Zer egin dezaket Erregistro Zibilean nire semearentzat edo niretzat aukeratu dudan izena ukatzen badidate?
Hasiera batean, nork bere izena eta seme-alabena askatasunez aukera dezake. Alabaina, Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legeak eta hori garatzen duten arauek hurrengo salbuespenak xedatzen dituzte:
- Ezin dira bi izen bakun edo elkartu bat baino gehiago jarri, nahiz eta azken hauek bi hitz baino gehiago eduki dezaketen. Gainera, bi izen bakun jartzen badira, gidoiarekin lotuta joateaz gain, bien lehenengo hizkia letra larriz idatzi behar da.
- Ez da onartzen pertsonaren duintasunaren aurkako izenik, ez esanahi propioagatik, ezta abizenarekin konbinatuta ere. Esate baterako, Dolores izena baliozkoa den arren, ez litzateke onartuko abizena Fuertes izango balitz.
- Ezin da pertsonaren identitatea nahasten duen izenik ipini. Hala nola, abizen arruntak aukeratzea izentzat. Identifikazioa nahasgarria den ala ez aztertzean, ez da aintzat hartu behar izenak pertsonaren sexuarekin edo sexu-identitatearekin duen korrespondentzia.
- Ez da baliozkoa abizen berdin-berdinak dituzten anaia-arrebek izen bera edukitzea, bat hilda ez badago. Era berean, ez dira onartzen oso antzekoak direnak, adibidez, “Anna” eta “Anne”.
Edozelan ere, arduradunek salbuespen guztiak modu murriztailean interpretatu behar dituzte.
Aurreko arauak kontuan izan arren aukeratutako izena ukatzen badute, errekurtsoa aurkez daiteke Segurtasun Juridikoaren eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusian. Horretarako Administrazio-prozedura erkidea arautzen duen legeak jasotzen duen edozein bide jarrai daiteke, baina guztietan epea hilabete batekoa da.
Segurtasun Juridikoaren eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak 6 hilabete ditu ebazpena emateko, errekurtsoa jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epea amaituz gero esanbidezko ebazpenik gabe errekurtsoa ezetsitzat joko da eta auzitegian beste bat jartzeko aukera baino ez da geratuko; zehazki, errekurtsogilearen bizilekuari dagokion probintziako hiriburuko lehen auzialdiko jurisdikzio zibileko epaitegian.