Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

12 urte baino gehiago ditut, baina 14 baino gutxiago. Nola alda dezaket sexua Erregistro Zibilean?

14 urtetik beherako eta hamabi urtetik gorako adingabeek baimen judiziala behar dute erregistroan sexu aipamena aldatzeko. Beraz, Erregistro Zibilera zuzenean jo beharrean, adingabeak borondatezko jurisdikzioko espedientea hasi behar du, egoitzaren arabera dagokion Lehen Auzialdiko Epaitegian. Izapidea egiteko, adingabeak gurasoen edo legezko ordezkariaren laguntza behar du; eta horiek haien artean edo interesdunarekin bat etorri ezean, defendatzaile judiziala izenda diezaiokete. Nolanahi ere, ez da nahitaezkoa abokatuaren edo prokuradorearen esku-hartzea.

Espedientea, lehentasunez izapidetuko dena, interesdunaren erregistro-sexuarekiko desadostasuna adierazten duen idazkiaren bidez hasten da, eta hori egonkorra dela frogatzen duen edozein bitartekorekin batera aurkezten da.

Eskaera izapidetzeko onartzen bada, epaileak eskatzaileari, haren ordezkariei, Ministerio Fiskalari eta egokitzat jotzen duen beste edozeini agertzeko zitazioa egiten die. Era berean, probak gauzatzea eska dezake, adingabearen heldutasuna eta lehen aipatutako borondatearen egonkortasuna egiaztatzeko. Epaileak nahitaez eman behar dio adingabeari erregistro-zuzenketaren ondorioen eta eskura dituen laguntza- eta informazio-neurrien berri.

Azkenik, adingabea entzun ondoren eta haren interes gorena kontuan hartuta, epaileak onespen judiziala ematen edo ukatzen du. Lehenengo kasuan, ebazpena Erregistro Zibilera bidaltzen da, zuzenketa inskribatzeko.