Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Zerbitzuak eta izapideak > Etxeko indarkeria

Etxeko indarkeria

Lagun zaitzakegu

  • Zure bikoteak seme-alabak ez ikusteko mehatxua egiten badizu
  • Babesteko agindua eskatu nahi baduzu
  • Zure erasotzaileak urruntzeko agindua bete ez badu
  • Babes-etxe batera joan nahi baduzu

Informazio gehiago

900 840 111

Zeri esaten diogu etxeko indarkeria?

Familian eraso fisikoak, psikikoak eta psikologikoak gertatzen direnean esaten dugu etxeko indarkeria izan dela.

Kolpeak, kontusioak, bultzadak, belarrondokoak, harramazkak eta biktimei gorputzean eragindako antzekoak hartzen dira erasotzat, baita irainak, mehatxuak, laidoak eta antzeko beste eraso psikikoak eta/edo psikologikoak eta emozionalak ere.

Eraso horiek familiaren barruan gertatzen dira; beraz, erasotzaileak eta biktimak familia-lotura izaten dute.

Gora itzuli

Zer-nolako tratu txar motak daude?

Tratu txar fisikoak

Indarkeria-mota honetan era guztietako abusu fisikoak sartzen dira, masailekoetatik hasi eta giza hilketaraino, bitartean dauden lesio guztiak barne hartuz, horien ondorioz ospitaleratuak izan nahiz ez izan.

Sexuari lotutako tratu txarrak

Tratu txar fisikoekin lotura estua dute. Bikotekidearen bortxaketatik hasi eta emakumea sexu-harreman apalesgarriak edo nahi ez dituen sexu-harremanak izatera behartzeraino doaz.

Tratu txar psikologikoak

Irainetik hasi eta mehatxuraino doaz. Efektu sakona eta aztoratzailea sortzen dute, eta, gehienetan, tratu txar fisikoak datoz jarraian. Tratu txar psikologikoak dira: norbait gutxiestea, mehatxuzko keinuak, jokabide murriztaileak eta, azkenik, tratu txarren eragileak bere indarkeriazko jokabideen errua gainerakoei botatzea.

Giza-harremanei lotutako tratu txarrak

Egoera hauetan sortzen dira: tratu txarrak jasan dituen pertsona besteengandik isolatu edo urruntzen denean, berarentzat garrantzizkoak diren harremanak kentzen zaizkionean edo besteen aurrean umiliarazten denean.

Tratu txar ekonomikoak edo finantzarioak

Diruari buruzko informazioa ukatzea edo dirua erabiltzea debekatzen denean sortzen dira. Alderdi hori baloratzeko tratu txarren maiztasuna eta tratu txarretan faktore ekonomikoak duen garrantzia hartzen dira kontuan.

Gora itzuli

Zer lor dezaket salaketa jarrita?

Tratu txar fisiko eta psikiko guztiak legez zigortuta daude, gertakarien larritasunaren araberako iraupena duten zigorrekin (espetxeratzea askotan).

Komeni da gertakariak lehenbailehen salatzea, epaileak gertakari horien berri duenean, kautelazko neurriak har baititzake biktima babesteko eta arrisku zehatzak saihesteko. Neurri horien artean kautelazko neurri hau nabarmentzen da: erasotzaileari biktimarengana hurbiltzeko edo biktimarekin komunikatzeko (pertsonalki, telefono bidez, idatziz eta beste edozein bide erabiliz) jarritako debekua, epaian zehaztutako epean.

Erasotzaileak agindu judizial hori bete ezean, erantzukizun penalak (tratu txarretatik erator daitezkeen erantzukizunez gain) izango ditu, jarrera horrek behin-behineko espetxeratzea ere ekar dakioike.

Salatutako gertakarien larritasuna eta erasotzailearen arriskugarritasuna kontuan hartuta, instrukzioko epaileak, erasotzaileari entzun ondoren, behin-behineko espetxeratzea erabaki dezake, edo, behin-behineko askatasuna lehen aipatu dugun urruntze-neurriarekin.

Gora itzuli

Nola identifikatu tratu txar egoerak?

Indarkeria bera jasan aurretik, indarkeria argi agertzen ez den egoera gatazkatsuak jasaten ditu bikotekideak (iritziak inposatzea, bikotekidearen bizitza kontrolatzea, etxeko lanak ez banatzea...)

Tratu txarrak, gehienetan, modu ziklikoan gertatzen dira. "Senar-emazteen arteko indarkeriaren zikloa"deitu zaio, eta intentsitate eta iraupen desberdinak ditu.

Lehenengo fasea: Tentsioa metatzea eta hastea.

Eraso psikikoak eta hitzezkoak hasten dira, eta kolpe arinak ere izaten dira. Biktimek errealitatea ukatzen dute, eta erasotzaileen agresibitatea, jeloskortasuna eta jabetza-sentimenduak hazi egiten da, beren jokabidea legitimoa dela sinetsita.

Bigarren fasea: Aktibazio edo eraso-fasea.

Eraso fisiko, psikiko eta/edo sexualak ezin dira kontrolatu, ezta sahiestu ere.

Hirugarren fasea: Barealdia edo damu-fasea.

Erasotzaileak damua eta afektua adierazten duen unea da; barkamena eskatzen du eta indarkeria gehiago erabiliko ez duela zin egiten du. Biktimak, bestalde, barkatu egiten du, erasotzailearen zintzotasunean sinesten du, eta erasotzailearekin duen harremana idealizatzen du.

Jarraian, berriro hasten da zikloa.

Denbora igaro ahala, sarriagoak eta larriagoak izaten dira tratu txarrak, eta indarkeria-egoeratik irteteko baliabide psikologiko gutxiago izaten ditu biktimak. Zenbat eta denbora gehiago iraun abusuzko harremanek, handiagoa da ondore psikologikoak kronikoak egiteko probabilitatea, eta zailagoa izango da erabat errekuperatzea.

Biktimak bikotekidearen alderdi positiboak bultzatu behar dituela uste izatearen ondorioz, askotan, biktimak hartzen du indarkeriaren erantzukizuna, eta erruduntasun eta autoestimu baxuaren sentimenduak sortzen dira berarengan igurikapenek porrot egiten dutenean.

Gora itzuli

Erasotzailearen aurrean babesa behar dut

Uztailaren 31ko 27/2003 Legeak, (pdf, 30 KB) etxeko indarkeriaren biktimentzako babes-agindua arautzen duenak, hain zuzen, arautzen du etxeko indarkeriaren biktimek babes-agindua eskatzeko duten eskubidea.

Lege horren helburua da, hain zuzen, prozedura judizial azkar eta erraz baten bidez biktimek euren babeserako estatutu osoa lortzeko aukera izan dezatela. Babesteko agindu judizialak neurri zibilak eta penalak ekarriko ditu, eta, era berean, administrazio publikoek (estatu, erkidego eta tokikoek) euren sistema juridikoetan ezarrita dauden gizarte-babeseko baliabideak martxan jarriko dituzte.

Neurri horiek gauzatzeko, agindu eskaera egiteko eredua (pdf, 89 KB) eta jardueran protokolo orokorra (pdf, 361 KB) orokorra prestatu dira.

Gora itzuli

Familia barruko sexu-erasoa

Zeri esaten diogu?

Sexu-harremanek libreak izan behar dute, indarkeriarik eta derrigortzerik gabekoak, bai ezkontzan, baita ezkontzatik kanpo ere.

Sexu askatasunaren aurkako erasoa izan dela esaten da gizonezko batek edo emakumezko batek gure borondatearen aurka edo adostasunik gabe sexu harreman bat inposatzen digunean. Pertsona hori etxean bertan bizi den bikotekidea ere izan daiteke.

Zigor Kodean delitu gisa zigortzen dira sexu-askatasunaren aurkako eraso horiek, eta urte batetik 15 urte bitarteko espetxe-zigorrak ezartzen zaizkie erantzuleei. Iraupena egintzen larritasunaren, biktimari egindako kalteen eta beste inguruabar batzuen (biktimaren ezaugarriak, erantzukizun kriminalaren astungarriak, kasu zehatza, etab.) araberakoa da.

Zer egin behar dut?

Erasoa zure bikotekideak eginez gero, ezezaguna balitz jokatuko zenukeen bezala jokatu behar duzu:

  • Joan gertuen duzun ospitalera eta eskatu sendagileak azter zaitzala (eta azterketa ginekologikoa). Zoaz zeure burua garbitu gabe eta arropa aldatu gabe.Oso garrantzitsua da ikerketa judizialerako baliagarriak izan litezkeen frogak ez desegitea: hala nola, arropatan, gertakarien tokian edo biktimaren gorputzean egon daitezkeen laginak.
  • Jarri salaketa Guardiako Epaitegian edo polizia-etxean, medikuaren ziurtagiria erantsiz. Arrazoia edozein dela ere, lehenengo Ertzaintzara edo Udaltzaingora jo baduzu, haiek arduratuko dira zu ospitalera laguntzeaz eta epaitegiari gertatutakoaren berri emateaz.
  • Abokatu partikular baten edo etxeko indarkeriaren kasuetarako izendatutako txandako abokatu baten zerbitzu profesionalak eskatzea komeni da, akusazio partikular gisa jarduteko (biktimaren interesen araberakoa izango da) Garrantzitsua da legezko aholkularitza lehenbailehen abiaraztea, gertakarien ikerketak legezko berme guztiekin egin daitezen. Nolanahi ere, salaketa jarri aurretik Biktimari Laguntzeko Zerbitzura jotzea komeni da, beharrezko aholkuak jaso ditzazun.
  • Fiskaltzak akusazio publiko gisa jardungo du beti, baita zu akusazio partikular gisa aurkezten ez bazara ere.
  • Bortxaketa edo beste mota bateko sexu-eraso baten biktima izan bazara laguntza psikologikoa eskatzea komeni da.

Horretarako, Biktimari Laguntzeko Zerbitzua egoten da lurralde historiko bakoitzeko hiriburuko Justizia Jauregian biktimen zerbitzura. Beste zerbitzu batzuk ere badaude, esaterako: Tratu Txarren eta Sexu Erasoen Biktimentzako Aldundiko Zerbitzuak, Udal Zerbitzuak, etab.

Sexu-erasoen biktimen laguntza psikologikoko gastuei aurre egiteko kalte-ordainak aurreikusten dira Indarkeriazko Delituen Biktimei buruzko Legean (pdf, 180 KB).

Kondenatuarengandik kalte-ordainak jasotzeko eskubidea duzu, delituaren ondoriozko kalte-galera guztiengatik (materialak eta moralak). Kalte ordain horien ordainketa kondenatuaren kaudimenaren araberakoa izango da.

Gora itzuli

Biktima naiz, zer egin dezaket?

Zuk, familiartekoren batek edo ezagunen batek tratu txarren bat jasanez gero, salaketa jar dezakezu, hitzez edo idatziz, Guardiako Epaitegian (24 orduz zabalik) edo polizia-etxe batean (Ertzaintza edo Udaltzaingoan).

Honakoek jarri ahal izango dute salaketa:

  • biktimek
  • gertatutakoaren berri duen beste edonork. Gogoratu salaketa jarri izanaren egiaztagiria eskatu behar duzula.

Erasotzailearen aurkako urgentziazko babes-agindua eska dezakezu.

Zu edo zure seme-alabak arriskuan egonez gero, etxea utz dezakezu,, 30 eguneko epean behin-behineko neurriak eskatzen badituzu edo banantzeko demanda aurkezten baduzu, ez baita etxea utzi duzula ulertuko, Ez ahaztu behar izango duzun dokumentazio guztia, eta baita zure seme-alabena ere, zurekin eramatea.

Salaketa jarri baino lehen komeni da Biktimari Laguntzeko Zerbitzura joatea, aholkularitza jasotzeko.

Zer jarri behar dut salaketan?

Salaketak ahalik eta argiena eta osoena izan behar du, eta ondorengo datuak adierazi behar dira: salatutako gertakariak, datak, lekua, lekuko posibleak eta gainerako datu interesgarriak, judizioan frogagiri gisa erabil daitezen.

Salaketa jartzeaz gain, zer egin dezaket?

Lesio fisikoak egonez gero, ahalik eta azkarren (baita salaketa jarri baino lehen ere) Zentro Mediko batera (hurbilen dagoen osasun zentrora edo hurbilen dagoen ospitaleko larrialdietako zerbitzura) joatea da normalena.

Garrantzitsua da medikuak egindako azterketaren ziurtagiria eskatzea ondorengo polizia-prozedurarako. Hala eta guztiz ere, epaitegiko medikuak aztertuko du biktima.

Biktima berari edo bere seme alabei eraso egingo dien beldur baldin bada, senar-emazteen bizilekua utz dezake, eta 30 eguneko epean banantzeko izapideak has ditzake (neurriak, banantze-demanda, etab.) Egoera horietarako laguntza-baliabideak daude Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan.

Komeni da biktimak, konfiantzazko abokaturik izan ezean, abokatu batengana jotzea aholkularitza publikoa jasotzeko.

Zer erakundek lagun nazakete?

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoek arlo honetan behar bezala trebatutako abokatuen txanda zehatz bat sortu dute, tratu txarren biktimei eta etxeko indarkeriaren biktimei laguntzeko. Txanda horiek direla-eta biktimen zerbitzura daude 24 ordutan; abokatuak zigor-arloko prozeduretan eta ezkontzari buruzko prozeduretan hartuko du parte.

Era berean, Abokatuen Elkargoek, Foru Aldundiek eta Udaletxeek biktimaren esku jarriko dute biktimek behar dituzten asistentzia-baliabideei (abegi-pisuak, laguntza ekonomikoak, etab.) eta baliabide juridikoei buruzko informazioa.

Hiru hiriburuetako Justizia Jauregietan (Bilbon, Donostian eta Gasteizen) ere badaude Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak, eta beharrezko asistentzia, laguntza eta informazioa eskainiko zaie bertan biktimei.

Gora itzuli

Indarkeria sexu bereko kideek osatutako bikoteetan

Indarkeria sexu bereko kideek osatutako bikoteetan ere gerta daiteke; horrelakoetan, gainera, laguntza behar dutenean, bestelako erronkei egin behar izaten diete aurre.

Ez dago sexu bereko kideek osatutako bikoteetan gertatzen den indarkeria mota berariazkorik. Sexu ezberdineko bikoteetan gertatzen den indarkeria mota bera da: hitzezkoa, fisikoa, emozionala, sexuala, ekonomikoa, etab. Pertsona hauek estigmatizatuta daude beraien harremanean, eta harremanetik kanpo bigarren estigmatizazio bat jasaten dute beraien sexualitatea dela eta.

Berdindu, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen arretarako euskal zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago. Zerbitzu horrek era horretako egoeraren batean dauden pertsonei aholkuak eta laguntza ematen dizkie.

Gora itzuli