Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Hasiera > Zinpekogaia

Zinpekogaia

Justizia Administrazioak aukera ematen die herritarrei jakineko delitu batzuen epaiketetan parte hartzeko. Herritar guztien eskubidea da, bai eta lankidetza-betebeharra ere, Zinpekoen Epaimahaiari buruzko Lege Organikoko eskakizunak betetzeari dagokionez. Eskubide horren alde egiteko, Legean ezarri da Administrazioak zinpekogaiei ordaindu egin behar diela euren funtzioak egikaritzen dituzten bitartean.

Epaimahaiaren egitekoa

Epaimahaiak erabakitzen du ekintzan edo delituan parte hartzeaz akusatutako pertsonak errudunak diren ala ez. Behin epaimahaiak berediktua ematen duenean, magistratuari dagokio epaia ematea. Epaimahaiak independentziaz, erantzukizunez eta legeari men eginez jokatuko du.

Gora itzuli

Zinpekoen Epaimahaietan epaitzen diren delitu motak

  • Giza hilketa
  • Mehatxuak
  • Sorospen-eginbeharra ez betetzea
  • Bizilekua bortxatzea
  • Desleialtasuna agirien zaintzan
  • Funtzionario-eroskeria
  • Eragimen-trafikoa
  • Ondasun publikoak bidegabe eralgitzea
  • Iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpena
  • Funtzionarioei debekatutako negoziazioak
  • Desleialtasuna presoen zaintzan

Gora itzuli

Epaimahai bateko kide izateko honako baldintza hauek bete behar dira:

  • Adin nagusikoa izatea, eta eskubide politikoak egikaritzeko ahalmen osoa izatea.
  • Irakurtzen eta idazten jakitea..
  • Izendapenaren garaian, epaituko den delitua egindako probintziako edozein udalerritako herritarra izatea.
  • Zinpekogai izateko ezgaitasun fisiko edo psikikorik ez izatea.

Baldintzak Zinpekoen Epaimahaiari buruzko Lege Organikoko 8. artikuluak batzen ditu.

Gora itzuli

Zinpekogai ez izateko aitzakiak:

  • 65 urte baino gehiago izatea.
  • Zinpekogai izendatu aurreko lau urteetan zinpekogai lanak egin izana.
  • Arazo larriak edukitzea familia kargen ondorioz.
  • Interes orokorreko lanak egitea, baldin eta ordezteak kalte larriak sortuko baditu.
  • Atzerrian bizitzea.
  • Jarduneko militar profesionala izan eta zerbitzuan izan beharra gertatzea.
  • Zinpekogai izatea modu larrian eragozten duen beste edozein arrazoi, behar bezala argudiatu eta egiaztatuz gero.

Gora itzuli

Zein da hautaketa-prozesua?

  1. Bi urtetik behin, epaimahairako hautagaien zerrenda berria egiten da indarrean dagoen hautesleen erroldarekin.
  2. Hautagaien zerrenda jendaurrean eduki ondoren, zozketa publikoa egiten da.
  3. Hautatua izan bazara, bete beharko duzun eginkizunari buruzko informazioa emango dizun jakinarazpena jasoko duzu.
  4. Inprimaki bat bete eta jaso ondorengo bost egunen barruan bidali beharko duzu.
  5. Hautatutako inork ezingo dio uko egin Zinpekoen Epaimahaian parte hartzeari, arrazoi justifikatuak aurkeztuta kanpoan gera daitekeen arren. Horretarako, erreklamazio-aldi bat egongo da.
  6. Gutxienez 20 hautagai aurkeztu behar dira epaimahairako, eta defentsak eta akusazioak nahi dituzten guztiak bazter ditzakete inolako arrazoirik aurkeztu gabe.
  7. 9 kide eta bi ordezko hautatuta eratuko da epaimahaia.

Gora itzuli

Zinpekogai izan ez direnak

  • Dolozko delituagatik kondenatu eta errehabilitazioa lortu ez dutenek.
  • Ahozko judizioa egiteko edo epea zehazteko zain dauden prozesatu edo akusatuak, edo atxilotuak, behin-behineko espetxeratuak edo delituagatik zigorra betetzen ari direnak.
  • Prozedura penalaren ondorioz enplegu edo kargu publikorik gabe utzitakoak, eteteak irauten duen bitartean.

Gora itzuli

Zinpekogai izateko bateraezintasunak

Legearen arabera herritar batzuk ezin dira zinpekogai izan beren lan-jardunaren ondorioz. Hauek dira Legeak zehazten dituen bateraezintasunak:

  • Errege-familia.
  • Kargu hautetsiak, eta Gobernu zentraleko zein erkidegoetako gobernuetako kideak.
  • Justizia Administrazioko hainbat organismoetako pertsonak. Espetxeetako funtzionarioak.
  • Jarduneko letradun eta prokuradoreak. Unibertsitateetan arlo juridikoak edo auzitegi-medikuntza irakasten duten katedradunak edo irakasle titularrak.
  • Jarduneko segurtasun indarretako eta kidegoetako kideak.
  • Nazioarteko erakundeetako diplomazialari eta ordezkari iraunkorrak.

Gora itzuli

Nork ezin du epaimahai batean parte hartu?

  • Judizioko alderdietako batekin, magistratu lehendakariarekin edo auziko abokatu edo prokuradoreekin ahaidetasun-harremanak dituztenek.
  • Lekuko, aditu, fidatzaile edo interprete gisa parte hartu dutenek.
  • Auzian interesa dutenek.

Gora itzuli

Zinpekogai naiz. Zer gertatuko da epaiketara joaten ez banaiz?

Magistratuaren aurrean ez aurkezteko arrazoirik ez baduzu, isuna jaso zenezake. Bigarren deialdi batean berriro justifikaziorik gabe huts egiten baduzu, isuna zure diru-sarreren proportzioan handituko da.

Gora itzuli