Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Nola alda dezaket nire sexua Erregistro Zibilean?

Sexuaren erregistro-zuzenketak aukera ematen du norbaiten Erregistro Zibileko sexu inskripzioa aldatzeko, baldin eta ez badator bat haren benetako genero identitatearekin. Transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrekoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsaileko 28ko 4/2023 Legean (leiho berri batean irekitzen da) erregulatuta dago.

Erregistroan sexua zuzentzeko prozesua hasteko, beharrezkoa da hamabi urtetik gorako Espainiako herritarra izatea, nahiz eta baldintza hori betezen duten guztiek egoera berdinean ez dauden; izan ere, 16 urtetik gorakoek ez dute inolako murrizketarik, 14-16 adin-tartekoek gurasoen edo legezko ordezkarien laguntza behar dute, eta 14 urtetik beherako eta hamabi urtetik gorako adingabeek baimen judiziala behar dute.

Azkenengo kasuan izan ezik, zuzenketaren sustatzaileak Erregistro Zibileko edozein bulegotan aurkez dezake eskabidea. Izapidea errazteko, JustiziaEus atarian eskuragarri dago Euskadiko Erregistro Zibil eta Bake Epaitegi guztiekin harremanetan jartzeko datuak dituen bilatzailea.

Dokumentazioari dagokionez, 4/2023 Legeak soilik xedatzen du jada ez dela aurkeztu behar txosten mediko edo psikologikorik, ez inskripzioan aipatutako sexuarekiko desadostasunaren inguruan, ezta prozedura mediko, kirurgiko edo bestelakoen bidez pertsonaren gorputz-itxura edo -funtzioa aldez aurretik aldatzeari buruz ere. Beraz, uler daiteke aurreko ereduko gainerako dokumentu-betekizunak beharrezkoak direla oraindik ere: eskabidea, NANa, jaiotza-ziurtagiri literala eta errolda-ziurtagiria.

Eskaera jaso ondoren, bultzatzaileari dei egiten zaio Erregistro Zibileko Arduradunaren aurrean ager dadin bere borondatea berresteko. Era berean, izen berria adierazi behar du, aurrekoa mantendu nahi ez badu. Arduradunak agerraldi hori baliatu behar du sustatzaileari zuzenketaren ondorio juridikoen eta eskura dituen laguntza- eta informazio-neurrien berri emateko.

Egintza hori gertatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean, arduradunak berriro zitatu behar du interesduna, eskaera berriz egin eta sendets dezan. Horrek atzera egiten ez badu eta eragozpenik ez badago, arduradunak ebazpena emango du hilabete baino lehen, eta izapidea amaitutzat joko da. Hori bai, erabakiaren aurka errekurtsoa jar daiteke Segurtasun Juridikoaren eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusian.

Bestalde, sexua aldatu izanaz damutuz gero, atzera jo dezake? Bai, sei hilabete igaro ondoren, sexu aipamenaren beste zuzenketa bat eska dezake. Horretarako, lehenengoan jarraitutako urrats berberak jarraitu behar ditu. Gainera, prozesu berezi bat dago berriro damutu denak sexua alda dezan.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzako (LGTBI) eta haien ingurukoentzako informazio- eta arreta-zerbitzua du, Berdindu  (leiho berri batean irekitzen da)izenekoa, eta, adibidez, horrelako izapideak egiten laguntzen du.