Epaitegira joaten naizen guztietan tasa judizialak ordaindu behar ditut?
Tasa judizialak pertsona batek auzitegietara jotzen duenean eta Justizia Administrazioa erabiltzen duenean ordaindu beharreko zergak dira. Gaur egun, pertsona fisikoek eta doako justizia aitortuta duten pertsona juridikoek ez dute tasarik ordaindu behar.
Horrez gain, soilik ordainduko dira zibil-arloan, administrazioarekiko auzien arloan edo lan-arloan (ez dira ordaindu behar zigor- eta militar-arloan).
Aipatutakoaz gainera, tasa judizialak ordaintzeko salbuetsita dauden kasuak hurrengoak dira (horietakoren bat salbuespenekin):
- Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babesteko bereziki ezarritako prozeduretan demanda jartzea eta geroagoko errekurtsoak aurkeztea, bai eta hauteskunde-administrazioaren jardunaren aurkakoak ere.
- Zordunak borondatezko konkurtsoa eskatzea.
- Prozedura monitorioaren hasierako eskaera aurkeztea eta hitzezko judizioaren demanda, zenbatekoa erreklamatzeko, horien zenbatekoa bi mila eurotik gorakoa ez denean. Salbuespen hori ez da aplikatuko prozedura horietan erabilitako uzia judizioz kanpoko titulu betearazlearen izaera duen dokumentu batean oinarritzen denean, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 517. artikuluan xedatutakoaren arabera.
- Administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jartzea, administrazioaren isiltasun negatiboa edo jarduerarik eza dagoenean.
- Kontsumoko Arbitraje Batzordeek emandako laudoak betearazteko demanda aurkeztea.
- Konkurtso-masaren intereserako eta merkataritza-arloko epailearen aldez aurreko baimenarekin konkurtso-administratzaileek jartzen dituzten akzioak.
- Ondareak judizialki banatzeko prozedurak, salbu eta aurkakotza egiten bada edo ondasunak sartzeari edo baztertzeari buruzko eztabaida sortzen bada, eta tasa sortzen bada hitzezko judizioagatik eta eztabaidatzen den zenbatekoagatik edo oposiziogilearen konturako banaketa-koadernoaren aurkaratzetik eratorritakoagatik, eta biek aurka egiten badute bakoitzaren kontura, bakoitzaren zenbatekoagatik.
Tasa judizialei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu "Zer dira tasa judizialak" JustiziaEusen.