Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Euskara eta Justizia

Euskara eta Justizia

Hizkuntza Normalizazioko lantaldea osatzen dugunon lana euskara epaitegietan normaltasunez erabil dadila bultzatzea da, eta gure helburu nagusia, herritarren eskubidea bermatzea, Justizia Administrazioak harrera eman diezaien haiek aukeratutako hizkuntza ofizialean.

Edukien aurkibidea

Justizia Administrazioan, arau hauek dira nagusiki euskararen erabileraren jokalekuaren oinarria: 1978ko Konstituzioa, EAEko Autonomia Estatutua, 10/1982 Legea, Euskararen Erabilera normalizatzekoa, eta Botere Judizialaren Lege Organikoa. Araudi horretatik abiatuta, 174/2010 Dekretua egin eta onartu zen, EAEko Justizia Administrazioko hizkuntza normalizazioari buruzkoa, baita haren osagarria ere, Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra (2011-2020). Azkenik, ezin da aipatu barik utzi zer nolako garrantzia izan duen Espainiako Estatuak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi izanak. (Legedia eta Euskara )

Hizkuntza Normalizazioko lantaldea diziplinarteko taldea da, arlo desberdinetan aritu eta jantzitako lagunek osatua, hala nola normalizazioan, dinamizazioan, prestakuntzan, itzulpenean, izapidetzeko ereduen kudeaketan eta informatikan.

Hizkuntza-prestakuntza: batetik, euskara ikastaroak antolatu eta ematen dira, hala aurrez aurrekoak nola online, euskararen ezagutza hedatzeko eta hobetzeko Justizia Adminstrazioaren zerbitzuko langileen artean; bestetik, lanpostuetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua bultzatzen da.

Dokumentuen normalizazioa: funtsezkoa da komunikazio idatzia Justizia Administrazioan, eta Hizkuntza Normalizazioko lantaldeak berebiziko garrantzia ematen dio izapidetzeko ereduen itzulpenari, haren bidez berma dadin herritarrek bi hizkuntza ofizialak erabili ahal izatea Justizia Administrazioarekiko harremanetan. Itzulpen lan horren emaitza da estandarizatuta utzi den corpus zabala, epaitegien arloan erabilitako testu, esaldi eta termino ugari biltzen duena. Lantaldeak aldizkako argitalpenak zabaltzen ditu corpus horren ezagutza eta erabilera gizartekotzeko. Errotulazioa ere jorratzen da, hizkuntza paisaiaren alderdi garrantzitsua baita. Era berean, euskara idatziaren erabilera hori errazteko, hainbat lanabes informatiko garatu da, hala dokumentazioa ele bietan izapidetzea eta jalgitzea ahalbidetzeko, nola epaitegietako izapidetzan erabilitako testuak berehala kontsultatu eta itzultzeko.

Dinamizazioa: Euskara bazterturik egon da, denboraren joanean, hainbat eremu formaletatik, besteak beste, Justizia Administraziotik. Horrek atzera eragin dio hiztunari, euskara erabiltzeko orduan, hizkuntza modu normalean erabiltzeko aukera hutsaren hurrengoa dela barnerarazten baitio. Hori dela eta, lantaldeak sentsibilizazio eta motibazio ekintzak egiten ditu, jarrera positiboak harrarazteko eta hizkuntza erabiltzera bultzatzeko, hala Justizia Administrazioko barruko pertsonalari zein egungo eta biharko profesionalei begira, nola herritar guztiei begira. Alderdi horretan, funtsezkoa da Auzia Euskaraz proiektua. 

Aldiro-aldiro sortzen eta argitaratzen ditu “pilula juridiko” izeneko hizkuntza gomendioak normalizazio-lantaldeak. Haien bidez, zabaldu egin nahi dira euskaraz estandarizatutako termino eta esapide juridikoak, zuzen eta zehatz erabil daitezen bultzada emanez, eta arlo honetako testuetan sarrien gertatzen diren akatsak identifikatzeko eta zuzentzeko laguntza emanez. Kontsultatu "Auzia Euskaraz" gure bloga (abre en nueva ventana)