Noiz da beharrezkoa abokatuaren laguntza?
Denon eskubidea da abokatuaren laguntza jasotzea epaitegietara joateko. Kasu batzuetan, legeak, laguntza hura beharrezkotzat jotzen du. Beste batzuetan, ez. Laguntza beharrezkoa ez denetan ere, alderdiek abokatuaren laguntza jasotzeko eskubidea daukate.
Arlo zibila eta merkantila
Oro har, prozedura zibiletan nahitaezkoa da alderdiak abokatuarekin joatea epaitegietara. Are gehiago, ezin izango da eskaerarik egin abokatuaren sinadurarik gabe. Hala ere, honako salbuespen hauetan ez da beharrezkoa abokatuaren laguntza:
- Hitzezko judizioetan, zenbatekoa dela-eta zehaztu badira eta zenbatekoa 2.000€tik gorakoa ez bada,
- Prozedura monitorioaren lehenengo eskaeran,
- Epaiketara bertaratzea helburu duten idazkiak aurkezteko,
- Epaiketa baino lehen premiazko neurriak eskatzeko idazkiak aurkezteko,
- Ikustaldiak edo jarduketak presaz etetea eskatzeko idazkia aurkezteko. Egin nahi den ikustaldi edo jardunaren etendura abokatuari bereziki dagozkion kasuetan oinarritzen denean, berak ere sinatu beharko du idazkia.
Laguntza beharrezkoa ez bada ere, abokatuarekin joateko aukera dago. Hala bada, demandan edo erantzunean jaso beharko da.
Zigor arloa
Delituen testuinguruan, nahitaezkoa da abokatuaren laguntza prozedura hasieratik kontuan izanda jokoan dauden eskubide eta askatasunak. Ikerkuntza fasean abokatuaren laguntza beharrezkoa ez bada ere, pertsona bat atxilotzen denetik, abokatuarekin entrebista pertsonala izateko eskubidea dauka.
Bestalde, ez da beharrezkoa izango salaketa aurkezteko; bai, ordea, kereila aurkezteko.
Lan arloa
Gizarte Segurantza eta lanaren inguruko gaietan ez da beharrezkoa abokatuaren laguntza hasierako eginbideetan. Hain zuzen ere, lehenengo auzialdian ez da abokatuaren presentzia behar. Handik aurrera, aldiz, bai.
Administrazioarekiko auzien arloa
Aurretiazko administrazio-bidean egindako egintzetan ez da beharrezkoa abokatuaren esku-hartzea. Fase judizialean, aldiz, abokatuaren laguntza nahitaezkoa da.
Azken aldaketako data: