aukera izango da memoria historikoa jorratzeko, oraintsuko memoriaz ahaztu Gabe.