Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Hasiera > Ikaslea > Ohiko galderak

Ikasleari buruzko ohiko galderak

Zer egin dezaket Auzitegiko Medikuntza ikasteko?

Auzitegiko mediku izateko, hasteko, medikuntzako lizentziatura bukatu behar da. Ondoren, Espainian, Justizia Ministerioak deitutako oposaketa-azterketa gainditu behar da, espezifikoa eta estatu mailan espezializatua. Azterketa hori gaindituz gero, egokitzapen-ikastaro teoriko-praktikoa egin behar da, hilabete batzuetako iraupena duena, eta horren ondoren auzitegiko mediku izaera eskuratzen da. Auzitegiko medikuak, hortaz, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden mediku funtzionarioak dira.

Gora itzuli

Zein ikasketa behar dut autopsia-laguntzaile izateko?

Autopsia-laguntzaile izateko erizaintza-klinikako laguntzaile-titulua eduki behar duzu (LH1) eta horrela Lan eta Justizia Saileko bitartekoen lan-poltsan izena eman ahal izango duzu. Horrez gain, titularra izateko eta lanpostu bat jabetzan eskuratzeko EPE bat gainditu behar duzu.

Gora itzuli

Nolako prestakuntza eskatzen da gainontzeko auzitegi-zientzietan?

Gainerako auzitegi-zientzietan eskatzen den prestakuntzan denetarik dago. Askotan, ADNaren azterketei buruzko ikasketak biologoek, biokimikariek edo medikuek egiten dituzte. Gainera, poliziako laborategi kriminaletan maiz polizia-agente izaten dira, zenbaitetan nahitaez. Unibertsitateei edo Auzitegi Medikuntzako Institutuei atxikitako laborategietan kasuan kasuko lizentziaturako berezko oinarrizko eskakizunak bakarrik eskatzen dira, baina asko baloratzen diren merituak dira antzeko laborategi-arlotako esperientzia eta gaiari buruzko masterrak, aditu-ikastaroak edo doktoregotzak. Gauza bera esan daiteke laborategiko gainerako alorrei buruz, adibidez, auzitegiko balistikari buruz, auzitegiko kimiko-toxikologiari buruz, auzitegiko antropologiari edo entomologiari buruz.

Gora itzuli

Lege eta Auzitegiko Medikuntzako Espezialitatea egitea beharrezkoa al da auzitegiko mediku izateko?

Ez. Espezialitate hori ez da beharrezkoa auzitegiko mediku izateko. Adibidez, gorputzeko kalteen balorazioari buruzko alor espezifikoan, mediku peritu pribatu gehienek prestakuntza osagarria daukate, gutxienez diziplina horretako unibertsitate adituarena; baina jarduteko baldintz abakarra medikuntzan lizentziatua izatea da.

Gora itzuli

Zer egin behar dut zinpeko itzultzaile edo interpretari izateko?

Zinpeko interpretari edo itzultzaile izateko bi aukera dituzu:

  1. Kanpo Arazoetako Ministerioak urtero xede horretarako antolatzen duen azterketa gainditzea.
  2. Itzulpengintza eta Interpretaritza lizentziatura egitea.

Gora itzuli

Zeintzuk dira interpretari edo itzultzaile judizial izateko baldintzak?

Lanpostu zerrendaren barnean dauden interpretari eta itzultzaile judizialak eta beren kontura lan egiten dutenak. Kasu bietan, eskatzen den titulazioa ez dago araututa. Oro har, interpretari edo itzultzaile judiziala izateko eskatzen den profila, Itzulpengintza eta Interpretaritzan, Filologian edo Zuzenbidean lizentziaduna izatea da.

Lanpostu zerrendako itzultzaile eta interpretariak Justizia Administrazioko langileak dira eta lanpostua oposaketa bidez lortu dute.

Beren kontura lan egiten duten interpretari eta itzultzaileak zerbitzua esleitu zaien enpresen bitartez ari dira lanean.

Gora itzuli

Zein da zinpeko itzultzaile edo interpretari eta itzultzaile edo interpretari judizialen arteko aldea?

Interpretari eta itzultzaile judizialak Justizia Administrazioko profesionalak ala hortik kanpokoak izan daitezke; organo judizialetan lan egiten dute prozesu judizial batean sor daitezkeen dokumentu mota guztiak itzultzen, galdeketa bateko galderak eta erantzunak, telefono-deiak...

Aitzitik, zinpeko interpretari eta itzultzaileak Atzerri Arazoetako Ministerioak izendatutako profesionalak dira eta zinpeko itzulpenak eta interpretazioak egiteko gaituta daude. Mota honetako itzulpen judizialak beharrezkoak dira bai esparru publikoan (erregistro zibileko ziurtagiriak, titulu akademikoak...) bai pribatuan (notario-agiriak eta Administrazio publikoetan aurkeztu beharreko agiri mota guztiak).

Gora itzuli

Nola egiazta ditzaket hizkuntza-eskakizunak, administrazioko oposizio batean parte hartzeko?

Administrazioko langilea baldin bazara, euskarazko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko langileentzat aldioro antolatzen diren deialdietan parte har dezakezu. Administrazioko langilea ez bazara, hizkuntza-eskakizunak HABEk egiten dituen deialdien bidez egiazta ditzakezu, administraziokoekin homologatuak baitaude.

Gora itzuli

Non argitaratzen dira Justizia Administrazioko oposizioen deialdiak?

Deialdien oinarriak aldi berean argitaratu ohi dira Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuen deialdia egiten den Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialean. Aldi berean argitaratzerik ez balego, deialdi-aginduan zehaztutako baldintza eta epe guztiak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren unetik aurrera kontatuko dira.

Gora itzuli

Nola jakin dezaket zein den EPE bateko gai zerrenda?

Deialdi bakoitzean oposaketara aurkezteko prestatu behar duzun gai zerrenda dakarren atala argitaratzen da. Deialdia Justizia.net-en ikus dezakezu edo bestela Aldizkari Ofizialetan.

Gora itzuli

Nor aurkez daiteke ezinduei gordetako lanpostuetara?

Lanpostu horietara aurkeztu nahi duenak ehuneko 33ko ezintasuna izan behar du gutxienez. Ezintasun maila hori egiaztatu egin behar dute, baita lanpostu horri dagozkion eginkizunak betetzeko ezintasunik ez dutela adierazten duen agiria aurkeztu ere. Eta jakina, hautespen-probak gainditu beharko dituzte.

Gora itzuli

Ba al dago jendeari oposaketei buruzko informazioa emateko bulegorik?

Bai, EAT-ko honako bulego hauetan emango dizute.

Gora itzuli

NAN iraungita baldin badaukat, aurkeztu al naiteke azterketa batera?

NAN berritzeko eskaera egina duzula egiaztatzen duen frogagiria badaukazu edo NAN berritzeko aurretiazko hitzorduaren frogagiria badaukazu, bai.

Gora itzuli

Zeintzuk dira Prozesu Kudeatzaile lanpostua lortzeko bete behar ditudan gutxieneko baldintzak?

Deialdi bakoitzean oposizioa gainditu ahal izateko beharrezko tituluak zehazten dira. Dena den, gutxienez unibertsitate-diplomadun izan beharra dago, edo ingeniari tekniko, arkitekto tekniko edo beste edozein titulazio baliokideren jabe.

Gora itzuli