Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Noiz aurkez dezaket salaketa telematikoki?

Salaketa telematikoki aurkez daiteke, delitu-mota jakin batzuk salatzen badira eta inguruabar batzuk gertatzen ez badira. Baimendutako delitu-motak eta inguruabarrak aldatu egiten dira salaketaren ondorengo izapidetze-ereduaren arabera. Bi eredu horiek honako hauek dira: izapidetze elektronikoa eta aurrez-aurreko izapidetzea.

Izapidetze elektronikoaren ereduari dagokionez, salaketa telematikoki aurkeztu ahal izango da, delitu hauetako bat salatu nahi denean:

  1. Agiriak, ondasunak edo dirua lapurtzea, baldin eta pertsonengan indarkeriarik, larderiarik edo gauzetan indarrik izan ez bada.
  2. Ondasunetan izandako kalteak, lapurreten edo lapurreta-saiakeren ondorioz gertatu ez badira.
  3. Kreditu-txartelean edo zordunketa-txartelean iruzurrezko karguak. Kreditu-txartelean edo zordunketa-txartelean baimendu gabeko karguen bidez banku-kontuan gastuez ohartzen garenean bakarrik.

Delitu horietako bat salatu nahi denean, ezin izango da salaketa aurkeztu, baldin eta delitu-egintzak inguruabar hauetako bat badakar: gertaerak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo gertatu badira, egilea identifikatuta badago, ezaguna bada edo fisikoki onar badezake; egitateak indarkeria fisikoarekin edo larderiarekin gertatu badira, edo izaera sexual edo larritasun berezikoak badira; egitatearen inguruabarrek poliziaren esku-sartzea eskatzen badute ebidentziak biltzeko, edo delitua ikusi ahal izan duten lekukoak badaudela egiaztatzen bada.

Bestalde, aurrez aurreko izapidetze-ereduaren bidez, salaketa telematikoki aurkeztu ahal izango da, honako delitu hauetako bat salatu nahi denean:

  1. Agiriak, ondasunak edo dirua lapurtzea, baldin eta pertsonengan indarkeriarik, larderiarik edo gauzetan indarrik izan ez bada.
  2. Ondasunetan izandako kalteak, lapurreten edo lapurreta-saiakeren ondorioz gertatu ez badira.
  3. Ibilgailuaren barrualdean lapurtzea.
  4. Ibilgailua lapurtzea.
  5. Dokumentuak eta/edo efektuak galtzea.
  6. Aldez aurretik salatu diren edo galdu direla jakinarazi zaien dokumentu eta/edo efektuak berreskuratzea.
  7. Lapurtutako ibilgailua berreskuratzea, aldez aurretik salatu bada.

Izapidetze elektronikoaren ereduan bezala, badira salaketa telematikoki aurkeztea eragozten duten inguruabarrak, nahiz eta salatu nahi den delitua aipatutako bat izan. Inguruabar horiek honako hauek dira: egilea identifikatuta egotea, ezaguna bada edo fisikoki onar badezake; egitateak indarkeria fisikoarekin edo larderiarekin gertatu badira, izaera sexual edo larritasun berezikoak badira; egitatearen inguruabarrek poliziaren esku-sartzea eskatzen badute ebidentziak biltzeko, edo delitua ikusi ahal izan duten lekukoak badaudela egiaztatzen denean.

Informazio gehiagorako, Euskadi.eus webgunea kontsultatu.