Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi

Ezkontza zibila motako ohiko galderak

Ezkontzeko asmoa daukat eta izatezko bikote naiz. Zer egin behar dut?

Izatezko bikoteek ez dute inolako izapiderik egin behar Erregistro Zibilean ezkontzeko. Ezkongabeak dira, hortaz, ezkontza-espedientea hasterakoan  horrela adierazi behar dute.

Gora itzuli

Gasteizen ezkondu eta Frantzian dibortziatu banaiz, nola legeztatu behar dugu dibortzioa EAEn?

Atzerrian dibortziatu bazarete, Exequatur aurkeztu behar duzue hemen baliagarria izan dadin. Exequatur prozedura zibil berezia da eta atzerrian emandako ebazpenak Espainian aintzatesteko eta betearazteko da. Prozedura hau abian jartzeko abokatua eta prokuradorea beharko dituzu.

Gora itzuli

Nire ezkontza ziurtagirian ez dago jasota nire dibortzioa . Zer egin behar dut jasota ager dadin?

Baliteke dibortzio epaia eman zuen Lehen Auzialdiko Epaitegiak dibortzio horren berri eman ez izana zegokion Erregistro Zibilari. Hori dela eta dibortzioaren epaia eman zuen epaitegiari ezkontza inskribatu zenuten erregistro zibilari dibortzioaren berri eman diezaion eskatu behar diozu. Izapide horren ondoren, dibortzioa jasota duen ezkontza ziurtagiria eskatu ahal izango duzu, bai bertara joanda, bai JustiziaEus bidez.

Gora itzuli

Ba al dago dibortzio ziurtagiririk?

Berez ez dago dibortzio ziurtagiririk. Dibortziatuta zaudela ziurtatu nahi baduzu, ezkontza ziurtagiria eskatu behar duzu. Ziurtagiri horren orri-bazterrean ezkontza desegitea jasotzen duen oharra azalduko da. Eskaera egiteko ezkontza inskribatu zenuten Erregistro Zibil edo Bake Epaitegira jo behar duzu.

Gora itzuli

Dibortziatu egin naiz eta beste seme-alaba bat izan dut. Zein familia-liburu dagokio?

Dibortziatuta bazaude, eta seme edo alaba bat baldin badaukazu beste bikotekide batekin, familia-liburu berria emango dizute. Beraz, hemendik aurrera, bi  familia-liburu izango dituzu. Lehenengoan zure lehen ezkontzako seme-alabak azalduko  dira eta bigarrengoan, beste bikotekidearekin izandako  seme-alabak azalduko dira.

Gora itzuli

Nola legeztatu dezaket dokumentu bat Hagako Hitzarmenean ez dagoen herrialde batean baliozkoa izateko?

Dokumentu pribatu bat legeztatu nahi baduzu (adibidez, eskriturak) Hagako Hitzarmenetik kanpo dagoen herrialde batean baliozkoa izateko, dokumentua igorri duen probintzia Notarioen Elkargora jo behar duzu.  Legeztatu beharreko dokumentua publikoa bada (jaiotza, ezkontza edo heriotza ziurtagiria), dokumentua igorri duen Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusira jo behar duzu.

Gora itzuli

Iruņeko Erregistro Zibilak igorritako dokumentu bati apostilla EAEAN-n jar diezaioket?

Ez. Justizia Auzitegi Nagusi bakoitzak dagokion erkidegoan igorritako dokumentuei baino ezin diezaieke jarri apostilla. Hori dela eta, apostilla jarri nahi diozun dokumentua EAEtik kanpoko Erregistro Zibil batean igorritakoa bada, dagokion erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusira jo beharko duzu. Kasu honetan, dokumentua Iruñeko Erregistro Zibilak igorri duenez, Nafarroako Auzitegi Nagusira jo beharko duzu.

Gora itzuli

Atzerrian ezkondu bagara, Espainian ere ezkon gaitezke?

Ezin zarete birritan ezkondu lehen ezkontza desegin gabe. Nazionalitate espainiarra duten bi norbanako atzerrian ezkontzen badira, Espainiako kontsulatuari ezkontzaren berri eman behar diote; ondoren, Madrileko erregistro zentralean erregistratu behar dute ezkontza. Legearen arabera, atzerrian ezkondu direnak ezin dira Espainian berriz ezkondu.

Gora itzuli

Senitarteko bat lekuko izan al daiteke gure ezkontzan?

Bai. Ez dago inolako eragozpenik senitarteko bat zure ezkontzan lekuko izateko. Espainiar nazionalitatea duten kideen arteko ezkontzetan lekuko bakarrarekin nahikoa da, baina ezkongaietako bat atzerritarra bada, bi lekuko beharko dituzue.

Gora itzuli

Non erregistratzen da ondasunen bananketa?

Ondasunen bananketa zuen Familia-liburuan eta ezkontza-inskripzioan erregistratzen da.

Gora itzuli

Orain Burgosen bizi naiz. Nola eska dezaket familia-liburuaren bikoiztua, Sestaora joan gabe?

Batetik bestera joan behar ez izateko, Burgosen duzun egoitzari dagokion Bake Epaitegian egin dezakezu eskaera. Eskaera egiteko ezkontideetako batek epaitegira joan beharko du. Bertan inprimaki bat beteko duzu eta inprimaki hori gero Sestaoko Bake Epaitegira bidaliko dute.

Gora itzuli

Abokatua beharrezkoa al da adostasunezko dibortzioetan?

Dibortzioa adostasunezkoa izan zein ez, dibortziatzeko ezinbestekoa da abokatua eta prokuradorea izatea.  Dibortzioa adostasunezkoa bada, kide biek prokuradore eta abokatu bera izan dezakete. Dibortzioa auzitara badoa, kide bakoitzak bere prokuradorea eta abokatua izan beharko ditu.

Gora itzuli

Zenbat lekuko behar ditut ezkontza zibila egiteko?

Ezkontideek Espainiako nazionalitatea baduzue lekuko bakarra behar duzue. Ezkontideetako bat atzerritarra bada, bi lekuko behar dituzue.

Gora itzuli

Nola jar naiteke harremanetan Erregistro Zibil batekin?

Justizia Administrazioak Euskadin dituen zerbitzuetako telefono, helbide, fax eta posta elektroniko guztiak aurki litezke JustiziaEus-eko herritarrentzako arreta atalaren bitartez. Erregistro Zibiletan, normalean, honako hau izaten da jendea hartzeko ordutegia: 09:00etatik 15:00etara.

Gora itzuli

Erregistro Zibilean aurkeztutako agirietako bat iraungi egin da. Zer egin behar dut?

Ezkontza-espedientea abiarazteko Erregistro Zibilean aurkeztu beharreko agiriek gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izan beharko dute, baina agiriei Erregistro Zibilean sarrera emanez gero, ez dira jadanik iraungitzen.

Gora itzuli

Bi ezkontideak Espainiatik kanpo bizi bagara ere, EAEn ezkondu gaitezke?

Bai. Ezkontza-espedientea erroldatuta zaudeten lekuan ireki beharko duzue eta bertan adierazi EAEko zein herritan ezkondu nahi duzuen. Dena dela, informazio hau egiaztatzeko, hurbileneko Espainiako kontsulatu edo enbaxadara joan beharko duzue, herrialdetik herrialdera baldintzak aldatu egiten direlako.

Gora itzuli

Ezkontza-espedientea edozein Erregistro Zibiletan has nezake?

Ez. Ezkontza-espedientea hasteko ezin duzu edozein erregistro zibiletara jo, erroldatuta zaudeten herriari dagokion Erregistro Zibilera baizik.

Gora itzuli

Nola bihur dezaket irabazpidezko ondasun-erregimen ekonomikoa ondasun-bananketako erregimen?

Ondasunen banantzea hautatzeko, ezkontza-hitzarmena notario aurrean sinatu beharko duzu. Ezkontzaren aurretik edo ondoren egin dezakezu izapide hori. Ezkontza-itunak egin ostean, jatorrizko agiria eta haren kopia bat aurkeztu behar dituzu Erregistro Zibilean, zuen Familia-liburuan eta ezkontza-inskripzioan sar daitezen.

Gora itzuli

Norentzat da familia-liburua dibortzio kasuetan?

Bikotekideetako baten esku geratuko da, eta besteak ale bikoiztua eskatu ahal izango du.

Gora itzuli