Banandu egin nahi dut, senarrak tratu txarrak ematen dizkidalako. Ofiziozko abokatua al dagokit, nahiz eta senarrak diru asko irabazi?
Auzitan jarduteko nahikoa baliabide dagoen ala ez alde batera utzita, genero-indarkeriaren biktimek doako laguntza juridikorako eskubidea dute biktima-izaerarekin zerikusia duten edo izaera horretatik eratortzen diren prozesu guztietan.
Eskubide hori aitortzeko, beharrezkoa izango da zigor-arloko prozedura hasi dela egiaztatzea, salaketa, kereila edo babes-agindua jarrita.
Doako justiziarako eskubidearen aitorpena galdu egingo da largespen, artxibatze edo absoluzio-epaiaren kasuan. Hala ere, kasu horietakoren bat gertatu arren, eskatzaileak egiaztatzen badu Doako Justiziaren Legean ezarritakoak baino diru-sarrera txikiagoak dituela, onura horri eutsiko dio. Kasu horietan, diru-sarrerak ezkontidearen egoera ekonomikoa kontuan hartu gabe zenbatuko lirateke, interes kontrajarriak baitaude haien artean.
Ofiziozko abokatuaren eskakizuna egiteko, zure etxetik gertueneko Epaitegira edo Abokatuen Elkargora (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) joan beharko duzu.
Genero-indarkeria salatzea erabaki baduzu, kontuan har ezazu Ertzaintzak edo Udaltzaingoak lortuko dizula ofiziozko abokatua. Hark lehendabiziko aldian doan lagunduko dizu eta lege-aholkuak emango dizkizu.





