Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi

Doako justizia motako ohiko galderak

Auzokideen elkarte batek ofiziozko abokatua eska dezake?

Bai, baina auzokide bakoitzak bere aldetik eskatu behar du. Horretarako guztiek doako laguntza juridikoa eskatzeko inprimakia bete behar dute. Ofiziozko abokatu eskaera onartua izateko, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak auzokide guztien eskaerak onartu beharko ditu. Horietako bat ukatuz gero, auzokideen elkarteak ezin izango du doako laguntza juridikorik jaso.

Gora itzuli

Banandu egin nahi dut, senarrak tratu txarrak ematen dizkidalako. Ofiziozko abokatua al dagokit, nahiz eta senarrak diru asko irabazi?

Ofiziozko txandako abokatua eskatzen baduzu, zure diru-sarrerak bakarrik hartuko dira kontuan, doako justizia jasotzeko eskubidea duzun ala ez zehazteko.

Ofiziozko abokatuaren eskakizuna egiteko, zure etxetik gertueneko Epaitegira edo Abokatuen Elkargora (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) joan beharko duzu.

Genero-indarkeria salatzea erabaki baduzu, kontuan har ezazu Ertzaintzak edo Udaltzaingoak lortuko dizula ofiziozko abokatua. Hark lehendabiziko aldian doan lagunduko dizu eta lege-aholkuak emango dizkizu.

Gora itzuli

Epaileak kostuak ordaintzera kondenatu nau, baina doako justizia daukat. Ezer ordaindu behar al dut?

Kostuak ordaindu egin behar dituzu, judizioaren harira etekin ekonomikoa atera baduzu edota zure egoera ekonomikoak hobera egiten badu prozesuko izapideak amaitu eta ondorengo hiru urteetan.

Kontuan har ezazu doako justizia eskubideak ondore hau eragiten duela: Eusko Jaurlaritzak mailegu bat ematea beren interes zilegiak Justizia Administrazioaren aurrean defendatzeko beren buruaren eta beren familiaren mantenu-beharrak alde batera utzi beharko lituzketen guztiei. Herritarrak behartuta daude aipatutako mailegua itzultzera, kostuekin irabaziz gero, judizioaren ondorioz etekin ekonomikoa ateratzen badute, litis expensas aitorpena eskuratzen badute edo beren egoera ekonomikoak hobera egiten badu judizioa egin eta ondorengo hiru urteetan.

Gora itzuli

Aitor al daiteke doako laguntza juridikoaren eskubidea ezohiko egoeretan?

Bai, eskatzailearen familia-baldintzak kontuan hartuta eta era objektiboan aztertuta, alegia, bere ardurapean dagoen seme-alaba edo senideen kopurua, osasun-egoera, eskatzaileak dauzkan betebehar ekonomikoak eta prozesua abian jartzearen edota antzekoen ondoriozko kostuak, besteak beste.

Kasu horietan, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak espresuki zehaztuko du zer onura eta zein proportziotan aplikatuko zaizkion eskatzaileari.

Gora itzuli

Nire demanda bideraezina izan arren, ofiziozko abokatua eska al dezaket?

Ez. Ofiziozko abokatua izendatzeko, Legean zehaztutako baldintza ekonomikoak bete behar dira, eta, gainera, auzitegien aurrean aurkeztu nahi den prozedurak juridikoki bideragarria izan behar du.

Gora itzuli

Zer alderdi hartzen dira kontuan doako laguntza juridikoa eskuratu ahal izateko?

Eskatzaileak aitortutako errenta, ondasun eta inguruabar guztiez gain, bere egiazko ahalmen ekonomikoak agerian jar ditzaketen kanpo adierazleak ere kontuan hartuko dira, eta doako laguntza juridikoaren eskubidea ukatu egingo da, aipatutako adierazleek argi erakusten badute eskatzailearen baliabide ekonomikoek legeak zehaztutako muga gainditzen dutela.

Gora itzuli

Doako laguntza juridikoa eskura dezaket, gerora sortutako urritasun ekonomikoa badut?

Bai. Horretarako, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen aurrean egindako eskaeran, eskubide hori lortzeko beharrezko baldintza eta betekizunak judizioko lehenengo jardunaldiaz geroztik aldatu egin direla ziurtatu beharko duzu.

Gora itzuli

Zer gerta dakidake doako laguntza juridikoa eskuratzeko datuak faltsifikatzen baditut?

Adierazpen akastuna egin izana edota datuak faltsifikatu zein ezkutatu izana erabakigarria suertatu bada doako laguntza juridikoa eskuratzeko, eskubide hori baliogabetu egingo da. Baliogabetzeen kasuan, abokatuaren eta prokuradorearen ordainsari guztiak ordaindu beharko dira, eskubidea aitortua izan denetik. Era berean, premiamendu-prozedura abian jarriko da, ordaindutakoa berreskuratzeko.

Gora itzuli