Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Justizia > Justizia Leheneratzailea

Justizia Leheneratzailea

Justizia Leheneratzailea, hain zuzen, biktimari eragindako kaltea konpontzeko justizia-eredu alternatiboa da. Justizia Leheneratzailearen tresna nagusia bitartekaritza da: gatazkan nahasita ez dagoen beste pertsona batek esku hartu, eta biktimaren eta salatutako pertsonaren arteko bitartekaritza egiten du, salatutako pertsonak biktimari berak sortu duen egoera gainditzen lagun diezaion.

NBEren arabera, Justizia Leheneratzailea arazoak konpontzeko metodologia bat da, eta funtsezko printzipio hauxe du oinarri: delituzko jokabideak, legea urratu ez ezik, biktimei eta komunitateari kalte egiten die.

Izan ere, batzuetan, biktimak galera bikoitza izan ohi du: alde batetik, legea hautsi duenari dagokionez, eta, bestetik, ezin duelako guztiz parte hartu prozesu penalean.

Alde horretatik, Justizia Leheneratzaileak balioa ematen dio biktimari; dagokion protagonismoa itzultzen dio, eta zigor-sistemaren arloko funtzioak areagotzen ditu, modalitate guztietako kaltea konponduta (ondarezkoa, sinbolikoa edo emozionala).

Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa

Joan den ekainean, Donostian egindako “Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoa, justizia-eredu berritzaileetarantz” Europako I. Batzarra, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen Euskadin zigor-eredu tradizionala baino modernoagoa, eraginkorragoa eta gizatiarragoa izango den justizia leheneratzailea ezartzeko. Izan ere, eredu tradizional horren helburu bakarra kaltea eragin duten pertsonak zapaltzea, zigortzea eta gizartetik baztertzea da. Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Justizia Leheneratzailearen metodo berriei esker auzitegietako karga arindu daiteke, Justizia errazago ezar daiteke eta baliabide publikoak zentzuz erabil daitezke.

Hain zuzen ere, Justizia Leheneratzaileak delituzko jokabide batek eragindako kaltea konpontzea du xede nagusi, biek irtenbide bat lor dezaten delituaren larritasuna edozein dela ere. Justizia Leheneratzaileak ez du ordezten Justizia Saritzailea (zigortzailea); helburua da Justizia gizatiarragoa lortzea eta zigor-sistemaren funtzionamenduan elkarrizketa sartzea, hala delituak biktimari eragin dizkion ondorio larriak nola erakundeek lege-hausleari ezarri dizkioten zigorrak arindu edo egokitze aldera.

Donostian egin zen Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoa, justizia-eredu berritzaileetarantz Europako I. Batzarra, 2016ko ekainean.