Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Justizia > Justizia ezagutu > Nortzuk esku hartzen dute Justiziaren Administrazioan?

Nortzuk esku hartzen dute Justiziaren Administrazioan?

Bulego Judiziala

Bulego Judiziala, antolamenduko erakunde bat denez, baliabide pertsonal eta materialez osatutako multzo bat da, eta ondorengo helburua betetzeko dago ordenatua, hau da, prozesuak zentzu zabalean izapidetzea, justizia administratzeko eginkizunaren substratua eratuz.

Epaitegi bakoitzak bere bulego judiziala du, osatzen duten funtzionario-gorputzen arabera egituratuta, eta horietako bakoitza bere eskumen-eremu espezifikoekin.

Honako pertsonek hartzen dute esku Bulego Judizialetan:

Epaileek

Gatazkak ebazteaz eta froga guztiak aztertu ondoren ebazpenak emateaz arduratzen diren pertsonak dira. Ebazpena eman ondoren, ebatzitakoa gauza dadin zaindu behar dute

Epaitzerakoan independentziaz jokatzen duten funtzionario publikoak dira. Epai dezaketen pertsona bakarrak dira eta Bulego Judizialean auzien azken ikuskatze-lanak egiten dituzte.

Justizia Administrazioaren letraduak

Bulego Judizialeko zuzendariak dira; eta, besteak beste, langileen zuzeneko buruzagitza dute. Horregatik, bertako lana gidatu eta antolatzen dute, bulegoaren funtzionamendu egokiaz erantzuten, estatistikak egiten, agintari eskudunei bulegoko baliabide pertsonal eta material beharren berri ematen, etab.

Justizia Administrazioaren letraduak Justizia Ministerioaren mendeko funtzionario publikoak dira. Fede publiko judizialean autonomiaz eta independentziaz dihardute eta Bulego Judiziala zuzentzeko eta prozesua antolatzeko funtzioak betetzen dituzte.

Kudeatzaileak

Justizia Administrazioaren letraduen mende daude zuzen-zuzenean, eta mota guztietako prozesu, eginbide eta espedienteak izapidetzen dituzte. Epaileari edo Letraduari beharrezkoak diren probidentziak, eginbideak, aktak eta oharrak idazten laguntzen diete. Zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean, Justizia Administrazioaren letradua ordezten dute.

Izapidetzaileak

Justizia Administrazioaren letraduaren edo Ofizialaren mendeko funtzionarioak dira eta izapide prozesalak gauzatzen parte hartzen dute: testuak transkribatzen dituzte, ebaztekoez bestelako eginkizunak egiten dituzte, baita beste funtzionario batzuei esleitu gabeko komunikazio-egintzak eta legeek esleitzen dizkieten gainerako funtzio guztiak ere.

Laguntza judizialeko kidegoko langileak

Gainerako funtzionarioei laguntzen diete eginbide judizialak egiten, bakoitzak bere eginkizunen barnean; sala zaintzen eta zainarazten dute; enbargoak, botatzeak eta beren izaerak hala eskatzen duen egintzak exekutatzen dituzte; beste funtzionarioei gomendatuak ez dauden jakinarazpen-egintzak egiten dituzte; polizia judiziala bezala jarduten dira, agintaritzaren agente gisa; salak eta gainerako gelak ireki eta itxi, eta gomendatzen zaizkien eginkizunekin zerikusirik duten gainerako antzekoak betetzen dituzte, baldin eta zuzeneko loturarik badute aurreko horietakoren batekin.

Gora itzuli

Fiskaltza

Fiskalak

Fiskaltza justiziarekin elkarlanean diharduen organoa da eta, Botere Judizialaren parte izan arren, dagozkion funtzioak hierarkikoki antolatutako bere organo propioen bidez betetzen ditu; kideak ez dira epaileak, ezta egitura aldetik epaileen mendekoak ere.

Fiskalak legeek ezarritakoa betetzen dela bermatu behar du eta ez du pertsona jakin baten interesik ordezkatzen, gizartearen, oro har, eta interes publikoaren interesa baizik. Fiskalak ofizioz esku hartzen du, inork parte hartzeko eskatu beharrik gabe; izan ere, hainbat kasutan, interes publiko hori defendatu behar da eta, beraz, fiskalak nahitaez esku hartu behar du.

Adingabeen interesak tartean direnean, esate baterako, Fiskalak gertakariei buruzko ikerketa pertsonalki zuzendu eta prozedura sustatu behar du.

Fiskaltzak Justizia Jauregietan daude. Probintziako hiriburu bakoitzean Fiskaltza bana dago eta, batzuetan, baita barruti judizial handietan ere. Herritarrek Fiskaltzetara zuzenean joateko aukera dute eta bertan Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileek emango diete arreta. Kasu batzuetan, beharrezkoa izaten da aurrez hitzordua eskatzea, ahalik eta arreta onena jasotzeko.

EAEko Fiskaltzen helbideak eta telefono-zenbakiak kontsulta ditzakezu.

Estatuko Fiskaltza Nagusia

Estatuko Fiskal Nagusiak buruzagitza gorena du eta estatuko fiskal guztiei ematen dizkie jarraibideak. Erregeak izendatzen du, Gobernuak proposatuta, eta organo hauen laguntza du: Kontseilu Fiskalarena, Saletako Fiskalen batzordearena, Idazkaritza Teknikoarena eta Zerga Ikuskaritzarena.

Auzitegietako Fiskaltza

Bere fiskaltza dauka ondorengo auzitegi bakoitzak:

  • Auzitegi Gorenak
  • Konstituzio Auzitegiak
  • Kontu Auzitegiak
  • Auzitegi Nazionalak
  • Justiziako Auzitegi Nagusiek
  • Probintzia Auzitegiek

Drogaren legez aurkako trafikoa prebenitzeko eta zigortzeko Fiskaltza berezia

1988an sortu zen, Fiskaltza espezializatu gisa, eta Espainia osoan eskumenak ditu, erakunde kriminalen droga-trafikoari eta kapitalak zuritzeari lotuta Auzitegi Nazionalari dagozkion prozesuetan, hain zuzen. Era berean, aipatutako gaietan, lurraldeetako Fiskaltzen jarduna koordinatzen du.

Ustelkeriarekin zerikusia duten delitu ekonomikoak zigortzeko Fiskaltza berezia

Funtzio publikoan gehiegikeriak egitearen ondorioz aberasten direnen aurkako zigor-arloko prozesuetan esku hartzen du: kontrabandoa, prebarikazioa, informazio pribilegiatuaren erabilera bidegabea, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, funtzionario-eroskeria eta abar.

Gora itzuli

Bulego Judizialaren kolaboratzaile diren taldeak

Aditu judizialak

Zer da aditu judizial edo aditu forentse bat?

Jakintza egiaztatuak dituen profesionala da. Justizia-auzitegiei laguntzen die, auzia ebazteko beharrezkoa den gai bati buruzko iritzi oinarritua eta espezializatua emanez.

Epaiketetan, judizialki ofiziozkoak izenda daitezke edo alderdietakoren batek ere proposa ditzake.

Adituak epaileak sakon ezagutu beharrik ez duen gaiei buruzko informazioa ematen du, epaileari ahalik eta erabakirik onena hartzen laguntzeko.

Judizioan, dagokion gaiari buruz dituen jakintzak azal ditzake adituak, edota jakintza horiek frogaren bat ebaluatzeko aplikatu.

Plantillako aditu judiziala ere badago, Justizia Administrazioko kide dena. Lanpostu hori oposizio bidez lortzen da. Profesional independentearen figura ere badago, unean uneko esku-hartzeak egiten dituena edo, zerbitzua hitzartuta egonez gero, erakunde judizialetarako lan egiten duena. Hainbat arlotako profesionalak izan ohi dira: auzitegiko medikuak, psikologoak, psikiatrak, kaligrafoak, ibilgailuen tasatzaileak, arkitektoak, eta abar.

Zer araudik arautzen du aditu judizialen jarduna?

2000. urteko Prozedura Zibilaren Legean daude araututa aditu judizialen izendapena, funtzioak eta haien irizpenen balioa, judizioetan erabil daitezkeen frogabideak azaltzen diren atalean (Prozedura Zibilaren Legeko 335. art. eta hurrengoak) (pdf, 135 KB)

Zein prozeduratan esku hartzen dute aditu judizialek?

Alderdi demandatzaileak zein demandatuak judizioan aditu bat izendatzea eska dezakete, beren interesak defendatzeko komenigarria edo beharrezkoa dela iruditzen bazaie. Horrelakoetan, epaileak aditua izendatzen du, beharrezkotzat joz gero, baina eskatu duenak egingo die aurre gastuei.

Hala ere, alderdietakoren bat doako justiziaren onuradun bada, aditu judizial bat izenda dezatela eskatu ahal izango du eta, horrelakoetan, Justizia Administrazioak hartuko ditu gastuak bere gain, hala badagokio. Baita zigor-arloko judizioetan epaileak edo Fiskaltzak ofizioz eskatzen badute ere.

Auzitegiko medikuak

Lege eta Auzitegi Medikuntzari buruzko atalean Justizia Administrazioaren mendeko kidego honi buruzko informazio guztia dago

Lantalde teknikoak

Talde Psikosozialari eskainitako atalean aurkituko duzu Epaitegi eta Auzitegiei laguntza teknikoa eskaintzen dien pertsona-talde honi buruzko informazioa.

Itzultzaile eta interprete judizialak:

Zer dira itzultzaile eta interprete judizialak?

Organo judizialentzat lan egiten dute itzultzaile eta interprete judizialek. Badago, batetik, Justizia Administrazioaren plantillako itzultzaile eta interprete judiziala. Lanpostu hori lortzeko, oposizioak gainditu behar dira. Badago, bestetik, interprete edo itzultzaile judizial autonomoen figura ere. Profesional independenteak izaten dira horiek eta unean uneko esku-hartzeak edo itzulpenak egiten dituzte edo, zerbitzua lizitatua badago, enpresa baten bidez lan egiten dute erakunde judizialentzat.

Hainbat motatako titulazioak izaten dituzte langile horiek eta tartean badira zinpeko interpreteak ere. Hala ere, indarrean dagoen legeriak ez du ezartzen titulazio hori izatea ezinbesteko baldintza dela. Gehienak Itzulpengintzan eta Interpretazioan, Filologian eta Zuzenbidean lizentziatutakoak dira.

¿Zer araudik arautzen du itzultzaile eta interprete judizialen jarduna?

Ez dago itzultzaile eta interprete judizialaren figura arautzen duen inolako legerik. Prozedura Kriminalaren Legeko hainbat artikulutan bakarrik aipatzen da, baina ez dago berariaz horretarako eginiko araudirik.

¿Zer prozeduratan hartzen dute parte itzultzaile eta interprete judizialek?

Berez, zigor-arloko judizioetan eta pertsona doako justiziaren, onuraduna denean, Justizia Administrazioak ofizioz eska dezake eta administrazio horrek ordaindu beharko dio itzultzaileari edo interpreteari.

Doako justiziarik gabeko judizio zibiletan zerbitzuaren eskatzaileak ordaintzen ditu itzultzailearen edo interpretearen gastuak.

Horrez gain, administrazioarekiko auzien hainbat prozeduratan ere esku hartzen du; hala nola, asilo-eskaeretan.

¿Zein da zinpeko interpreteen eta interprete judizialen arteko aldea?

Zinpeko interpreteak Kanpo Arazoetako Ministerioak edo alor honetan eskumenak dituzten Autonomia Erkidegoek izendatzen dituzte eta, izendapen horri esker, zinpeko itzulpenak eta interpretazioak egiteko gaituta daude. Bi dira izendapen hori lortzeko bide nagusiak: Ministerioak urtean behin deitzen duen azterketa eginda, edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaturan itzulpengintza juridiko eta interpretazioko kreditu-kopuru jakin bat gainditu izana egiaztatuta. Zinpeko itzulpenak alor askotan izaten dira beharrezkoak; bai alor publikoan (Erregistro Zibileko agiriak, agiri akademikoak, eta abar), bai pribatuan (notario-agirietan edo Administrazio publikoari aurkeztekoak izan daitezkeen gainerako agirietan).

Zinpekoen Epaimahaia

Zinpekogaiei eskainitako atalean eskura dezakezu herritarrek Justizia Administrazioan nola parte hartzen duten erakusten duen erakunde horri buruzko informazio gehiago.

Polizia judiziala

Polizia judiziala Justizia Administrazioari laguntza eskaintzen dieten langileek osatzen dute. Epaitegiei, Auzitegiei eta Fiskaltzari delituak ikertzen eta delitugileak aurkitzen laguntzen die

Ez da funtzionarioen kidego berezi bat; aitzitik, Barne Ministerioaren eta Fiskaltzaren mendeko Estatuko segurtasuneko indar eta kidegoetako kide guztiek osatzen dute.

Botere Judizialaren Lege Organikoak (pdf, 1,8 MB), honako funtzioak esleitu dizkio:

  • Delituak zein egoeratan gertatu diren eta erantzuleak zeintzuk diren ikertzea, eta haiek atxilotzea. Ondoren, epaileari eta Fiskaltzari horren berri eman behar diete.
  • Epaileari eta fiskalari haien egoitzatik kanpo egin behar dituzten eta poliziaren presentzia beharrezkoa duten jardueretan laguntzea.
  • Epaileak edo fiskalak agindutako indarrezko eta hertsadurazko ekintzak egitea.
  • Epailearen eta fiskalaren aginduak eta ebazpenak betetzen direla bermatzea.

Polizia judizialeko kideek trebakuntza espezializatua izaten dute eta epaileek eta fiskalek finkatzen dituzten jarraibideak betetzen dituzte lanean. Beraz, funtzionalki, agintari judizialen eta fiskaltzaren mendekoak dira eta organikoki, berriz, Barne Ministerioaren mendekoak.

Abokatuak eta prokuradoreak

Justizia arloko profesionalei eskainitako atalean daude jasota langile horiek egiten duten lanaren nondik norakoak.

Gora itzuli