Nork eska dezake doako justizia?
Konstituzioak pertsona guztiei bermatzen die justizia-auzitegietara jotzeko eskubidea, nahiz eta baliabide ekonomikorik ez izan. Beraz, zenbait baldintza ekonomiko eta izaera juridikoko beste batzuk betetzen dituen edonork doako laguntza juridikoa jaso dezake.
Lehenengoei dagokienez, familia-unitate (ezkontidea eta seme-alabak adingabeak) baten parte ez den eskatzailearen diru-sarrerak ezin dira Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoaren (IPREMaren) bikoitza baino gehiago izan eskaera egiten den unean. Hala ere, zifra hori IPREMa 2,5 bider izango da familia-unitateak lau kide baino gutxiago baditu eta IPREMaren hirukoitza gutxienez lau kide baditu edo familia ugaria bada. IPREMa Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean ezartzen da urtero. 2023 urtekoak dira:
- Egunekoa: 20 euro.
- Hilabetekoa: 600 euro.
- Urtekoa: 7.200 euro. Alabaina, lanbide arteko gutxieneko soldata IPREMarekin ordeztu den kasuetan, urteko zenbatekoa 8.400 eurokoa da arauak lanbide arteko gutxieneko soldatari urteko zenbaketan erreferentzia egiten dionean. Hori esanda, aparteko ordainsariak berariaz baztertzen badira, zenbatekoa 7.200 eurokoa da.
Hala ere, abiaraztear den prozedura judizialean elkarren aurkako familia-interesik izanez gero (ezkontide batek bestearen aurka aurkeztutako demanda, seme-alaba batek guraso baten aurka aurkeztutakoa eta abar), prozedura judiziala abiarazi nahi duenaren baliabide ekonomikoak bakarrik hartu ahal izango dira kontuan, ez familia osoarenak.
Gainera, auzitan jarduteko nahikoa baliabiderik ez duela ziurtatze aldera, aintzat hartuko dira benetako ahalmen ekonomikoaren adierazle diren ezaugarriak, eta doako laguntza juridikoa izateko eskubidea ukatu egingo da, baldin eta eskatzaileak deklaratutakoaren aurka, ezaugarri horiek garbi adierazten badute pertsona horrek Legeak ezarritako muga gainditzen duten baliabide ekonomikoak dituela (etxebizitza-mota, autoa, inbertsioak eta abar). Hau da, ohiko bizilekuaren jabea izatea ez da, berez, eskubide hori aitortzeko oztopoa, betiere, etxebizitza hori luxuzkoa ez bada.
Betekizun juridikoei dagokienez, aintzat hartu behar da zer jurisdikzio-ordenatan jardungo den (zibila, penala, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, etab.). Doako laguntza juridikoa eska dezakete guztietan:
- Espainolek, Europar Batasuneko kide diren estatuetako herritarrek (librekanbioko zona), eta Espainian legezko egoitza duten atzerritarrek, baldin eta auzitan jarduteko baliabiderik ez dutela egiaztatzen badute.
- Gizarte Segurantzako Zerbitzu Erkideek eta Erakunde Kudeatzaileek.
- Ondorengo pertsona juridikoek: onura publikoko erakundeek eta dagokien Administrazio Erregistroan inskribatutako fundazioek.
Hala ere, zenbait kasutan jurisdikzio jakin baterako doako laguntza juridikoa eska dezakete aurreko zerrendan ez dauden batzuek:
- Lan-arloko jurisdikzioan: Gizarte Segurantzaren onuradunek eta langileek.
- Zigor-arloko jurisdikzioan: auzitan jarduteko baliabiderik ez duten herritar guztiek, baita atzerritarrek ere Espainian legezko egoitza eduki ez arren.
- Administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan: nahiz eta Espainian legezko egoitzarik ez izan, auzitan jarduteko baliabide nahikorik ez duela egiaztatzen duten atzerritarrek, beren asilo-eskaeren eta Atzerritarrei buruzko Legearen gaineko prozesuetan.
Era berean, eta auzitan aritzeko baliabiderik daukan ala ez alde batera utzita, berehala aitortuko zaien doako laguntza juridikoa eskatzeko eskubidea dute genero-indarkeriaren, terrorismoaren eta gizakien salerosketaren biktimek biktima-izaerarekin lotura duten prozesuetan, baita adingabeak eta desgaitasun psikikoa dutenek ere, abusuen edo tratu txarren biktima direnean. Eskubide hori bera dute istripu baten ondoriozko sekuela iraunkorrak direla-eta haien ohiko lan- edo lanbide-zereginak egiteko gai ez direnek eta eguneroko funtsezko jarduerak egiteko beste pertsona batzuen laguntza behar dutenek, auziaren xedea jasandako kalte pertsonal eta moralengatiko kalte-ordaina erreklamatzea denean.
Amaitzeko, beren eskubide edo interes propioak defendatzeko auzitan jarduten dutenek bakarrik dute doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea.
Informazio gehiago nahi izatekotan, jo ezazu JustiziaEus webguneko Doako Justizia atalera