Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi

Jaiotza-inskripzioa motako ohiko galderak

Nola eguneratuko didate Familia Liburura, seme-alaba ospitaletik inkribatzen badut?

Gaur egun seme-alabak dituzunean ez dago Familia-Liburua eguneratu beharrik. Baina jaiotza berria zuen Familia-Liburuan jasota gera dadin nahi baduzu, dagokizun Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian eska dezakezu.

Gora itzuli

Ospitalean inskribatuz gero, noiz emango didate seme-alabaren jaiotza-ziurtagiria?

Ospitaleak datuak Erregistro Zibilera bidali eta inskripzioa amaitzean, etxera bidaliko dizute seme-alabaren jaiotza-ziurtagiria.

Gora itzuli

Jaiotza-inskripzioa ospitaletik egiteko zein epe dago?

Haurra jaiotzen denetik 72 ordu dituzu jaiotza-inskripzioa ospitaletik egiteko. Denbora-tarte horren ostean, dagokizun Erregistro Zibilera edo Bake Epaitegira joan beharko duzu jaiotza-inskripzioa egitera.

Gora itzuli

Seme-alaba ospitalean inskribatuz gero, Erregistro Zibilera joan behar al dut datuak egiaztatzera?

Ez. Inskripzioa ospitaletik eginez gero ez daukazu Erregistro Zibilera joan behar izapidea amaitzera. Beti ere, Ospitaletik bidalitako dokumentazioan Erregistro Zibilak akatsik, hutsegiterik edo zehaztapenik eza antzematen ez badu. Horrela izatekotan, gurasoei dei egingo zaie eta bulegora joateko eskatuko zaie, akatsak zuzentzeko edo falta den dokumentazioa gehitzeko.

Gora itzuli

Zein euskal ospitaletatik inskribatu dezaket alaba jaioberria?

2015eko abenduaren 1etik, Euskadiko ospitale guztietatik dago haurrak telematikoki Erregistro Zibilean  erregistratzeko aukera.

Gora itzuli

Zenbat ordaindu behar dut jaiotza-inskripzioa ospitaletik egiteko?

Izapidea doan da, Erregistro Zibiletan egiten diren izapide guztiak bezala.

Gora itzuli

Atzerrian adoptatutako haurra Erregistro Zibilean inskribatzeko hitzordua eskatu behar al da?

Nazioarteko adopzio kasuetan ez dago zertan hitzordua eskatu behar. Gurasoetako bat, egoitzagatik dagokion Erregistro Zibilera joan eta inprimakiak jasotzearekin nahikoa da. Horren ostean, eskatutako dokumentazioa eramateko  hitzordua emango dizuete Erregistro Zibileko langileek.

Gora itzuli

Txinan adoptatutako alabaren izena alda al dezaket?

Bai, haurraren jatorrizko izena alda daiteke. Zenbait kasutan adopzio epaian izena aldatuta dator. Zure kasua ez bada, epaileari eska diezaiokezu. Hark beti haurraren onerako lan egingo du.

Gora itzuli

Zein jaioleku agertuko da Moskun adopzioan hartutako nire semearen jaiotza-ziurtagirian?

Dagokizun Erregistro Zibilean zure seme edo alabaren jaiotza-inskripzioa egitera zoazenean, bi aukera izango dituzu: haurraren jaioterria jar dezakezu jaioleku gisa (Moscu), edo zu (kasua bada, bikotea) erroldatuta zauden herria jar dezakezu.  Kontuan izan: hartutako erabakia betirako izango da; hau da, inskripzioa egin ondoren ezin da jaiolekua aldatu.

Gora itzuli

Semeari amaren abizena jar dakioke, baldin eta aitak bere abizena lehenengo daraman beste seme bat badu?

Zure bikotekideak beste pertsona batekin dituen seme-alaben abizenen ordenak, ez du eraginik zure seme-alaben abizenen hurrenkeran.  Hortaz, zure bikotekideak aurreko bikotekidearekin haurra izan bazuen eta lehenengo abizena aitarena jarri bazioten, zuk zureari lehena amarena jar dieziokezu.

Hori bai, kontuan hartu: lehenengo seme edo alabarentzat aukeratutako abizenen ordena, bikotekide berarekin izandako gainontzeko seme-alabei ezarriko zaie.

Gora itzuli

Dibortziatu egin naiz eta beste seme-alaba bat izan dut. Zein familia-liburu dagokio?

Dibortziatuta bazaude, eta seme edo alaba bat baldin badaukazu beste bikotekide batekin, familia-liburu berria emango dizute. Beraz, hemendik aurrera, bi  familia-liburu izango dituzu. Lehenengoan zure lehen ezkontzako seme-alabak azalduko  dira eta bigarrengoan, beste bikotekidearekin izandako  seme-alabak azalduko dira.

Gora itzuli

Nire semeak bi hilabete ditu eta oraindik ez dut Erregistro Zibilean bere izena eman, garaiz al nabil?

Jaioberriak Erregistro Zibilean inskribatzeko 30 eguneko epea dago. Hortaz, haurrak bi hilabete baditu, epez kanpo zaude. Haurra inskribatzeko, jaiotzagatik dagokion Erregistro Zibilera joan behar duzu eta hurrengo dokumentuak eraman behar dituzu: mediku ziurtagiria, haurraren jaiotza, data eta lekua egiaztatzen duten ziurtagiriak (NANaren fotokopia, bataio-ziurtagiria, errolda-ziurtagiria, e.a.). Horrez gain bi lekuko behar dituzu.

Gora itzuli

Nire alabak aurretik amaren abizena izango du, nola egin behar dugu jaiotza-inskripzioa?

Zuen seme edo alabak aurretik amaren abizena izatea nahi baduzue, Erregistro Zibilera jaiotza inskribatzera  joaten zaretenean abizenen hurrenkera aldatu nahi duzuela adierazi behar duzue. Ez da dokumentazio gehigarririk behar. Hori bai, izapidea elkarrekin egin beharko duzue guraso biek.

Gora itzuli

Nola inskribatu lagunduriko ugalketa-teknika bidez izandako ama ezkongabe baten seme-alaba?

Jaiotza-inskripzioa lagunduriko ugalketa-teknika gabe jaiotako seme-alabena bezala egiten da. Ez da dokumentazio gehigarririk behar. Erregistro Zibilera joaten zarenean ospitalean eman dizkizuten dokumentuak eraman behar dituzu. Ezberdintasun bakarra dago: inskripzioan ez da aitaren izena aipatuko.

Gora itzuli

Ezkonduta ez bagaude, gure semea edo alaba inskribatzeko Erregistro Zibilera biak joatea ezinbestekoa al da?

Jaioberri baten gurasoak ezkonduta ez badaude, semea edo alabaren jaiotza inskribatzeko guraso biek joan behar dute Erregistro Zibilera. Izapide hori guraso bakar batek egiteko aukera bakarra dago: bi gurasoak ezkonduta badaude eta haurra jaio den herri berean inskribatu nahi badute.

Gora itzuli

Lesbiana bikotea gara eta lagunduriko ugalketa-tekniken bidez semea izan dugu. Nola egiaztatuko dugu biok umearen amak garela?

Erregistro Zibilek, modu ezberdinetan ulertzen dute gai hau arautzen duen Legea.  Hori dela eta, biologikoa ez den amari amatasuna aitortzeko arazorik egon ez dadin, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak pausu hauek jarraitzea aholkatzen dio:

  • Haurraren ama biologikoarekin ezkonduta egotea eta  hori egiaztatzeko Familia Liburua aurkeztea.
  • Bere ezkontidearen haurrarekiko seme-alabatasuna aitortzeko borondatea adieraztea idatziz eta erditze aurretik, ezkontideen bizilekuari dagokion Erregistro zibileko epaile arduradunaren aurrean.
  • Halaber, ama ez biologikoak lagunduriko giza ugalketa-tratamendua gauzatutako osasun-zentroko dokumentazioa aurkeztu behar du, non tratamendu hori hasteko haren onespena nahiz ama biologikoarena agertuko diren.

Ikus ezazu Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak landutako liburuxka.

Gora itzuli

Nola jar naiteke harremanetan Erregistro Zibil batekin?

Justizia Administrazioak Euskadin dituen zerbitzuetako telefono, helbide, fax eta posta elektroniko guztiak aurki litezke JustiziaEus-eko herritarrentzako arreta atalaren bitartez. Erregistro Zibiletan, normalean, honako hau izaten da jendea hartzeko ordutegia: 09:00etatik 15:00etara.

Gora itzuli

Nola froga dezaket izen bat izen dela Erregistro Zibilean esaten badidate bertan ez dagoela hala jasota?

Aukeratu duzun izena existitzen dela eta berezko substantibotasuna duela erakusteko, Internet edo zeinahi bitarteko kontsulta dezakezu, adibidez, jatorri afrikarreko izena dela, laku batena edo mendi batena dela, eta abar frogatzeko.

Gora itzuli

Nork argi diezaguke euskal izen baten idazkera zehatza?

Euskaltzaindiaren webgunean izen-bilatzailea daukazue eta han kontsultatu ahal izango duzue izen horren idazkera zuzena. Sartu Euskaltzaindiaren izen-bilatzailean.

Bilatzaileak ezin badu nahi duzun izena aurkitu, zuzenean Euskaltzaindiarekin harremanetan jarri beharko duzu.

Gora itzuli

Euskaltzaindiaren izendegian ageri ez den euskal izen bat hautatu dugu. Zer egin behar dugu existitzen dela frogatzeko?

Euskaltzaindiarekin harremanetan jarri beharko duzue, izen horren egiazkotasuna ziurtatuko duen agiria lortzeko.

Gora itzuli

Noiz joan behar dute aitak eta amak ume jaioberria inskribatzera?

Guraso biek batera joan beharko dute Erregistro Zibilera, ezkondu gabe ala ezkonduta egonik nahiz izatezko bikote izanda, jaiotza inskribatu nahi badute gurasoen bizilekuan eta ez umea benetan jaio den lekuan.

Gora itzuli

Nire seme edo alabari ipini al diezaioket nire bigarren abizena bere lehenengo abizen bezala, nire abizenen ordena aldatu gabe?

Ez. Amaren edo aitaren lehenengo abizena izan behar da ezinbestez semearen edo alabaren lehenengo abizena. Umearen lehenengo abizena amaren edo aitaren bigarrena izatea nahi bada, aurrena hauek euren abizenen ordena aldatu beharko dute.

Gora itzuli