Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Hasiera > Biktima > Ohiko galderak

Biktimari buruzko ohiko galderak

Eraso egin didate, zer egin behar dut auzitegiko medikuren batek azterketa egin diezadan eta kalteak egiazta ditzan?

Eraso bateko biktima zarenez, auzitegiko mediku batek balora zaitzan eskubidea duzu, betiere dagokizun epaitegian gertaerak salatu ondoren. Epaitegi horrek egingo du bidea auzitegiko mediku batek azter zaitzan. Guardiako Epaitegietako jendaurreko ordutegitik kanpo edo lesioak direla-eta osasun-zentro batean artatu zaituztenean, osasun larrialdietako zerbitzuek idatzitako mediku txostenek ere aditu-txosten balioa har dezakete.

 

Gora itzuli

Zirkulazio-istripu baten ostean, auzitegiko mediku batek aztertu behar nau?

Ikusi egin behar da. Kasu horietan, lesioak baieztatzeko eta horien eragin legala neurtzeko, zure barruti judizialeko egoitzan auzitegiko mediku batek azter zaitzan dei diezazukete. Salbuespen modura, gai zibiletan eta administrazioarekiko auzietan, ez baduzu mediku pribatu baten aditu-balorazioa ordaintzeko baliabide ekonomiko nahikorik, doako justizia jasotzeko aukera eska dezakezu. Kasu horretan, doako justizia zerbitzuko kudeatzaileak Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutua eta auzitegiko mediku bat izenda ditzake azter zaitzan eta jasandako lesioak ebalua ditzan.

Gora itzuli

Zer egin behar dut sexu-eraso baten aurrean?

Sexu eraso edo abusu baten biktima bazara eta 18 urte baino gehiago badituzu, zure salaketa edo Fiskaltzaren kereila behar da ikerketa abiarazteko. Adingabekoa bazara, Fikaltzaren salaketa besterik ez da behar. Gomendioak:

  1. Lesiorik baduzu, jo ezazu erreferentziako Ospitalera, Goardiako Epaitegira edo hurbilen duzun Komisaldegira.
  2. Ez ezazu zure burua garbitu epaitegiko mediku batek aztertu arte.
  3. Ez ezazu erasoaren uneko arropa garbitu. Gorde ezazu.
  4. Ez bota edo garbitu erasotzailearen aztarnarik eduki dezakeen objekturik: zapiak, edalontziak, zigarrokinak, erabili zuen preserbagailua edo aztarnarik eduki dezakeen beste edozer gauza.
  5. Felaziorik egonez gero (sexu orala, zakila ahora sartuz), ez jan eta ez edan epaitegiko mediku batek aho-barrunbearen lagina hartu arte.

Gora itzuli

Zer egin dezaket familia-indarkeriako egoeren aurrean?

Zurekin bizi den edo bizi izan den senitarteko edo pertsonaren batek fisikoki (kolpeak, bultzakadak...), psikikoki (irainak, mehatxuak...) edo beste modu batean (dirua eskuratzeko aukerarik ematen ez badizu, lagunekin edo familiakoekin harremanetan jartzea eragozten badizu...) erasotzen badizu, jakin ezazu Justiziak eraso horien aurka egitea baduela.

EAEn instituzioen arteko koordinazio akordioa dago Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Eudel/Euskadiko Udalen Elkartea, Fiskaltza, Legelarien Euskal Kontseilua eta Medikuen Euskal Kontseiluaren artean, Emakunderen ekimenez eta horren babespean.

Aipatutako erakundeek eskaintzen duten edozein zerbitzutara joaz (osasun-zentroak, zure udalerriko gizarte-zerbitzuak, polizia, guardiako epaitegia, Delituko Biktimari Laguntzeko Zerbitzua, etab.), jarduketa prozedura bat jarriko da martxan zu babesteko eta zure arazo horri irtenbidea ematen saiatzeko. Informazio gehiagorako: www.emakunde.es

Gora itzuli

Zer egin behar dut babes agindua eskatzeko?

Babes agindua agintaritza judizialaren, Fiskaltzaren edota segurtasun-indarren aurrean eska dezakezu zuzenean, hala nola delituko biktimei laguntzeko bulegoetan zein Administrazio Publikoen mendeko gizarte-zerbitzuetan edo laguntza-erakundeetan. Eskaera berehala helaraziko zaio eskumena duen epaileari.

Gora itzuli

Babes Agindua badut eta betetzen ez bada, Epaitegian eman behar dut horren berri?

Hala da, baina dena dela, eta etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Aginduaren Eraginkortasunerako Koordinazio Protokoloarioarekin bat etorriz, babes aginduetarako koordinazio zentrora joan zaitezke, Biktimari Laguntzeko Zerbitzura hain zuzuen ere. Zerbitzu horretan, azaldutako gabeziak egiaztatuko dituzte eta irtenbide praktikoena zein den aztertuko dute.

Gora itzuli

Zer ondorio dakar biktima batengana hurbitzeko debekuak?

Biktimarengana, bere senideengana edo epaileak nahiz auzitegiak zehaztutako pertsonengana hurbiltzeko debekua ezartzen zaionean pertsona bati, zigortuak ezin du haiengana hurbildu, dauden lekuan daudela, ez eta haien etxebizitzetara, lantokietara edo biktima maiz egoten den beste edozein lekutara ere. Era berean, halakorik bada, seme-alabak bisitatzeko edota haiekin komunikatu eta egoteko zehaztutako araubidea, epai zibilean emandakoa, bertan behera gera liteke, zigorra erabat bete arte.

Gora itzuli

Nola zitatzen dira epaiketa bateko alderdiak?

Epaileak deitutako pertsona abokatu edota prokuradore batek ordezkatzen badu, zedula aipatutako profesional horien bidez emango zaio.

Gora itzuli

Izango al du biktimak erasotzailearen prozedura- edo espetxeratze-egoeraren berri?

Biktimari inputatuaren prozedura-egoeraren berri etengabe emateko betebeharra dakar babes-aginduak, bai eta hartutako kautelazko neurriak zenbaterainokoak eta noiz artekoak diren jakinarazteko betebeharra ere. Ildo horretatik, erasotzailearen espetxeratze-egoeraren berri emango zaio biktimari une oro.

Gora itzuli