Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi

Ezkontza-inskripzioa motako ohiko galderak

Duela bi urte atzerrian ezkondu nintzen eta nire ezkontza Espainian legeztatzera noa. Zein data agertuko da Familia-liburuan?

Atzerrian ezkonduta bazaude, zure ezkontza Espainian erregistratzen duzunean Familia-liburuan agertuko den data atzerrian ezkondu zinen eguna izango da.

Gora itzuli

Atzerrian egindako ezkontza Espainian inskriba dezaket?

Ezkontide bietako bat espainiarra bada eta ezkontza erlijiosoa atzerrian egiten badu, legezko baldintzak betez gero, inskripzioa Erregistro Zibil Zentralean egin dezakezu. Behar duzun informazio guztia JustiziaEus bidez eskura dezakezu, “ezkontza-inskripzioa” atalean.

Gora itzuli

Zer nolako ezkontza erlijiosoak inskriba daitezke Erregistro Zibilean?

Ondore zibiletarako, Espainian errotuta dauden eta Erakunde Erlijiosoen Erregistroan inskribatuta dauden elizek, konfesioek, erlijio-elkarteek edo hauen federazioek egindako ezkontzak iskriba daitezke Erregistro Zibilean.

Ezkontza erlijiosoak Erregistro Zibilean erregistratzeari buruzko Agindua, apirilaren 19koa, indarrean sartzean, “Jesucristo de los Santos de los Últimos Dias” Eliza (2003), Jehova Testiguen Eliza (2006), Espainiako Budisten Federazioko Elkarteak (2007) eta Eliza Ortodoxoa (2010) Espainian errotuta daudela adierazi da.

Era berean, Estatuak Espainiako Erlijio-erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Juduen Federazioarekin eta Espainiako Komunitate Islamiarren Federazioarekin Lankidetza-hitzarmenak ditu.

Ezkontza erlijiosoaren inskripzioari buruzko informazioa.

Gora itzuli

Gasteizen ezkondu eta Frantzian dibortziatu banaiz, nola legeztatu behar dugu dibortzioa EAEn?

Atzerrian dibortziatu bazarete, Exequatur aurkeztu behar duzue hemen baliagarria izan dadin. Exequatur prozedura zibil berezia da eta atzerrian emandako ebazpenak Espainian aintzatesteko eta betearazteko da. Prozedura hau abian jartzeko abokatua eta prokuradorea beharko dituzu.

Gora itzuli

Nire ezkontza ziurtagirian ez dago jasota nire dibortzioa . Zer egin behar dut jasota ager dadin?

Baliteke dibortzio epaia eman zuen Lehen Auzialdiko Epaitegiak dibortzio horren berri eman ez izana zegokion Erregistro Zibilari. Hori dela eta dibortzioaren epaia eman zuen epaitegiari ezkontza inskribatu zenuten erregistro zibilari dibortzioaren berri eman diezaion eskatu behar diozu. Izapide horren ondoren, dibortzioa jasota duen ezkontza ziurtagiria eskatu ahal izango duzu, bai bertara joanda, bai JustiziaEus bidez.

Gora itzuli

Nola lor dezaket dibortziatuta nagoela jasota duen ezkontza ziurtagiria?

Dibortzioa eman duen Lehen Auzialdiko Epaitegia da ezkontza inskribatu zenuten erregistro zibilean dibortziatu egin zaretela jakinarazi behar duena. Beraz,  erregistro zibilean edo bake epaitegian bertan zein  JustiziaEus- en bidez dibortzioa gauzatu dela jasotzen duen ezkontza ziurtagiria eska dezakezu.

Gora itzuli

Zein da atzerrian egindako ezkontza bat inskribatzeko epe-muga?

Atzerrian egindako ezkontza bat Madrilgo Erregistro Zibilean inskribatzeko ez dago epe-mugarik. Inskribatzea ere ez da derrigorrezkoa . Baina adi, Madrilgo Erregistro Zibilean ezkontza inskribatzeko eskaera egiten duzunetik familia liburua eskuratzen duzuen arte urtebete pasa daiteke.

Gora itzuli

Atzerrian ezkondu bagara, Espainian ere ezkon gaitezke?

Ezin zarete birritan ezkondu lehen ezkontza desegin gabe. Nazionalitate espainiarra duten bi norbanako atzerrian ezkontzen badira, Espainiako kontsulatuari ezkontzaren berri eman behar diote; ondoren, Madrileko erregistro zentralean erregistratu behar dute ezkontza. Legearen arabera, atzerrian ezkondu direnak ezin dira Espainian berriz ezkondu.

Gora itzuli

Baliogabetu al daiteke ezkontzeko hitzordua?

Zuen ezkontza bertan behera uztea erabaki baduzue, Erregistro Zibilera joan eta atzera egiteko dokumentua sinatu behar duzue. Era horretara, zuen ezkontza espedientea - familiako arrazoiak direla eta- artxibatu egingo da. Ezkontza- espedienteak baliogabetzeko inguruabar zehatzak zehaztuta daude;  ezkongaietako batek gezurra esan badu eta dagoeneko ezkonduta badago, adibidez.

Gora itzuli

Non erregistratzen da ondasunen bananketa?

Ondasunen bananketa zuen Familia-liburuan eta ezkontza-inskripzioan erregistratzen da.

Gora itzuli

Orain Burgosen bizi naiz. Nola eska dezaket familia-liburuaren bikoiztua, Sestaora joan gabe?

Batetik bestera joan behar ez izateko, Burgosen duzun egoitzari dagokion Bake Epaitegian egin dezakezu eskaera. Eskaera egiteko ezkontideetako batek epaitegira joan beharko du. Bertan inprimaki bat beteko duzu eta inprimaki hori gero Sestaoko Bake Epaitegira bidaliko dute.

Gora itzuli

Abokatua beharrezkoa al da adostasunezko dibortzioetan?

Dibortzioa adostasunezkoa izan zein ez, dibortziatzeko ezinbestekoa da abokatua eta prokuradorea izatea.  Dibortzioa adostasunezkoa bada, kide biek prokuradore eta abokatu bera izan dezakete. Dibortzioa auzitara badoa, kide bakoitzak bere prokuradorea eta abokatua izan beharko ditu.

Gora itzuli

Zenbat lekuko behar ditut ezkontza zibila egiteko?

Ezkontideek Espainiako nazionalitatea baduzue lekuko bakarra behar duzue. Ezkontideetako bat atzerritarra bada, bi lekuko behar dituzue.

Gora itzuli

Nola jar naiteke harremanetan Erregistro Zibil batekin?

Justizia Administrazioak Euskadin dituen zerbitzuetako telefono, helbide, fax eta posta elektroniko guztiak aurki litezke JustiziaEus-eko herritarrentzako arreta atalaren bitartez. Erregistro Zibiletan, normalean, honako hau izaten da jendea hartzeko ordutegia: 09:00etatik 15:00etara.

Gora itzuli

Noiz emango digute Familia Liburua?

Beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu eta ezkontza egin ostean, 15 eta 30 egun arteko epean emango zaizue Familia Liburua.

Gora itzuli

Zer egin behar dut Erregistro Zibil Zentralean inskribatutako ezkontza Bilboko Erregistro Zibilera aldatzeko?

Inskripzioa lekualdatzeko espedientea izapidetu behar duzu erroldatuta zauden lekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean.

Gora itzuli

Nola eska dezaket Hagako apostilla duen ziurtagiri bat?

Lehenengo, jaioterriaren arabera dagokizun erregistro zibilean ziurtagiria eskatu behar duzu, edo bestela, eskabidea on-line egin dezakezu. Ondoren, ziurtagiri hori EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzara bidali behar duzu, hau baita apostilla jartzeaz arduratzen den erakundea

Gora itzuli

Beste edozein joan daiteke gure izenean Erregistro Zibilera gure eliza-ezkontza inskribatzera?

Bai. Horretarako, eliza-ezkontzaren ziurtagiria eraman behar da; hau da, ezkontzaren unean jaso duzuen agiria.

Gora itzuli

Nola bihur dezaket irabazpidezko ondasun-erregimen ekonomikoa ondasun-bananketako erregimen?

Ondasunen banantzea hautatzeko, ezkontza-hitzarmena notario aurrean sinatu beharko duzu. Ezkontzaren aurretik edo ondoren egin dezakezu izapide hori. Ezkontza-itunak egin ostean, jatorrizko agiria eta haren kopia bat aurkeztu behar dituzu Erregistro Zibilean, zuen Familia-liburuan eta ezkontza-inskripzioan sar daitezen.

Gora itzuli

Nola egiazta dezaket ondasunen banantzea erregistratuta dagoen?

Erregistro Zibilean ezkontza-ziurtagiriaren hitzez hitzeko kopia eska dezakezu. Agiriaren orri-bazterrean idatzita agertuko da ondasunen banantzea.

Gora itzuli

Norentzat da familia-liburua dibortzio kasuetan?

Bikotekideetako baten esku geratuko da, eta besteak ale bikoiztua eskatu ahal izango du.

Gora itzuli