Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi

Justizia Errestauratiboa

Nola gauzatzen da prozedura?

Hasiera

Prozesu errestauratiboa aktibatzeko, beharrezkoa da gatazka epaitegira iristea. Behin arazoa epaitegiaren eskumen edo ardurapean dagoenean, JEZera bidera dezake, bai ofizioz, bai alderdiek, bai JEZek berak eskau dutelako, Fiskaltzaren iritzia entzun ondoren.

JEZ telefonoz harremanetan jarriko da alderdiekin, lehen informazio elkarrizketa izateko eta, informatu ondoren, prozesu errestauratiboan parte hartzeko adostasuna eskatzeko.

Zirkulu edo hitzaldien bitartez parte hartu behar den auzietan ere, inplikatuen inguruko pertsonek eta komunitatearen ordezkariek hartuko dute parte.

Harrera fasea

Fase hau hasten da bi alderdiak prozedura hastearekin ados daudenean. Gatazkan dauden alderdiekin elkarrizketa indibiduala egiten da.

Bitartekotza-prozesuaren edukiaren eta izaeraren berri ematen zaie:

  • Parte hartzen duten alderdiak
  • Kalkulatzen den iraupena
  • Egiteko modua
  • Bitartekariaren arauak eta zereginak (neutraltasuna, inpartzialtasuna, konfidentzialtasunaeta objektibotasuna)
  • Prozedura judizialean izan ditzakeen ondorioak eta gorabeherak.

Elkarrizketa pertsonal horietan JEZek alderdiengandik ezagutuko ditu gertakarien pertzepzioa, bizi izandakoa, emozioak, beldurrak, jarrerak eta egon daitezkeen ondorioak, baita prozesuan sartzeko interesa, premia eta gaitasuna ere.

Bideratzaileak akusatuak justiziarekin duen egoera zehatza jakin behar du, bai eta lor ditzakeen onurak ere, eta horrez gain, delituarekiko eta horren ondorioekiko bere gain hartzen duen erantzukizun maila ere ezagutu behar ditu.

Biktimaren emozioak, jasandako kalteak, delitutik eratorritako ondorioak eta kaltea ordaintzeko premia eta interesa ezagutu beharko ditu.

Informazio horrekin, pertsona bideratzaileak balioetsiko du bidezkoa den ala ez elkarrizketen faseari ekitea, gatazka eta haren dimentsioa kontuan izanik, eta aintza hartu beharko du, halaber, prozesu errestauratiboa ez dela kaltegarria izan behar alderdientzat. Horrez gainera, bi alderdiek gatazkari konponbide bat emateko benetako interesa dutela ikusi behar da, elkarrizketan, errespetuan, egiaren onarpenean eta kaltea konpontzean oinarrituta.

JEZek, beharrezkotzat jotzen duenean, Justiziaren beste Laguntza Zerbitzu batzuk (Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua, Delituko Biktimari Laguntzeko Zerbitzua) baliatzeko aukeraren berri emango die alderdiei.  Era berean, eraginpeko pertsonaren baimenarekin, Zerbitzu horietatik prozesu errestauratiborako informazio baliagarria lortu ahal izango du.

Elkarrizketarako elkartzeko fasea

Fase hau bi alderdiekin batera elkarrizketa bat egitean datza, bi alderdiek hala nahi badute eta bideratzaileak egin daitekeela uste badu; izan ere, akordio bat lor daiteke biktimak eta arau-hausleak elkar ikusi gabe, zeharkako komunikazioko beste modu batzuk erabiliz. Fase honek saio bat edo gehiago iraun dezake, kasuaren konplexutasunaren, alderdien egoera emozionalaren edo biktima kopuruaren arabera. Tresna errestauratiboak aplikatzen dira tentsio-maila guztiak kontrolatuz, alderdiei hitz egiteko aukera ziurtatuz, iritziak argituz, eta horiek laburtuz eta itzuliz.

Zigor-arlotik eratorritako auzietan, baldin eta bideratzaileak egokia baderitzo, eta inplikatutako alde biek nahi badute, euren inguruko norbanakoak edo gizarteko bestelako norbanakoak (beste biktima batzuk, antzerako egoerak bizi izan dituzten pertsonak, interesatuta dauden bestelako agenteak, e.a.) gonbidatu daitezke prozesuan parte hartzera; horien lana izango da konponbidea elkarrizketaren bitartez garatzen laguntzea, Justizia Errestauratiboan erabiltzen diren Zirkulu eta Konferentzia teknikak erabiliz.

Akordio-fasea

Elkarrizketarako elkartu ondoren eta alderdiek beren iritzian eta interesean oinarritutako erabaki komun bat hartzen badute, dokumentu bat idatziko da eta bertan kaltea konpontzeko Akordioa zehaztuko da -Kaltea konpontzeko Plan- batekin; Akordio hori dagokion organo judizialari eta Ministerio Fiskalari jakinaraziko zaie.

Akordiorik gabe amaitzen bada ere, JEZek horren berri emango die Epaitegiari eta Fiskaltzari, hitz egindakoaren konfidentzialtasuna errespetatuz.