Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi

Judizio monitorio bidez diru-kopuruak erreklamatzea

  • Aurrez aurre izapidetu

Ohiko galderak

Jakin beharrekoa

  1. Abokatua edo prokuradorea behar izango duzu erreklamatutako diru-kopurua 2.000 eurotik gorakoa baldin bada eta demandatua: a) erreklamatutako zorra ordaintzearen aurka agertzen bada; b) edo ez badu ordaintzen eta beharrezkoa baldin bada betearazpen-prozesura jotzea.
  2. Prozedura honen bitartez zorra erreklamatzeko, ezinbestekoa izango da legezko baldintzak betetzea eta prozedura hasteko behar den dokumentazioa izatea. Ez badituzu prozesu monitoriorako behar diren baldintzak betetzen, ahozko judizioaren bitartez erreklama dezakezu zorra (2.000 euro artekoa denean).
  3. Zorrak diruzkoak, mugaeguna igarota dutenak eta galdagarriak izan behar dira. Urriaren 10eko 37/2011 Legea, Prozedurak Arintzeko Neurriei buruzkoa indarrean sartu denetik, prozedura honen bitartez erreklama daitekeen diru-kopuruak ez dauka mugarik.

Zer behar duzu

  • Hasierako eskaera egiteko idazkia aurkezteko, normalizatutako inprimakia erabil dezakezu. Ziurtatu zure datuak ondo daudela eta demandatzen duzun pertsonari buruzko ahalik eta datu zehatzenak eta osatuenak eman, bera bilatzea errazteko.

Gogoratu ezinezkoa dela prozesu monitorioa aurrera eramatea ez bada zorduna aurkitzen, legeak ez baitu onartzen erreklamazio mota horretan errekerimenduak ediktu bidez egitea.

Argi adierazi diru-kopurua, interesak eta kostuak barne. Demandatutako pertsona beste kopia aurkeztu behar dira eta beste bat alderdi demandatzailearentzat.

  • Fakturak, agiriak, kontratuak, txostenak… oro har zorra egiaztatzen duten dokumentuak, hainbat modu edo euskarritan, material zein digitaletan.

Dokumentu publikoak badira, kopia soila eraman dezakezu, baina aurkako alderdiak bere kautotasuna aurkaratzen badu, originalak edo kopia konpultsatuak eraman ditzakezu.

Dokumentu pribatuak badira, originala edo kopia konpultsatua aurkeztu behar duzu. Kopia soilak ere balio du, beti ere aurkako alderdiak bere balioa zalantzan jartzen ez badu.

Nork egin dezake

Dirua zor diotela egiazta dezakeen edozein pertsonak egin dezake. Ez du behar abokaturik ez prokuradorerik prozedura hasteko.

Aurkezteko epea

Demanda edozein momentutan aurkez dezakezu.

Non aurkeztu

Zordunaren egoitza kokatuta dagoen Lehen Auzialdiko Epaitegian eta ez badakizu zein den, zorduna lokaliza daitekeen tokiko Lehen Auzialdiko Epaitegian.

Izapidetu bitartean

Epaitegiak legezko baldintzak betetzen direla ebazten badu zordunak ordaintzeko errekerimendua egingo du, 20 eguneko epean zordunak ordain dezan edo erreklamatzen zaion diru-kopuruaren aurka ager dadin.

Behin errekerimendua egindakoan, honako egoerak gerta daitezke:

  • Zordunak zorra ordaintzea; horrela gertatzen bada, jarduketak artxibatzea erabakiko da.
  • Ez ordaintzea eta idatziz aurka egiteko ere ez agertzea. Horrelakoetan, prozesu monitorioa bukatu egingo da eta betearazpen-prozesua eska dezakezu, zorra eta horren interesak ordain ditzaten. Gogoratu zorra 2.000 eurotik gorakoa baldin bada abokatua eta prokuradorea behar duzula betearazpen izapideak egin ahal izateko.
  • Ez ordaintzea eta idatziz aurka egiteko agertzea. Erreklamatutako zorra 6.000 eurotik beherakoa bada Ahozko Judizioa abiaraziko da (2.000 eurotik gorakoa baldin bada abokatua eta prokuradorea beharrezkoak dira). Eta zorra 6.000 eurotik gorakoa baldin bada, Judizio Arrunteko demanda aurkeztu ahal izango duzu, kasu horretan ere abokatua eta prokuradorea beharrezkoak izango dira. Ez baduzu demanda aurkezten jarduketei amaiera emango zaie, baina alderdi zordunak eragindako kostuak ordaindu behar izango dituzu (abokatuen eta prokuradoreen ordainsariak, etab.)

Errekurtsoak aurkeztea

Epaitegiak egiten dizkizun jakinarazpenetan argituko dizute ea ebazpena irmoa den ala horren aurka errekurtsoa jar daitekeen eta zein organo judizialetan, zein epetan eta errekurtso hori jartzeko zein diru-kopuru jarri behar duzun gordailuan.

Izapidearen kostua

Doakoa da.

Informazio osagarria

Diru-kopuruak erreklamatzeko prozesu monitorioa 2000ko urtarrilaren 7ko Prozedura Zibilaren Legeko 812 eta 818 artikuluek arautzen dute. Kontuan izan behar da urriaren 10eko 37/2011ko Legea, Prozedurak Arintzeko Neurriei buruzkoa, prozesu monitorioen diru-muga kendu egiten baitu (lehen 250.000 eurokoa zen) eta horrela Europako prozesu monitoriekin parekatzen du.

BJKNren liburuxkan informazio gehiago daukazu. Liburuxka horretan Prozesu Monitorioei buruzko eta prozedura horretan gerta daitezkeen epaien betearazpenari buruzko informazio orokorra aurki daiteke.