Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Justizia > Justizia ezagutu > Zer da Botere Judiziala?

Zer da Botere Judiziala?

Organo multzo bat da eta legeak betetzen direla zaintzen du. Organo horiek epaitzeko ahalmena duten bakarrak dira eta udalerrika, barruti judizialka eta autonomia erkidegoka antolatzen dira.

Botere Judiziala arautzen duten legeak

Botere Judiziala 1978ko Espainiako Konstituzioko VI. Tituluak eta hori garatzen duen 2015eko Botere Judizialaren Lege Organikoak arautzen dute (1985eko Legea aldatzen duena). Lege horrek arautzen ditu konstituzioa, epaitegi eta auzitegien gobernua eta funtzionamendua, eta Botere Judizialaren funtzioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak berriz, Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren antolaketa ezartzen du I. eta III. tituluetan.

Konstituzioaren arabera, Justizia Administrazioaren eskumena Estatuarena da soilik (149. art.) eta hobeto gara dadin, Euskal Autonomia Erkidegoak jasoak ditu Justizia Administrazioaren giza baliabideen eta baliabide materialen transferentziak.

Gora itzuli

Botere Judizialaren Lege Organiko berriaren berrikuntzak

7/2015 Lege Organiko berriak, irailaren 21ekoak, 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, aldatzen duenak, Justiziaren antolakuntza hobetzeko neurri-sorta zabala dakar. Arau berriak, organo judizialen erantzuteko denbora-tarteak laburtu, espezializazio handiagoa erdietsi eta euren eskubideen defentsan auzitegietara jotzen duten herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzea du helburu.

BJLO berriaren berrikuntza nagusiak hurrengoak dira:

  • Antolakuntza Judiziala. BJLOk, une zehatzetan auzi kopuru handiegia egotea eragin dezaketen berariazko gaiak ebazteko epaitegien espezializazioari ezarritako murrizketak ezabatu ditu.
  • Karrera Judiziala 72 urtera arte lanean jardutea eskatu ahal izango dute.
  • Idazkari judizialen Kidegoa. Hemendik aurrera kidegoaren izena Justizia Administrazioaren Letraduak izango da. Horrez gain, prozedura-legeek hala ezartzen dutenean, eskumen berriak izango dituzte, hala nola, bitartekaritza eta izapidetza, eta dagokionean, prozedura monitorioak ebazteko eskumena.
  • Genero Indarkeriaren aurkako borroka. BJLOk genero indarkeria arloan egindako aldaketek espezializazio handiagoa lortzea eta biktimari erantzun hobea ematea dute helburu.
  • Ezintasuna duten norbanakoak. Enplegu-eskaintza publikoan, Justizia Administrazioko langileen arloan, %5tik %7ra igo da ezintasunen bat duten pertsonentzat gordetako ehunekoa.
  • Auzitegi-Medikuntzako Institutua. Testu berriaren arabera, Auzitegi Medikuen Erkidegoan sartzeko Auzitegi Medikuntzako espezializazioa edukitzea ezinbestekoa izango da.
  • Teknologia berriak. BJLOn jasotakoaren arabera, Epaitegi, Auzitegi eta Fiskalek euren esku dituzten bitarteko tekniko eta elektronikoak erabili behar dituzte.
  • Gardentasuna. Gardentasun handiagoa erdiesteko, presidenteak, kideek eta BJKNren idazkariak ondasunen aitorpena egin beharko dute.
  • Kasazio-interesa. Auzitegi Gorenean, Administrazioarekiko auzien arloan aurkaratzea jartzeko orain arte ezarritako 600.000 euroko gutxieneko bermea kendu da.  

Gora itzuli

Botere Judizialak bete beharreko printzipioak

Botere Judizialak independente izan behar du Estatuko gainerako botereekiko

Kanpo presiorik gabe epaitu behar du, arauak inpartzialki aplikatzeko eta administrazio publikoak legez jokatzen duela kontrolatzeko. Horrela, herritarrei beren eskubideak baliatzeko babes eraginkorra eskaini ahal izango die.

Epaileek epaitu eta epaitutakoa betearazi egin behar dute

Epaileek ebazpen judizialak betetzen direla ziurtatzeko betebeharra dute eta, herritarrek, berriz, ebazpen horiek betetzekoa, baita prozesuan eta ebatzitakoa gauzatzean eskatzen zaien laguntza ematekoa ere.

Epaitegiei bakarrik dagokie epaitzea eta epaitutakoa betearaztea

Batasun jurisdikzionalaren printzipioa esaten zaio horri: Espainiko lurraldean espainiarren artean, atzerritarren artean eta espainiarren eta atzerritarren artean egiten diren judizioez arduratzen dira.

Epaileek inpartzialtasunez eta objektibotasunez jokatu behar dute

Beren epaiak frogetan soilik oinarritu behar dituzte eta, inola ere ez, balorazio subjektiboetan edo pertsonaletan.

Gora itzuli

Nork antolatu eta kontrolatzen ditu epaitegiak eta auzitegiak

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKNk) eta horren menpekoek gobernatzen dituzte Botere Judiziala osatzen duten epaitegiak eta auzitegiak.

BJKNren eginkizun nagusia epaileek eta magistratuek modu independentean eta inoren esku-sartzerik gabe epai dezaten zaintzea da.

Hala ere, Botere Judizialaren organoa izan arren, ez da organo jurisdikzionala, ez du funtzio judizialean parte hartzen. Epaitegiei eta auzitegiei dagokie funtzio hori. Epaitzeko funtzioari dagokionez, Auzitegi Gorena da Estatuko organo gorena.

Madrilen du egoitza nagusia, baina Bartzelonan eta Donostian ere baditu egoitzak.

Osaera: BJKN presidenteak (aldi berean Auzitegi Goreneko presidente ere bada) eta 20 mahaikidek osatzen dute. Mahaikide horietatik 10 Diputatuen Kongresuak proposatutakoak dira eta gainerako 10ak Senatuak proposatuak. Karrera judizialeko kideen artetik (12) eta jurista entzutetsuen artetik (8) aukeratzen dituzte.

Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu BJKNren web-orrian.

Gora itzuli

Nola banatzen da lurraldea ondore judizialerako

Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko 1988ko Legeak Estatuko lurraldearen banaketa egiten du ikuspuntu judizialetik, toki bakoitzak epaitegi jakin batzuk izan ditzan, toki horretako populazioaren eta beharren arabera.

Lege horren arabera, honakoa da Estatuaren antolaketa judiziala:

Udalerriak: udalerri bakoitzean Bake Epaitegi bat dago (udalerrian lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegia baldin badago salbu).

Barruti judizialak: barruti judizial bakoitza udalerri batek edo mugakide diren hainbat udalerrik osatzen dute. Udalerriak probintzia berekoak izaten dira (probintziako udalerri guztiak izan daitezke).

Probintzia: probintzia bakoitzean Probintzia Auzitegi bat dago.

Autonomia Erkidegoa:autonomia erkidego bakoitzean Justizia Auzitegi Nagusi bat dago.

Gora itzuli