Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Justizia > Justizia ezagutu > Zein dira organo judizialak?

Zein dira organo judizialak?

 
 

Euskal Autonomia Erkidegoan antolaketa hori nolakoa den jakin nahi izanez gero, hemen duzu horri buruzko atal bat.

Auzitegi Gorena (art. 53 eta s.s. LOPJ)

Jurisdikzioa: Jurisdikzio-ordena guztien artean (zibilekoa, zigor-arlokoa, administrazioarekiko auzietakoa eta lan-arlokoa) organo gorena da. Ez dago Auzitegi Gorenaren erabakien aurkako errekurtsorik aurkezterik, Konstituzio Auzitegiaren aurrean ez bada, eta Justizia Administrazioak Konstituzioak jasotako oinarrizko eskubide edo askatasunen bat urratu duela alegatuz soilik. Espainia osoan du jurisdikzioa eta Madrilen du egoitza.

Osaera: Auzitegi Gorena presidenteak, saletako presidenteek eta Legeak sala bakoitzerako izendatutako magistratuek osatzen dute.

Bost Salak osatzen dute: Lehenengo Salak (zibila), Bigarren Salak (zigor-arlokoa), Hirugarren Salak (administrazioarekiko auziena); Laugarren Salak (lan-arlokoa) eta Bosgarren Salak (militarra). Salak, era berean, Ataletan banatuta egon daitezke.

Auzitegi Goreneko Saletako magistratuak karrera judizialean magistratu kategorian gutxienez hamar urteko esperientzia izanik, karrera judizialean gutxienez hamabost urteko esperientzia dutenen artetik eta gaitasun aitortua izanda jardun profesionalean gutxienez hamabost urte daramatzaten juristen artetik hautatzen dira.

Gora itzuli

Auzitegi Nazionala (art. 62 eta s.s. LOPJ)

Jurisdikzioa: Auzitegi Nazionalak Espainia osoan du jurisdikzioa. Madrilen du egoitza. Kasu jakinez arduratzen da, dagozkion gaien arabera, bai auzialdikoez, bai apelazioez.

Osaera:: Honakoek osatzen dute auzitegia:

  • Bi saladun zigor-arloko jurisdikzio-ordena: Zigor-arloko Sala eta Apelazio Sala (Koroaren edo gobernukideen aurkako delitu jakinak, krimen antolatuko delituak, esaterako, terrorismoa, narkotrafikoa, dirua faltsifikatzea, eta lurralde nazionaletik kanpo eginiko delituak)
  • Sala bakarreko administrazioarekiko auzietarako jurisdikzio-ordena: Administrazioarekiko Auzien Sala (ministroen eta estatu-idazkarien egintzen aurkako errekurtsoak).
  • Lan-arloko jurisdikzio-ordena: Lan-arloko Sala (autonomia erkidegoa baino maila goragoko hitzarmen kolektiboen aurkaratzea).

Gora itzuli

Justizia Auzitegi Nagusia (art. 60 eta s.s. LOPJ)

Jurisdikzioa: Auzitegi hau Autonomia Erkidegoko organo judizial gorena da eta dagokion lurralde osoan du jurisdikzioa.

Osaera: Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, sala bakoitzeko presidentea, sala bakoitzeko atal bakoitzeko presidentea eta hainbat magistratu, auzitegiaren lan-kargaren arabera gehiago edo gutxiago izan daitezkeenak.

Hiru Salak osatzen dute: Zibileko eta Zigor-arloko Salak, Administrazioarekiko Auzien Salak eta Lan-arloko Salak.

Gora itzuli

Probintzia Auzitegiak (art. 80 eta s.s. LOPJ)

Jurisdikzioa: Probintzia Auzitegiek probintzietako hiriburuetan dute beren egoitza eta probintzia osoko lurraldera zabaltzen dute bere jurisdikzioa.

Osaera: Bi atal edo gehiago izaten dituzte, gai zibilez edo zigor-arlokoez eta, batez ere, apelazioez arduratzen direnak (bigarren auzialdikoak).

Gora itzuli

Epaitegiak (art. 84 eta s.s. LOPJ)

Hainbat epaitegi-mota daude, epaitu beharreko gaiaren arabera:

Lehen auzialdiko epaitegiak: Kokatuak dauden barruti judizialean dute jurisdikzioa, eta partikularren arteko erreklamazio zibilez arduratzen dira. Lehen auzialdiko epailea da erregistro zibileko arduraduna. Bertan egiten dira idatzoharrak eta bertan erregistratzen dira jaiotza, heriotza, bizi-agiri, herritartasun, ezkontza eta bestelakoen inskripzioak ere. etc.

Instrukzioko epaitegiak: Barruti judizialean dute jurisdikzioa, eta delituak eta ustezko errudunak ikertzen dituzte. Behin-behinean kartzelara bidaltzeko aukera dute.

Administrazioarekiko auzien epaitegiak: Probintzia osoan dute jurisdikzioa eta egoitza, berriz, probintziako hiriburuan. Administrazio publikoaren jardueren aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazten dituzte.

Lan-arloko epaitegiak: Probintzia osoan dute jurisdikzioa eta egoitza, berriz, probintziako hiriburuan dute. Enpresaren eta langileen arteko gatazkez arduratzen dira, baita Gizarte Segurantzaren edo Estatuaren aurka aurkeztutako erreklamazioez ere, baldin eta lan-arloko legeriak erantzukizun hori esleitzen badie.

Espetxeratuen Zaintzako Epaitegiak: Probintzia osoan dute jurisdikzioa eta zigor-arloari dagozkio. Askatasunaz gabetzeko zigorren betearazpena kontrolatzen dute eta espetxeetan barneratuak dauden pertsonei dagokien guztia ebazten dute.

Adingabeen epaitegiak: Probintzia osoan dute jurisdizkioa eta egoitza, berriz, probintziako hiriburuan dute. zigor-arloan adingabeek egindako delituez arduratzen da. 

Bake-epaitegiak: Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegirik ez dagoen udalerrietan daude bake-epaitegiak. Udalerrian dute jurisdikzioa. Bake-epailea ez da karrera judizialekoa, baina funtzio jurisdikzionalak ditu eta garrantzi txikiko auzi zibilak eta zigor-arlokoak ebazten ditu. Bake-epaitegiek Erregistro Zibilen funtzioak ere betetzen dituzte.

Zein da epaitegi baten eta auzitegi baten arteko aldea?

Epaitegietan, epaile bakar batek du epaitegiaren barruko kargurik gorena. Epaitegietan abiatzen dira erreklamazio judizialak (bake-epaitegietan ebazten direnak izan ezik). Horregatik esaten da lehen auzialdian epaitzen dutela.

Kide bakarrekoak esaten zaie organo horiei, eta honakoak dira:

  • Lehen auzialdiko epaitegiak
  • Instrukzioko epaitegiak
  • Zigor-arloko epaitegiak
  • Lan-arloko epaitegiak
  • Espetxeratuen Zaintzako epaitegiak
  • Adingabeen epaitegiak
  • Administrazioarekiko auzien epaitegiak
  • Erregistro Zibila

Auzitegietan, aldiz, hainbat magistratuk epaitzen dute eta horietako bat presidentea izaten da. Salak edo Atalak izaten dituzte eta, batez ere, lehen auzialdian epaitutako, baina epaiarekin ados ez egoteagatik errekurtsoa duten auziak ebazten dituzte.

Kide anitzeko organoak , esaten zaie eta honakoak dira:

  • Auzitegi Gorena
  • Auzitegi Nazionala
  • Justizia Auzitegi Nagusiak
  • Probintzia Auzitegiak

Gora itzuli