Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Justizia > Justizia ezagutu > Nola daude antolatuta epaitegiak?

Nola daude antolatuta epaitegiak?

2010eko maiatzeko erreforma indarrean jarri arte, Epaitegien barruko antolaketak bulego pribatuen egitura izan du; hau da, langileen burua eta hainbat maila administratibo eta laguntzaile, bakoitza bere eginkizunarekin eta azken xedea prozesu judizialak izapidetzea dutelarik.

Prozesu-legeen erreformak Bulego Judizial Berria ezartzea ekarri du eta, erreforma indarrean jarri zenetik, Epaitegiak eta Auzitegiak ez daude antolaketa-unitate bakar gisa egituratuta. Bulego Judizialak hainbat epaileren eta magistraturen zerbitzura daude eta bertako kideak bi elementuren arabera daude antolatuta: Epaileari Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalak (ZLUP), batetik, eta Zerbitzu Erkide Prozesalak, bestetik.

ZLUP unitateek zuzeneko laguntza eskaintzen diete epaileei eta magistratuei, eta langile gutxiko egiturak izan ohi dira. Zerbitzu Erkide Prozesalak ez daude organo judizial jakin batean txertatuta eta lege prozesalak aplikatzetik sortzen diren jarduerak kudeatzeko eta horiek egiten laguntzeko zeregin zentralizatuak egiten dituzte. Horregatik, Justizia Administrazioko langile gehienek Zerbitzu Erkide Prozesaletan egiten dute lan, alor horrek izaten baitu lan-kargarik handiena.

Eusko Jaurlaritzak ezartzen du EAEko hamazazpi barruti judizialetako Zerbitzu Erkide Prozesalak antolatzeko egitura. Hiru dira, oro har, aurreikusitako Zerbitzu Erkide Prozesalak (ZEP):

  • Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Erkide Prozesala: ZLUPekin batera, egoitza judizialeko Epaitegi eta Auzitegiei prozedura judizialaren behin betiko epaia edo ebazpena eman arte ardurapekoak dituen gai judizialak izapidetzeko laguntza ematen dien zerbitzua.
  • Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala: espediente judizialak betearazteko eta ebazteko jasotzen eta izapidetzen dituen zerbitzua.
  • Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra: bere gain ardura hauek hartzen dituen zerbitzua: Salako laguntza, komunikazio eta exekuzioko ekintzak, artxibo judiziala, erregistro eta banaketa, herritar eta profesionalentzako informazioa eta arreta, posta eta paketeria, erreprografia, Guardiarentzako laguntza, Epaile Dekanoarentzako laguntza.

Aipagarria da adierazitako hiru zerbitzu handi horiek hiru hiriburuetan eta Barakaldoko barruti judizialean bakarrik egongo direla. Gainerako barruti judizialetan, berriz, erabilgarri dauden baliabideak neurriz erabiltzeko irizpideari jarraituz, hiru zerbitzuak Zerbitzu Erkide Prozesal batean edo bitan bateratuko dira, barruti judizial bakoitzaren arabera.

2003an justizia modernizatzeko abiatutako prozesuaren ondorioz, epaitegiek gaur egun duten antolaketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Bulego Judizial Berria izeneko atal bat duzu.