Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Hasiera > Familia

Familia

Familia erakunde soziala da eta erakunde sozial horretan, hainbat pertsonak elkarren arteko lotura dute ezkontzagatik edo filiazioagatik, elkarrekin bizi dira eta ahaidetasun-harremana dute. Familiak eta familia osatzen duten pertsonek Justizia Administrazioak bere gaiei arintasunez eta hurbiltasunez arreta emateko eskubidea dute, horretarako baliabide teknologiko egokiak jarrita. Horregatik, EAEko Erregistro Zibilek eta Bake Epaitegiek egunero Internet bidez egindako 160 ziurtagiri-eskaera baino gehiagori erantzuten diete.

Nola egin ezkontza erlijiosoaren iskripzioa Erregistro Zibilean

Espainian errotuta dauden eta Erakunde Erlijiosoen Erregistroan inskribatuta dauden elizek, konfesioek, erlijio-elkarteek edo hauen federazioek egindako ezkontzak, Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian inskriba daitezke.

Elizak egindako ezkontzetan nahikoa da elizaren ziurtagiria aurkeztearekin.

Ezkontza juduen edo Espainiako Erakunde Erlijioso Ebanjelikoen Federazioko ezkontzen kasuan, ezkontzeko gaitasuna aitortzen duen autoarekin amaitzen den aldez aurreko espediente bat egin beharko duzu. Ezkontza islamiarra bada, orduan ere gomendagarria da izapide hori egitea, baina ez nahitaezkoa. Espedientea egindakoan, sei hilabeteko epea daukazu ezkontza egiteko.

Gora itzuli

Zein ezberdintasun daude ezkontza zibilaren eta izatezko bikotearen artean

Estatu mailan araudi komunik ez dagoenez, Autonomia Erkidego bakoitzak izatezko bikoteei buruzko araudi propioa du. Euskadin Izatezko Bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea, eta ekainaren 22ko 124/2004 Dekretu bidez onartutako Izatezko Bikoteen Erregistroaren Araudia daude. 
Parekatzea
Seme-alaben arloan
, erabat parekatuta daude gurasoek dituzten eskubide eta betebeharrak. Adopzio eta harrera-hartze kasuetan ere, eskubide eta betebeharrak parekatuta daude.

Oinordekotza erregimenari dagokionez, bikotea foru araudiaren menpe dagoen kasuetan (5/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa), ezkontza eta izatezko bikoteak parekatuta daude; baita kideetako bat testamenturik egin gabe hiltzen bada ere.

Ezkontza zibiletan bezala, 16 urtetik gorako adingabe emantzipatuak ere izatezko bikote izan daitezke.

Ezberdintasunak
Izatezko bikoteen eta ezkontza zibilen artean, fiskal arloko eta ondare komunaren kudeaketaren arloko ezberdintasunak daude gehienbat.

Alargun-pentsioa jasotzeko baldintzetan ere zenbait ezberdintasun daude. Izan ere,  alargun gelditu den izatezko bikotekideari, ezkontideari eskatzen ez zaizkion baldintzak esigitzen zaizkio. Baldintzok 174.3 Gizarte Segurantzaren 174.3 Lege Orokorrean zehaztuta daude; horren arabera, izatezko bikotekideek erroldatze-ziurtagiriaren bitartez bost urtez elkarrekin bizi izan direla egiaztatu behar dute. Horrez gain, izatezko bikotea heriotza data baino bi urte lehenago erregistratuta egon behar da. Bestalde, bizirik dagoen bikotekideak diru-sarrera muga izango du pentsioa kobratu ahal izateko.

Lan arloari dagokionez, Langileen Estatutuari erreparatuz gero, langileak ezin du opor egunik hartu izatezko bikote gisa elkartzeagatik. Opor egunak hartzeko eskubidea hitzarmen kolektiboak jaso beharko du.  Eskaera aurretiaz egin behar da, eta izatezko bikote gisa erregistratzeko unean hartu behar dira opor egunak. Ezin dira egunak gorde.

Bikotea apurtzen bada, dibortzioetan bezala, bikotekide ohiak konpentsazio-pentsioa ordaintzeko eska dezake (Euskadin). Adostasunik ez badago, erabakia epaileak hartuko du. Beti ere, eteteak ondare ezberdintasuna eragiten badu edo bikotekide ohi bat bidegabe aberasten bada bakarrik hartuko du parte epaileak. Adibidez, bikotekide batek seme-alabak zaintzeko lan ibilbidea bertan behera utzi dutenen kasuetan.

Erregimen ekonomikoari dagokionez, bikotekideek  ekonomia eta ondare arloko harremanak arautzeko autonomia dute, baina itun arauemailerik egon ezean, Kode Zibilaren ondasun-banantze erregimena ezarriko da. Bikoteak, borondatez  -Legeak ez baititu horretara behartzen- dagokion ekonomia eta ondare arloko harremanak arautzeko ituna edo hitzarmen arauemailea adostu dezake. Akordioa publikoa (Notario aurrekoa) ala pribatua izan daiteke; bigarren kasuan Izatezko Bikoteen erregistroan gordeko da. EAEko erregistroetan itun pribatua sinatzeko ereduak daude (ez da derrigorrezko horiek erabiltzea). Ereduak erregistro zibiletan Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaien Sailaren web atarian daude.

Espainiako eta atzerriko biztanleen arteko ezkontzetan, berriz, izatezko bikotekide gisa erregistratzen den atzerritarrak europako egoiliar familia-txartela eskuratuko du (bost urterako da eta ez da zertan espainian kotizatu behar). Espainiar batekin ezkonduz gero, berriz, urtebetez Espainian bizi ostean nazionalitatea eska daiteke.

Gora itzuli

Dibortzioa nola eskatu behar da

Dibortzioa epai judizial bidez bakarrik adostu daiteke, eta izapidetzeko ezinbestekoak dira prokuradorea eta abokatua. Adostasunezko dibortzioa bada, kide biek abokatu eta prokuradore bera izan ditzakete; baina dibortzioa adostutakoa ez bada alde bakoitzak bere abokatu eta prokuradorea izan beharko du.

Blog.justizia.eus-en hurrengoa irakurtzea interesgarria izan daiteke zuretzat: Dibortziatzea nahi dut!

Gora itzuli

Oso arrunta ez den izena aukeratzea edo izena aldatzea

Oso arrunta ez den izenen bat aukeratzen baduzu, arazoak izan ditzakezu semea edo alaba Erregistro Zibilean inskribatzeko. Erregistro Zibileko Arduradunak aztertuko du eskatutako izena onargarria den ala izena jartzeko arau orokorrekin eta horien mugapenekin bat ez datorren.

Kontsultatu izen-aldaketen kasuak eta aldaketa egiteko moduak Zerbitzuak eta Izapideak atalean.

Transexualen kasuan, sexuaren aipamena zuzentzeak norbanakoaren izen-aldaketa dakar, erregistratutako sexuarekin bat etor dadin (3/2007 Legea, martxoaren 15ekoa, Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro Zibilean Zuzentzea arautzen duena). Informazio gehiago behar izanez gero, Berdindu zerbitzura jo dezakezu (Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailera atxikitako zerbitzua).

Gora itzuli

Hipoteka-Bitartekaritzako Zerbitzura sartu

Zure familia kaleratzeko arriskuan badago, eta hipoteka kontratatuta daukazun finantza-erakundearekin akordiorik lortu ez baduzu, Hipoteka-arloko Bitartekotza Zerbitzura jo dezakezu.

Lan eta Justizia Sailak abian jarritako zerbitzu horren bidez, profesionalek bitartekari lana egingo dute bankuarekin duzun zorraren baldintzak berriro adosteko. Era horretara, kredituaren ordainketa egin ahal izango duzu eta ez duzu etxea utzi beharko.

Hipoteka-Bitartekaritzako Zerbitzuaren laguntza eskatzeko baldintzak ikus itzazu.

Gora itzuli

Abizenen ordena alderantzikatzea edo euskarara egokitzea

Erregistro Zibila atalean dago jasota zer izan behar duzun kontuan zure abizenen ordena alderantzikatzeko, hau da, bigarren abizena lehena bihurtzeko.

Zure abizenak euskarazko grafiara egokitzeko modua ere kontsulta dezakezu.

Gora itzuli

Ofiziozko abokatua lortzea

Zure familiak behar adina baliabide ekonomiko ez baditu, doako laguntza juridikoa eska dezakezu Bilbo, Donostia eta Gasteizko Justizia Jauregietan kokatuak dauden Orientazio Juridikoko Zerbitzuaren (OJZ) bulegoetan.

Doako Laguntza Juridikoko eskaera egiteko, zure egoera ekonomikoa edo zure familiarena frogatzen duten datuak aurkeztu beharko dituzu, eta baita beste agiri batzuk ere.

Gora itzuli

Ziurtagiri bat eskatu, jaiotza, ezkontza edo heriotza data zehatza jakin gabe

Jaiotza, ezkontza edo heriotza ziurtagiria behar baduzu baina data zehatza ez badakizu, datu horiek Elizbarrutiko Artxibo Historikoen bidez eskuratzen saia zaitezke:

Jaiotza, ezkontza edo heriotza lekua eta data ezagutzen dituzunean ziurtagiria eska dezakezu, JustiziaEus-en, Erregistro Zibilean edo dagokizun Bake Epaitegian.

Gora itzuli

Zure familia tratu txarren kontra babestea

Emakumeek, seme-alabek eta adinekoek etxean jasan ditzaketen tratu txarren artean daude familiaren baitan gertatzen diren errepikatutako indarkeria-ekintza guztiak, baita erasotzailea etxean bizi ez bada ere: bortxaketa, tratu txar fisikoa, tratu txar psikologikoa, sexu-abusua, mehatxuak, larderiak, isolamendu sozial eta ekonomikoa...

Kontsulta ezazu zer urrats egin behar dituzun zure familia egoera horretan badago eta egoera horretatik irten nahi baduzu.

Gora itzuli

Semea/alaba inskribatzea

Pertsona bat jaiotzen denean, horren berri jasota uzten da erregistroan inskribatuz. Une horretatik aurrera, pertsona horren inguruko edozein zirkunstantzia pertsonal eta familiar (adopzioa, izen-aldaketa, ezkontza, heriotza) Erregistro Zibilean jasota geratuko da.

Kontsultatu nola inskribatu seme edo alaba baten jaiotza.

Lagunduriko ugalketa-tekniken bidez seme-alabak izan nahi dituzten lesbiana bikoteei zuzendutako informazioa kontsulta dezakezu (Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila).

Gora itzuli

Zibilez ezkontzea

Ezkontza zibila bizi-elkartasun egonkorra ezarri nahi duten bi pertsonaren arteko lotura da, Kode Zibilak xedatutako moduan gauzatutakoa eta ezkontideei eskubideak eta betebeharrak eragiten dizkiena.

Kontsultatu ezkontza zibila gauzatzeko eskakizunak.

Behin ezkontza gauzatutakoan, horren berri jasota geratu behar du Erregistro Zibilean. Kontsultatu nola inskribatu ezkontza, hori gauzatzeko erabilitako moduaren arabera.

Gora itzuli

Familia Liburua lortzea

Familia Liburua lortzea: bi pertsona ezkontzen direnean edo, ezkonduta egon gabe, bi pertsonak euren semea edo alaba inskribatzen dutenean Erregistro Zibilean doan ematen den dokumentua da Familia Liburua.

Ez ahaztu...

  • Galtzen baduzu edo hondatzen bazaizu bikoiztua eska dezakezu Erregistro Zibilean. Bikoiztua ezkontide edo gurasoetako batek soilik eska dezake, baina behar bezala identifikatutako edozein pertsonak jaso dezake.
  • Banandu edo dibortziatuz gero, alderdietako batek har dezake eta besteak bikoiztua eskatu. Bi liburuak indarrean egongo dira eta ondoreak izango dituzte.
  • Beste bikotekide batekin beste seme/alaba bat izaten baduzu, beste Familia Liburu bat behar duzu.
  • Izatezko bikotea bazara, semea edo alaba dagokion Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian inskribatutakoan lortuko duzu Familia Liburua.

Gora itzuli

Espainiako nazionalitatea eskatzea

Pertsona bat eta bere ondorengoak hainbat egoeratan egon daitezke herrialde bateko hiritartasuna eskatzeko. Atarian daude jasota Espainiako nazionalitatea lortzeko legez xedatutako kasu guztiak, eta baita horretarako bete behar diren izapideak ere.

Gora itzuli