Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Justizia > Laguntza judiziala > Ohiko galderak

Orientazio Juridikoko Zerbitzua

Orientazio Juridikoko Zerbitzuari buruzko ohiko galderak

Zer esan nahi du Doako Laguntza Juridikoa eskatzeak?

Pertsona batek doako laguntza juridikoa eskatzen duenean, Administrazio Publikoari (kasu honetan Eusko Jaurlaritzari) eskatzen ari zaio bere gain har ditzan pertsona hori parte izango den prozedura judizialaren gastuak. Diru-laguntza horrek abokatuaren, prokuradorearen eta perituen ordainsariak, buletinetan iragarkiak jartzea, eta abar barne hartuko ditu.

Gora itzuli

Nork ebazten ditu doako laguntza juridikoaren eskaerak?

Orientazio Juridikoko Zerbitzua arduratzen da behin-behineko txostenak eta ebazpenak emateaz; ondoren, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak berretsi edo ezeztatu egin beharko ditu txosten horiek. Eskatzailea ebatzitakoarekin ados ez badago, errekurtsoa jar dezake, batzordeko Justizia Administrazioaren letraduaren aurrean edota Epaitegi Dekanoan.

Gora itzuli

Zer prozedura-motetan eska daiteke doako laguntza juridikoa?

Doako laguntza juridikoa edozein motatako prozedura judizialei aplika dakieke, bai eta konstituzioaren babes-errekurtsoei eta prozedura aurretiko aholkularitzari ere.

Gora itzuli

Zer hartzen da kontuan gutxieneko soldata kalkulatzeko?

Gutxieneko soldatan diruz egindako ordainketa zein gauzazko ordainketa hartzen dira kontuan. Soldata hori jarduera bakoitzaren legezko lan-jardunari dagokio. Eguneko soldata izanez gero, ez da aintzat hartzen igande eta jai-egunen zati proportzionala. Lanaldia egun osokoa ez bada, proportzionalki kalkulatuko da.

Gora itzuli

Zein da 2018ko lanbide arteko gutxieneko soldata?

2018. urterako, edozein jardueratako langileen gutxieneko soldata, generoa eta adina bereizi gabe, eguneko 17,93 eurokoa da, hileko 537,84 eurokoa edo urteko 6.454,03 eurokoa.

Gora itzuli

Lanbide arteko gutxieneko soldata gehitzeak ba al du eraginik Doako Laguntza Juridikoaren Legeak ezarritako zenbatekoan?

Ez. 1793/2003 Errege Dekretuan, abenduaren 26koan, zehaztutako zenbatekoek indarrean jarraitzen dute, baina kontuan hartu beharra dago erreferentzia aldatu egin dela eta Ondorio Askotarako Errentaren Adierazle Publikoa (OAEAP) delakora moldatu beharra dago.

3/2004 ELD indarrean sartu zenetik, eta horren 2. artikuluaren arabera, Estatuaren indarreko arauan jasotako lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) erreferentziatzat, edozein tartekoak izanda ere, OAEAP hartuko da. Moldaketa horrek ez die erkidegoetako araudiei eragingo, berariaz besterik xedatzen ez bada, 1793/2003 EDak finkatutako LGS hartuko baitute erreferentziatzat. LGS horrek eta 2004ko abenduaren 31ra arte indarrean egondako OAEAPk (2. artk) zenbateko berak dituzte. Data horretatik aurrera, erkidegoetako LGSko adierazleak, kontrako xedapenik egon ezean, OAEAPren proportzio berean eguneratuko dira.

Gora itzuli

Zer da ofiziozko abokatua?

Abokatuen Elkargoak izendatutako pertsona da, eskaera egin duen pertsonaren interesak defendatzeko, bai eta abokatua izendatzeari uko egin dieten pertsonen interesak defendatzeko ere, prozedurak aurrera jarrai dezan abokatua izendatzea ezinbestekoa den kasuetan behar ez den atzerapenik egon ez dadin. Ofiziozko abokatuak ordezkatutako pertsonak ez du profesional horren ordainsaririk ordainduko, baldin eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak hala erabaki badu.

Gora itzuli