Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus

Noiz eta nola eska dezaket ezkontza-lekapena?

Kode Zibilaren (leiho berri batean irekitzen da) arabera, badira nahi arren ezkontzeko aukera ez daukaten zenbait pertsona. Ezin dira inola ere ezkondu ez adin txikiko emantzipatugabeak (46.1º art.) ezta ezkontza-loturaren bidez elkartuta daudenak ere (46.2º). Horrez gain, nahiz eta oro har ezkontzeko gaitasuna duten, ezin dira haien artean senar-emazte bihurtu odol bidez edo adopzioaren bidez zuzeneko lerroan ahaide direnak (47.1º art.), odol bidez hirugarren gradurainoko ondokoak (47.2º art.) eta euretatik edozeinen ezkontidea edo pareko afektibitate-harremanaren bidez lotuta dagoen pertsona doloz hiltzeagatik, egile edo sopikun gisa kondenatuak izan direnak (47.3º art.).

Esanak esan, debeku hauek salbuespenak dituzte, Kode Zibilak berak dioelako 48 artikuluan alderdiak hala eskatuz gero eta horretarako arrazoi zuzena izatekotan, epaileak ken ditzakeela aurreko ezkontidea edo pareko afektibitate-harremanaren bidez lotuta dagoen pertsona doloz hiltzeagatiko eragozpena eta albokoen arteko hirugarren gradukoa.

Horretarako,  borondatezko jurisdikzioko espedientea sustatu behar da. Lekapenaren eskaera eragozpena duen ezkongaiak aurkezten du, bere helbidearen arabera dagokion lehen auzialdiko epaitegian. Bestela, ezkontideen bizilekuan aurkez daiteke. Izapidea errazteko, JustiziaEus atarian eskuragarri dago Euskadiko Erregistro Zibil eta Bake Epaitegi guztiekin harremanetan jartzeko datuak dituen bilatzailea.

Eskakizunak arrazoi partikularrak, familiakoak eta sozialak jaso behar ditu, baita kausa zuzena justifikatzen duten dokumentuak eta aurrekariak ere. Era berean, ezinbestekoa da eskatu nahi diren frogak adieraztea eta, eragozpena ahaidetasunaren ingurukoa bada, ezkontideen zuhaitz genealogiko argia. Nolanahi ere, ez da beharrezkoa abokatua edo prokuradorea izatea.

Eta zer gertatzen da lekapena ezkondu ondoren lortzen bada? Ezkontza deuseza izango da soilik alderdietako batek judizialki eskatu badu.

Amaitzeko, aintzat hartzekoa da Borondatezko Jurisdikzioaren Legeak (leiho berri batean irekitzen da) 14 eta 16 urte bitarteko adin txikikoek ezkontzeko eska zezaketen lekapena indargabetu duela. Ondorioz, gaur egun ezkon daitezkeen adingabe bakarrak 16 urte baino gehiago duten emantzipatuak dira.