Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Eztabaidak Konpontzeko Baliabide Egokiak

Ezagutu itzazu beste Justizia-eredu batzuk

Justizia-eredu alternatiboek gatazkak prebenitzea eta konpontzea ahalbidetzen dute, eta aldeei konponbide horiek eraikitzeko protagonismoa ematen diete. Negoziazioa, bitartekaritza, kontziliazioa edo arbitrajea dira mekanismo zabalduenetako batzuk.

Eremu horren barruan dago Justizia Errestauratiboa, delitu baten biktima izan diren pertsonen eta legea urratu duten pertsonen arteko gatazkak konpontzeko metodologia alternatibo gisa.

Informa zaitez honi buruz

Justizia Errestauratiboa, hain zuzen, biktimari eragindako kaltea konpontzeko Justizia-eredu alternatiboa da. Justizia Errestauratiboaren tresna nagusia zigor-arloko bitartekaritza da, nahiz eta badauden errestauratiboagoak diren beste tresna batzuk, zirkuluak eta hitzaldiak, adibidez. Prozesuan, gatazkan nahasita ez dagoen beste pertsona batek esku hartu eta biktimaren eta salatutako pertsonaren arteko bitartekaritza egiten du, salatutako pertsonak biktimari berak sortu duen egoera gainditzen lagun diezaion.

NBEren arabera, Justizia Errestauratiboa arazoak konpontzeko metodologia bat da, eta funtsezko printzipio hauxe du oinarri: delituzko jokabideak, legea urratu ez ezik, biktimei eta komunitateari kalte egiten die.

Izan ere, batzuetan, biktimarentzako galera bikoitza da: lehenik, arau-hauslearekiko, eta, bigarrenik, ezin duelako prozesu penalean erabat parte hartu.

Alde horretatik, Justizia Errestauratiboak balioa ematen dio biktimari; dagokion protagonismoa itzultzen dio, eta zigor-sistemaren arloko funtzioak areagotzen ditu, modalitate guztietako kaltea konponduta (ondarezkoa, sinbolikoa edo emozionala).

2016ko ekainean, Donostian egindako “Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoa, justizia-eredu berritzaileetarantz” Europako I. (leiho berri batean irekitzen da)Batzarrean, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen Euskadin zigor-eredu tradizionala baino modernoagoa, eraginkorragoa eta gizatiarragoa izango den justizia errestauratiboa ezartzeko. Izan ere, eredu tradizional hori kaltea eragin duten pertsonak jazartzera, zigortzera eta gizartetik aldentzera baino ez dago bideratuta. Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Justizia Errestauratiboaren metodo berriei esker auzitegietako karga arindu daiteke, Justizia errazago ezar daiteke eta baliabide publikoak zentzuz erabil daitezke.

Hain zuzen ere, Justizia Errestauratiboak delituzko jokabide batek eragindako kaltea konpontzea du xede nagusi, biek irtenbide bat lor dezaten delituaren larritasuna edozein dela ere. Justizia Errestauratiboak ez du ordezten Justizia Saritzailea (zigortzailea); bere helburua Justizia gizatiarragoa lortzea eta zigor-sistemaren funtzionamenduan elkarrizketa sartzea da, hala delituak biktimari eragin dizkion ondorio larriak nola erakundeek lege-hausleari ezarri dizkioten zigorrak arindu edo egokitze aldera.

2017an, Eusko Jaurlaritzak Justizia Errestauratiboaren euskal eredua aurkeztu zuen Diputatuen Kongresuan. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak 2017ko azaroaren 7an egindako agerraldiaren bideoa ikus dezakezu (leiho berri batean irekitzen da).

Justizia Errestauratiboa erdiesteko tresna egokiena bitartekaritza da. Eusko Jaurlaritza aitzindari izan zen Estatuan bitartekaritza zerbitzuak ezartzen. Gaur-gaurkoz, doako bitartekaritza-zerbitzuak eskaintzen dizkie herritarrei hainbat arlotan. Hauek dira azpimarragarrienak:

Familia

Familia Bitartekaritzarako 1/2008 Legeak, otsailaren 8koak (leiho berri batean irekitzen da), araututakoa. Aditu inpartzialek laguntza ematen diete aldeei, familia-gatazketan adiskidetasunezko konponbideak elkarrekin erdietsi ditzaten.

Kontsumoa

Eusko Jaurlaritzako Kontsumobide (leiho berri batean irekitzen da) erakunde autonomoak egiten ditu bitartekari-lanak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eta horiek eskuratu dituzten zerbitzuen eta produktuen hornitzaileen artean.

Hipoteka

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua, Ekonomisten Euskal Elkargoko eta Euskadiko Zinpeko Kontu Azterlarien Institutuaren Euskadiko taldeko profesionalen bitartez eskaintzen dena.  Helburua hipoteka gauzatze-kasuak saihestea da. Horretarako, eskatzaileen eta finantza-erakundeen artean bitartekari aritzen dira, zorra berriz negoziatzeko.

Gazte Justizia

Gazteen Justizia Zerbitzua, legea hautsi dutelako atxilotutako adingabeen kasuan abiarazten den zerbitzu bat da. Helburua da adingabeak berak eragin dituen kalteak aitortzea eta biktimarekin konpondu ahal izatea.  Halako bitartekaritzari esker, adingabeak kontzientzia hartzen du eta hura berriz gizarteratzea sustatzen da; halaber, hark arauak berriz haustea eta zigor askatasun-kentzaileak saihesten dira.

Helduen Justizia

2018 urtean, plan estrategikoaren baitan, Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua jaio zen. Zerbitzuaren helburua praktika Errestauratibo berriak ezartzea eta garatzea da, zigor arloan eta familia arloan bitartekaritza lanekin jarraitzeaz gain. Eusko Jaurlaritza aitzindari da bai Espainian zein Europako estatuen artean ere, Helduen Justiziaren baitan, epaitegi barruko eremuan zein eremu prozesalean tresna errestauratiboak ezarri dituelako. 

Autonomia erkidegoek Familia Bitartekaritzarako euren legeak dituzte, eta, horien bidez, Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzuen lantaldeek bete beharreko baldintzak arautzen dituzte.

Euskadin, zehazki, Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 (leiho berri batean irekitzen da) Legeak ezartzen du zein diren bitartekari izateko beharrezko ezaugarriak.

Legearen arabera,  bitartekari izateko beharrezkoa da Bitartekarien Erregistroan izena ematea (leiho berri batean irekitzen da). Horrez gain, honako baldintza hauek ere bete behar dira:

  1. Zuzenbidean, Psikologian, Pedagogian edo Psikopedagogian Lizentziatura (Goi Mailako Gradua) edo Gizarte Langintzako edo Gizarte Hezkuntzako Diplomatura (Erdi Mailako Gradua).
  2. Familia-bitartekaritzaren arloko prestakuntza espezifikoa.
  3. Bitartekaritzako ikastaro teoriko-praktikoa, gutxienez 200 ordukoa.

Beren jarduera profesionala uztailaren 6ko 5/2012 Legean (leiho berri batean irekitzen da) xedatutakoaren babesean garatzen duten bitartekariek eta bitartekaritza-erakundeek maiatzaren 7ko JUS/746/2014 Aginduan (leiho berri batean irekitzen da) jasotako arauak aplikatu beharko dituzte. Agindu honen xedea da uztailaren 6ko 5/2012 Legearen zenbait alderdi garatzen dituen abenduaren 13ko 980/2013 Errege Dekretuaren (leiho berri batean irekitzen da) 14. eta 21. artikuluak garatzea, eta Bitartekarien eta Bitartekaritza Erakundeen Fitxategia sortzea.

Justizia Zerbitzu Publikoaren Eraginkortasun Prozesalari buruzko Lege Proiektuak Justiziaren egiturazko gaien jarduera arintzera du helburu.

Lege prozesalen erreformak sartzen ditu, arintasuna, azkartasuna eta eraginkortasuna handituz. Bistak eta bestelako adierazpenak bideokonferentzia bidez egitea orokortzen da, eta autentifikazio- eta identifikazio-sistemak arautzen dira, herritarrak eta profesionalak Epaitegi eta Auzitegien egoitzetara joan ez daitezen eta bulego judizialetan jendea pilatu ez dadin.

Azkenik, Eztabaidak Konpontzeko Baliabide Egokiak sustatzen ditu, gizarte-kohesioko elementu gisa, eta pizgarrien egitura eraginkorragoa ezartzen du.