Biktimari Laguntzeko Zerbitzua
Delitu baten biktima izan direnek Biktimari Laguntzeko Zerbitzura jo dezakete. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren mende dagoen borondatezko eta doako zerbitzua da.
Zerbitzuaren helburua biktimei zigor-arloko sistemarekin duten harremanean laguntzea da eta edozein motatako delituen biktimei eskaintzen zaie arreta; batez ere, sexu-erasoen, etxeko indarkeriaren, larderiaz egindako lapurreten eta abarren biktima izan direnei.
Informa zaitez honi buruz
- Zer eskaintzen du Zerbitzuak
- Biktimei laguntzeko arrazoiak
- Emakumearen aurkako indarkeriaren koordinazio-zentroa
- Zurekin, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arlo judizialean laguntzeko programa
- Estatistikak eta memoriak
- Kokapena eta harremanetarako datuak
Zer eskaintzen du Zerbitzuak
Biktimei
BLZk orientazioa emango die Zerbitzura jotzen duten edozein delituren biktimei, egitura judizialarekin eta, hala badagokio, sozialarekin duten harremanari dagokionez.
Oso garrantzitsua da biktimak laguntza eta informazioa jasotzea ikerketa-sare judizialean sartzen den lehen unetik.
Biktimei arreta eskaintzeko hurrengo jarduketak egiten dira:
- Salaketa jarri aurretik orientazioa ematea eta jarraipena egitea, prozesua amaitu arte.
- Delituak sortu dion arazoari ahalik eta irtenbide egokiena aurkitzen laguntzea.
- Biktimari informazioa ematea izapide prozesalei buruz, izapide horietan dagozkion eskubideei buruz, izan ditzakeen laguntza ekonomikoei eta gizarte-baliabideei buruz.
- Beharrezkoa balitz, biktimari laguntza psikologiko eta soziala ematea.
- Beharrezkoa izanez gero, osasun- edo gizarte-zerbitzu eskudun eta egokietara bideratzea.
- Biktimari prozesu horietan guztietan laguntzea, eta, batez ere, prozesu judizialetan.
Profesionalei
Sarritan, delituen biktimekin harremanetan egoten diren profesionalek lege, terapia eta laguntza aldetik eskura dauden baliabideak zeintzuk diren jakin behar izaten dute, biktimaren egoerari ahalik eta ongien erantzuteko. Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak profesionalei horretan laguntza eman diezaieke, kasu bakoitzean egiten den azterketak horretarako beste zerbitzu edo erakunde batzuetara bideratzea komeni dela eskatzen badu ere.
Epaitegiei eta Fiskaltzei
Biktimei Laguntzeko Zerbitzuaren jarduera nagusietako bat Epaitegi eta Fiskaltzentzako txosten sozialak egitea da, biktimen egoera sozialari, pertsonalari, familiako egoerari, egoera psikologikoari, ekonomikoari eta abarri buruzkoak. Jakina, horretarako beti biktimaren baimena behar da.
Lan horien helburua Justizia Administrazioa gizatiarrago egiten eta biktimaren beharrak asetzen laguntzea da. Horretarako, eragile juridikoekin batera lan egiten da, eragile horiek beharrezkoa den informazio guztia izan dezaten.
Gizarteari
Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak gizarte-arloan ere egiten du lan, herritarren segurtasun gabezia sentimenduaren hedapena murrizteko eta moteltzeko asmoarekin.
Honakoak ditu arlo honetako zereginak:
- Delituen ondorioak jasanez gero, informazioa eskaintzea eta biktimizazioa saihesteko neurriak hartzea.
- Alor honetan inplikaturiko erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, honakoen artekoa, hain zuzen: epaileak, fiskalak, polizia, gizarte-zerbitzuak, etab.
- Herritarrek poliziaren eta Justizia Administrazioaren funtzionamenduari buruzko informazio gehiago izan dezaten lan egitea.
Horretarako, kartelak eta informazio-triptikoak banatzen ditu erakundeetan: polizia-etxe, abokatuen elkargo, epaitegi eta gizarte-zerbitzuen zentroetan, besteak beste; alor horietan lan egiten duten talde, erakunde eta herritarren elkarteekin bilerak egiten ditu, eta biktimizazioari buruzko iritzi-azterketak eta inkestak ere egiten ditu.
Biktimei laguntzeko arrazoiak
Delituzko egintza ematen denean, eragindako kalte fisiko, ekonomiko, psikiko eta sozialaz gain, biktimak talka emozional larria jasaten du, eta egoera hori areagotu egiten da sarritan, ezezaguna zaion barne-egitura juridiko-penalarekin topo egiten duenean.
Biktimak, gehienetan, ez ditu bere eskubideak ezagutzen, inork ez baitio egoera horri aurre egiteko beharrezkoa duen lege-informaziorik ematen.
Jarduketa horietan berehalako informaziorik eta laguntzarik ez izateak doktrinak "bigarren biktimizazioa" deitzen duena eragin ohi du, eta esperientzia hori, kasu askotan, delitu-jarduera bera baino kaltegarriagoa da, eta defentsa-gabezia sentimendua eragiten du.
Emakumearen aurkako indarkeriaren koordinazio-zentroa
Etxeko indarkeriaren biktimak babesteko Agindua arautzen duen uztailaren 31ko 27/2003 Legeak babes-agindua sortu zuen, zeinaren bidez, behin eskatuta eta epaileak hala adostuta, ebazpen judizialean bertan gehitzen diren bai erasotzaileari ezarritako zigor-neurri kautelarrak (indarkeria-ekintza berriak egin ditzan eragozteko) bai babes-neurri sozial eta zibilak (etxeko indarkeriaren biktimak babesteko eta babesgabetasun-egoerari erantzuteko).
Autonomia-erkidego bakoitzean koordinazio-puntu bat zehaztu da, eta epaileak hari bidaltzen dio babes-agindua. Bertatik biktimak eskatzen dituen edo beharrezkotzat jotzen diren laguntzak eskaintzen dira, komunikazio-sistema telematiko baten bidez, guardiako epaitegitik koordinazio-puntura babes-agindua azkar bidaltzea ahalbidetzen duena.
Funtzio horren helburua da babes-aginduen koordinazio-zentro moduan jardutea EAEn, eta hori da Euskadiko emakumearen aurkako indarkeriaren koordinazio-zentroaren xede nagusia. Justizia Zuzendaritzaren parte da, eta zerbitzu telematikoaren bidez garatzen ditu bere jarduketak, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan babes-aginduaren jakinarazpena bermatzen duena, hori ebazten duen organo judizialetik zentroaren bulegoetara, Bilboko Justizia Jauregiko 8. solairuan (Barroeta Aldamar kalea 10).
2014ko martxoaren 31ko Aginduaren bidez , uneko Administrazio Publikoko eta Justiziako sailburuak Euskadiko emakumearen aurkako indarkeriaren koordinazio-zentroaren egitura eta funtzionamendua arautu zituen, honako funtzio hauekin:
- Genero-indarkeriarekin lotutako neurriak dituzten ebazpen judizialak jasotzea.
- Genero-indarkeriaren biktimei BAZak eskainitako prestazioen berri ematea.
- Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Estatuaren Erregistro Zentralaren informazioa eskuratzea.
- Taldekako bileretan parte hartzea eta erakundeekin harremanetan egotea: informazio-sistema bat eratzea, genero-indarkeria egoerei jarraipena egiteko.
- Justiziarekin elkarlanean aritzeko zerbitzuen datuak mantendu, argitaratu eta eguneratzea.
- Babes-aginduari dagokionez:
- Gizarte-laguntza eta -babeserako neurriak koordinatzea.
- Biktimari eskuragarri dauden baliabide eta laguntza sozialean berri eman eta berauek eskaintzea.
- Biktimari une oro ematea egoera prozesalaren berri, baita kautela-neurrien irismenaren eta indarraldiaren berri ere.
- Estatistikak prestatzea.
Zurekin, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arlo judizialean laguntzeko programa
Zurekin programa Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bultzatzen duen eta Euskadiko Birgizarteratze Institutuak (IRSE.EBI) kudeatzen duen programa pilotua da, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei jarduera judizialetan laguntza integrala ematea du helburu.
Zurekin programak lotura estua du Biktimari Laguntzeko Zerbitzuarekin; azken zerbitzu horrek ebaluatzen baitu laguntza egokia den, eta, hala badagokio, Zurekin programa aktibatzea ahalbidetzen du.
Emakumeei laguntza integrala ematea prozedura judizialaren inpaktu emozionala arintzeko teknika eta tresna bat da, eta aukera ematen die emakumeei zenbait esperientzia estres gutxiagorekin eta baldintza ahalik eta onenetan eramateko (zitazioak, izapideak, agerraldiak…).
Laguntza emozionala eta fisikoa
Zurekin programak espazio judizialean sarrera, harrera eta gida lagunkoia egin nahi du, eta emakumeari modu integralean lagundu, honako hauek barnean hartuta:
- Informazio-laguntza: informazio egokia ematea kokapenei, ordutegiei eta Biktimari Laguntzeko Zerbitzuarekin aurretiko hitzordua ezartzeari buruz, besteak beste.
- Justizia-jauregiaren barruan kokatzeko
- Eustea: emozioei eta/edo testuinguruari eustea beharrezko denean ematen den laguntza-mota (estresa, beldurra, ziurgabetasuna …).
- Amekin joaten diren adingabeei laguntzea (sor daitezkeen oinarrizko beharrizanak aintzat hartuz: elikadura, garbitasuna, itxaronaldia …)
Prozedura
Zurekin zerbitzua hurrengo bideetatik eskatu edo abian jarri daiteke:
- Biktimari Laguntzeko Zerbitzutik (BLZ) emakumeari ematen ari zaion laguntzaren egokitasuna balioesten du emakumearen zaurgarritasuna eta egoera espezifikoak aintzat hartuta.
- Talde Psikosozial Judizialetatik eta Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitateetatik.
- Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegietatik, Zigor-arloko epaitegietatik edo Probintzia-auzitegietatik.
Zerbitzu honi buruzko informazio gehiago daukazu Zurekin, Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arlo judizialean laguntza integrala emateko programa pilotua txostenean (PDF, 1 MB) .
- Telefonoa: 944 016 741
- Email: zurekin@justizia.eus
Estatistikak eta memoriak
- Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren memoria (2022) (PDF, 855 KB) : memoria estatistikoa, Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak 2022ko ekitaldian egindako jarduerari buruzkoa.
Aurreko ekitaldietako memoriak ere kontsulta ditzakezu dokumentuen eta argitalpenen atalean.
Kokapena eta harremanetarako datuak
Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon ditu bulegoak, justizia-jauregien alboan.
Harremanetan jartzeko:
Bilbo
- Helbidea: Barroeta Aldamar, 5 | 48001 Bilbao, Bizkaia (Mapan ikusi)
- Telefonoa: 900400028 - 944016487
- Ordutegia: 9etatik 14ak arte
- E-posta: sav48-1@justizia.eus
Donostia-San Sebastián
- Helbidea: Kalkutako Teresa Plaza, 1, Lehenengo solairua | 20012 Donostia-San Sebastián, Gipuzkoa (Mapan ikusi)
- Telefonoa: 900100928 - 943000768
- Ordutegia: 9etatik 14ak arte
- E-posta: sav20-1@justizia.eus
Vitoria-Gasteiz
- Helbidea: Gasteiz hiribidea, 18, Beheko solairua | 01008 Vitoria-Gasteiz, Álava (Mapan ikusi)
- Telefonoa: 900180414 - 945004895
- Ordutegia: 9etatik 14ak arte
- E-posta: sav01-1@justizia.eus
Barakaldo
- Helbidea: Bide Onera plaza, z/g, Solairuarte | 48901 Barakaldo, Bizkaia (Mapan ikusi)
- Telefonoa: 944001031
- Ordutegia: 9etatik 14ak arte
- E-posta: SAV48-BK1@justizia.eus