Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Hasiera > Etorkina > Ohiko galderak

Etorkinari buruzko ohiko galderak

Nola eska dezaket Hagako apostilla duen ziurtagiri bat?

Lehenengo, jaioterriaren arabera dagokizun erregistro zibilean ziurtagiria eskatu behar duzu, edo bestela, eskabidea on-line egin dezakezu. Ondoren, ziurtagiri hori EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzara bidali behar duzu, hau baita apostilla jartzeaz arduratzen den erakundea

Gora itzuli

Nola jakin dezaket on line egindako eskabide baten egoeraren berri?

Sartu izapideen egoeraren kontsulta atalean eta jar ezazu zure NAN zenbakia horretarako propio prestatutako moduluan.

Gora itzuli

Non hasi behar dut nazionalitate-espedientea?

Espainiar nazionalitatea eskuratzeko, eskaera erroldatze-lekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean aurkeztu beharko duzu. Eskaerarekin batera, Espainian legezko eta etenik gabeko bizilekua duzula, gizartean txertatuta zaudela eta abar adierazten duten dokumentu guztiak aurkeztu beharko dituzu.

Gora itzuli

Nazionalitate bikoitza badut, suitzarra eta brasildarra, nazionalitate espainiarra eskuratu ahal dut?

Nazionalitate suitzarra eta brasildarra baldin badituzu eta nazionalitate espainiarra eskuratu nahi baduzu, uko egin beharko zenioke nazionalitate suitzarrari. Izan ere, Espainiak nazionalitate bikoitzeko tratatuak ditu herrialde iberoamerikarrekin, baina ez du nazionalitate bikoitzerako hitzarmenik berretsi Europar Batasuneko herrialdeekin.

Gora itzuli

Holandako jaiotza-ziurtagiria daukat. Espainian baliokoa al da?

Baliokoa izango da baldin eta ziurtagiri eleaniztuna bada.

Gora itzuli

Atzerrian ezkondutako atzerritarren arteko ezkontza legezta daiteke Espainian?

Atzerrian atzerritarren artean egiten diren ezkontzak Espainian ez dira legeztatzen. Bietako bat espainiarra bada edo espainiar nazionalitatea eskuratzen badu, orduan bai, ezkontza legeztatu ahal izango da, Madrileko Erregistro Zibil Zentralean inskribatuta.

Gora itzuli

Bi ezkontideak Espainiatik kanpo bizi bagara ere, EAEn ezkondu gaitezke?

Bai. Ezkontza-espedientea erroldatuta zaudeten lekuan ireki beharko duzue eta bertan adierazi EAEko zein herritan ezkondu nahi duzuen. Dena dela, informazio hau egiaztatzeko, hurbileneko Espainiako kontsulatu edo enbaxadara joan beharko duzue, herrialdetik herrialdera baldintzak aldatu egiten direlako.

Gora itzuli

Zer egin behar dut Erregistro Zibil Zentralean inskribatutako ezkontza Bilboko Erregistro Zibilera aldatzeko?

Inskripzioa lekualdatzeko espedientea izapidetu behar duzu erroldatuta zauden lekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean.

Gora itzuli

Espainiako gizon baten eta Frantziako emakume baten semeak nazionalitate bikoitza izan al dezake Espainian jaio bada?

Bai. Espainiar batek eta frantziar batek umea Espainian izandakoan, ume horrek nazionalitate bikoitza izango du.

Gora itzuli

Atzerritarra naiz eta nire agiri guztiak atzerriko hizkuntzan daude. Non itzuli behar ditut ezkontza-espedientea ireki ahal izateko?

Agiri horiek itzuli ahal izateko, zinpeko itzultzaile batengana jo behar duzu; izan ere, Espainian pertsona horiek baitaude gaituta atzerriko hizkuntza batean dauden agiriak Espainiako hizkuntza ofizialetako batean jartzeko (edo alderantziz). Zerorrek jarri beharko duzu harremanetan nahi duzun itzultzailearekin, eta berak agiriaren luzeraren araberako prezioa kobratuko dizu.

Sartu jardunean diren Espainiako zinpeko itzultzaileen zerrenda eguneratuan.

Gora itzuli

Jaiotza-, ezkontza- edota heriotza-ziurtagiriak eska al ditzaket Justizia.net-en bidez?

Bai. Sartu Internet bidezko izapideak  atalean eta hautatu behar duzun ziurtagiri-mota. Doako zerbitzua da eta eskaera egindakoan eta baieztapena posta elektroniko bidez jaso ostean, zazpi eta hamar egun arteko epean posta arrunt bidez jasoko duzu ziurtagiria adierazi duzun helbidean.

Gora itzuli

Etorkina naiz, tratu txarrengatik salaketa jar dezaket? Eskubide berak dauzkat?

Bai. Espainiako estatuan bizi den edonork jar dezake salaketa genero-indarkeria dela-eta, Espainiako herritarrek dituzten prozesu-berme berberekin.

Gora itzuli

Non lor dezaket nire ezkontza-ziurtagiria atzerrian ezkondu banaiz?

Agiri hori lortzeko ez duzu nahitaez Madrileko Erregistro Zibil Zentralera joan behar, nahikoa da erroldatuta zauden lekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean eskaera egitea.

Gora itzuli

Jaiotza-ziurtagiria jaiotza data zehatza jakin gabe eska dezaket?

Ez. Jaiotza-ziurtagiria eskatzeko ezinbestekoa da jaiotza lekua eta data zehatza jakitea. Informazio hori ez badaukazu, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Elizbarrutiko Artxibo Historikoetan galdegin dezakezu. Jaiotza lekua eta data dakizkizunean hurrengo lekuetan ziurtagiria eska dezakezu: Justizia.net-en, Erregistro Zibilean edo dagokizun Bake Epaitegian.

Gora itzuli