Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus
JustiziaEus-eko zerbitzuei buruzko ohiko galderak

Ohiko galderak

Euskadiko Justizia Administrazioak ematen dituen zerbitzuei buruzko ohiko zalantzak bildu eta zentralizatu ditugu, JustiziaEus zerbitzuaren erabiltzaile guztientzat erreferentzia-puntu izateko eta ahalik eta zorrotzen erantzuteko.

Zer eskubide dituzte pertsonek babes judizialari dagokionez?

Justizia Administrazioarekiko harremanetan dauden pertsona guztiek eskubide batzuk aitortuta dituzte, eta betebehar jakin batzuk betetzera behartuta daude. Babes judizialari dagokionez, eskubide hauek nabarmendu behar dira:

  • Babes judizial eraginkorrerako eskubidea: Konstituzioko 24. artikuluak aitortutako eskubidea da. Artikulu horren arabera, pertsona orok du eskubidea prozesu judizial batean parte hartu eta bere interes legitimoak defendatzeko. Prozesuan zehar, herritarrak eskubidea du alegazioak egiteko eta frogak berdintasun-baldintzetan aurkezteko. Halaber, eskubidea du epailearen erantzun arrazoitua eta zentzuzkoa jasotzeko, bai eta haren erabakiak betearaz daitezen ere.
  • Legeak erabakitako epaile eskuduna izateko eskubidea: kasua epaitzen duen pertsona epaitzen den auziaren eta lekuaren arabera legez dagokiona izango da.
  • Prozesua publikoa, arrazoitu gabeko atzerapenik gabekoa eta berme guztiak dituena izateko eskubidea: prozesuak publikoa izan behar du, baldin eta kontrakoa erabakitzen ez bada moraltasun, ordena publiko edo segurtasun nazionaleko arrazoiengatik edo adingabeen interesak, bizitza pribatuaren babesa edo alderdien beste eskubide eta askatasun batzuk arriskuan jartzen direlako. Prozesu judiziala eta epaia atzerapenik gabe egikaritu behar dira, zentzuzko epean, eta, atzerapen bidegaberen bat gertatzen bada, herritarrak dagokion kalte-ordaina jaso behar du. Epaileak inpartziala izan behar du eta ahaidetasun- edo adiskidetasun-harremanen bat badu edo auzian parte hartu badu, uko egin behar dio epaitzeari. Zirkunstantzia horietakoren bat izaten bada, herritarrak eskubidea du epailea prozesutik kanpo uzteko eskatzeko.
  • Defentsarako frogabide egokiak erabiltzeko eskubidea: auzitegiak onartu egin behar ditu aurkeztutako frogabideak, baldin eta gatazkako gaiarekin zerikusia badute eta erabakitzeko balio badezakete. Auzitegiak, gainera, froga horiek praktikatuko direla bermatu behar du.

Orobat, beste hainbat eskubide eduki daitezke egoera jakin batean egoteagatik (adibidez, akusatua izateagatik) edo, besterik gabe, Justizia Administrazioan parte hartzeagatik. Justizia.Eus atariko Eskubideak eta betebeharrak atalean kontsulta ditzakezu.