Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Hasiera > Ikaslea

Ikaslea

Etorkizunean EAEko Justizia Administrazioan sartzeko prestatzeak ez du esan nahi ezinbestean Zuzenbideko Lizentziatura ikasi behar denik. Epailetza, Abokatutza eta Fiskaltzaz aparte, askotariko profilak behar dira Justiziak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak estaltzeko. Esaterako, Biktimei Laguntzeko Zerbitzuetarako Psikologia eta Gizarte Langintza ikasitako pertsonak behar dira; Itzulpengintza ikasitakoak gure hizkuntza ezagutzen ez duten etorkinak tartean dauden epaiketetarako; Medikuntza, Erizaintza, Biologia eta Kimika Auzitegi Medikuntzako Euskal Instituturako...

LEP batera aurkezteko baldintzak

Deialdi bakoitzaren oinarrietan daude zehaztuta Lan Eskaintza Publiko batera aurkezteko baldintza orokor guztiak (nazionalitatea, gutxieneko adina...). Gainera, sartu nahi duzun kidegoaren arabera, nahitaezkoa da titulu akademiko jakin batzuk izatea hautaketa-prozesua amaitzen denean.

Gora itzuli

Langile-motak eta lanpostuak

Justizia Administraziora eskualdatutako langileen artean lau kidego-mota daude: Laguntza Judiziala, Prozesu eta Administrazio Izapidetzakoa, Prozesu eta Administrazio Kudeaketakoa eta Auzitegiko Medikuntza. Kidego horietako bakoitzean hainbat kontratazio-mota gerta daitezke: langile funtzionarioak, bitartekoak, eta lan-kontratudunak.

Gora itzuli

LEP bateko gai zerrendak nola lortu

Deialdi bakoitzak zehaztuta ditu bere oinarrietan oposiziora aurkezten direnek gainditu beharreko proben ezaugarriak. Lehenengo proba gai juridikoei eta ezagutza orokorrei buruzko test gisako azterketa teorikoa izaten da.

Gure oposizio-bilatzailean kontsulta ditzakezu gaur egun indarrean dauden deialdietako gai zerrendak.

Gora itzuli

Lan-poltsa batean izena ematea

Ez da beharrezkoa ikasketak amaituta izatea Justiziako lan-poltsetan izena emateko. Irekitzen direnean izena eman dezakezu eta egunen batean karrerako funtzionario izateko merituak lortzen has zaitezke horrela.

Kontsulta ezazu JustiziaEus atarian 2007an eratutako egungo lan-poltsari buruz eskura dagoen dokumentazio guztia.

Gora itzuli

Zinpeko itzultzaile izateko bideak

Zinpeko itzultzaileak atzerriko hizkuntza batetik Estatuko hizkuntza ofizial batera eta alderantziz itzulpenak egiteko gaitutako profesionalak dira. Justizian beharrezkoak dira pertsona batek epaiketa batean atzerriko dokumentazioa aurkeztu behar duenean, atzerritar batek galdeketa batean deklaratu behar duenean edo ezkontza-ospakizun batean parte hartu behar duenean, adibidez.

Zinpeko itzultzaile izan nahi baduzu, bi bide dituzu:

  • Itzulpengintza eta Interpretazio Lizentziatura lortzea.
  • Kanpo Arazoetako Ministerioak urtero deitzen duen azterketa egitea.

Gora itzuli

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan sartzea

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan (AMEI) beharrezkoak dira medikuak ez ezik laborategiko teknikariak, biologoak, kimikariak, psikologoak eta gizarte-langileak ere. Nola nahi dela, lanpostu bat jabetzan eskuratzeko, nahitaez oposizio-azterketa bat gainditu behar da. Azterketa horretarako deia Justiziako Ministerioak egiten du aldian-aldian; lan-kontratudun langileentzako deia, berriz, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak egiten du.

Interesatuta bazaude, kontsulta ditzakezu AMEIn lan egiteko bete behar dituzun baldintzak.

Gora itzuli

Talde psikosozialetan lan egitea

Psikologoek, gizarte-laguntzaileek, hezitzaileek eta administrazioko langileek osatzen dituzte Talde psikosozialak. Organo judizialek eta fiskalek eskatuta, gizarte-, familia-, hezkuntza- edo psikologia-gaiei buruzko peritu-txostenak egiten dituzte talde horiek.

Talde psikosozialetan lan egiten dutenak Justizia Administrazioarekin lotuta daude, baina ez dute karrerako funtzionario izaerarik. Profesionalen Elkargoen mende daude, egia esan. Beraz, lanpostu horietako bat lortu nahi baduzu, elkargoren bateko kide egin beharko zara.

Gora itzuli

Prestakuntza-bekak

Justizia Ministerioak, aldiro-aldiro, oposizioak lortzeko, legeak aztertzeko, agiriak kudeatzeko… prestakuntza-bekak lortzeko deialdia egiten du. Laguntza horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira.

Gora itzuli

Abokatu eta Prokuradore lanbideetarako sarbideari buruzko Legea

Abokatu eta Auzitegietako Prokuradore lanbideetarako sarbideari buruzko Legeak ezartzen duenaren arabera, lizentziatuek elkargokide izateko praktika juridikoko masterra egin behar dute.

Urriaren 30eko 34/2006 Legea ekainaren 3ko 775/2011 Errege Dekretuaren bidez garatu da. Errege Dekretu honek Auzitegietako Abokatu eta Prokuradore izateko araudia onartzen du. Araudi horretan Abokatu edo Prokuradore izan nahi duten herritarrek bete behar dituzten baldintzak ezartzen dira.

Gora itzuli